Botere betearazlearen morroi?

2020ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Orain dela aste batzuk, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Eusko Jaurlaritzak bilera eskubidea mugatzeko hartu nahi zuen neurria bidegabetzat jo zuen. Jaurlaritzaren ingurunetik erantzuna berehalakoa izan zen: porrot judizialak autogobernua zabaltzeko beharra frogatzen omen zuen. Baina, zer esan nahi zuten benetan? Subiranotasun handiagoarekin arau batzuen berrikuspen judizialari utziko geniokeela? Autonomia gehiago izanez gero Alarma Estatu zorrotzago bat ezartzeko gai izango ginatekeela?

Harrigarria bezain penagarria da botere betearazlearen, legegilearen eta judizialaren arteko banaketa eta aginduen berrikuspen judiziala ahultasun seinaletzat hartzea, sendotasunaren adierazgarria izan beharko lukeenean. Non gelditu da filosofia politikoaren eta demokraziaren oinarrizko printzipioen defentsa? Nondik dator botere betearazlearekiko morrontza?

Agerikoa da Eusko Jaurlaritzakez duela bilera eskubidearen esparru politikoa deuseztatzea helburu, eta kontua ez da hemen osasun neurrien egokitasuna eztabaidatzea. Baina oinarrizko printzipioei buruz nasaikeriaz aritzeari arriskutsua deritzot. Zoritxarrez, komunikabideetan adierazpen kezkagarriak entzuten ditugu sarritan, non, goiburu gogoraerrazetan ezkutatuta, sistema demokratikoaren zimenduak kolokan jartzen diren. Eta ez, erabaki «zilegiak» (zein «demokratikoak») ez daude per se legearen gainetik. Eta bai, botere banaketa eta oinarrizko eskubideen defentsa hertsia ezinbestekoak dira herria autokraziatik eta jauntxokeriatik babesteko.

Hari beretik, aipatutako bilera eskubidea ez da nolanahiko eskubidea: elkarte eskubidearekin batera eskubide politikoen funtsa eta aniztasun politikoaren aitorpena da. Beraz, garrantzi horretako eskubide bat botere betearazlearen Agindu soil batekin mugatu nahi izan denean, guztiz logikoa da neurri hori botere judizialaren kontrolpean jartzea. Izan ere, kontrol eraginkorraren jatorria botere banaketan dago.

Printzipio honen erroak XVIII. mendean aurkitzen ditugu. Lockek eta Montesquieuk ezagutarazi zuten moduan, botere banaketak aginte pilaketaren aurrean funtsezko babesa osatzen du.

Botere judizialaren independentziari dagokionez, 1748. urteanLegeen espirituaz liburuan Montesquieuk idatzita utzi zuen: «Ez da libertaterik, halaber, epaitzeko boterea botere legegiletik eta betearazletik bereizita ez badago». Eta askatasuna hizpide, 1776. urtean AEBetako Independentzia Aldarrikapenean koloniek, burujabetasunerako arrazoien artean, zera leporatzen zioten Britainia Handiko erregeari: «Epaileak bere borondatearen mende jarri ditu beraien karguak iraunarazteko eta soldaten zenbatekoa eta ordainketa egiteko».

Aipagarriak dira AEBetako aita fundatzaileen argitasuna eta ekarpenak: Metropolitik bereizteko eta estatu berri bat osatzeko unean, botere banaketa eta botereen arteko oreka eta kontrolak prozesuaren zutabe eta egitate diferentzial gisa ezarri zituzten. Ildo horretatik,berebiziko interesa du 1787-1788. urteetan The Federalist Papers (Federalista Agiriak) lanean teoria politikoaren arloan Madisonek, Hamiltonek eta Jayk mahaigaineratutako urrezko irizpide eta irakaspenak. Lezio guztien laburpen gisa, aproposak dira Madisonen hitzak: «Gizonak aingeruak balira, gobernua ez litzateke beharrezkoa. Aingeruek gizonezkoak gobernatuko balituzte, gobernuan ez lirateke beharrezkoak kanpo zein barne kontrolak».

Balio hauek guztiak gure herriaren ondare zibikoaren parte izan beharko lirateke, hain zuzen ere, iraganean balio eta eskubide horien urraketa pairatu izanagatik. Are gehiago, aipatutako printzipio eta eskubideen defentsa ezin da egon egunean eguneko gorabeherek eragindako erlatibismoaren menpe: printzipio eta eskubide hauek baldintzarik gabe defendatu behar dira beti.

Gure herriak estatu bat osatzea nahi badugu, bere oinarriei buruz gogoeta egin beharko genuke. Baliteke balizko estatu horrek bere izatearekin estuki lotutako aldez aurreko arazoak konpondu behar izatea (erabakitzeko eskubidea eta lurraldetasuna, besteak beste), baina Euskal Konstituzioaren zutabeak ere hausnartu beharko lirateke. Eta baliteke hori ere gure gabezietako bat izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.