Autodeterminazioaren beharra

2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Egungo 78ko erregimenarekin kontent dauden historialari eta intelektual eta alderdikide espainiar eta euskotar-euskaldunentzat ere, Franco hil ondoko trantsizio espainiarra (aski) eredugarria izan zen. Juan Carlos erregeari, Adolfo Suarezi, Felipe Gonzalezi eta Santiago Carrillori esker, frankista ohi eta opositore ohien arteko ituna tarteko, baketsuki igaro ginen Francoren diktaduratik monarkia parlamentariora eta Movimiento Nacional-etikbi alderdi estatalen alternantziara, AEBetan edo Europako estatu gehientsuenetan bezalatsuko egoerara.

Badakigu Euskal Herrian errepresioa basatia izan zela, inondik ere ez baketsua, eta alderdi-bitasunik ez dela egon, baina gurean ere, Espainiako Konstituzioa erroldaren %35ek bakarrik onartuagatik, autonomi estatutuari emandako baietzarekin, nolabaiteko zilegitasuna eman zitzaion, estatututik askatasunera errazago iritsiko ginelakoan edo, eta kontra soilik HB eta talde armatua(k) posizionatu zirela.

Alabaina, Trantsizioarekin kritiko agertu diren hainbat autore espainiarrentzat, eredugarria ez baizik etaposible zenaren frustrazioa izan zen—A. García-Trevijano, J. Navarro Estevan, J. Vidal-Beneyto, G. Puente Ojea, A. Guerra Gil, Gregorio Morán...—. 1976-1978 bitartean ez zen prozesu eratzaile demokratikorik egon. Horretarako, behin-behineko gobernu bat osatu behar zen, sufragio unibertsalez hautaturiko Gorte Eratzaileak osatzeko eta hark Konstituzioa idazteko; eta hauteskundeak demokraziaren aurkako murrizketarik gabe eta askatasun publikoen araubidean burutu behar ziren. Ez zen betekizun horietatik bat bakarra ere bete.

Felipe Gonzalez Manuel Fragarekin 1976ko martxoan elkartu zen —1974an izan zituen lehen harremanak alderdi klandestinoak frankistekin—, Gasteizko hilketen ondotik, eta urte hartako abuztuan, birritan bildu zen Adolfo Suarezekin, afaria barne, frankismoak erreforma politikorako jartzen zituen baldintzak ikasteko, eta, funtsean, haiek onartu beharraz, bere gogaideekin batean, alderdiko militanteak konbentzitzeko. Monarkia edo errepublika hautatzeko plebisziturik ez, lehendabizikoa. Handik eratorri ziren laster, indar armatuek inposaturiko estatuaren zatiezintasuna; autodeterminazio eskubiderik eza, eta autonomien Espainia; gaztelania derrigorrezkoa; beste hizkuntzak, ez; merkatu ekonomia, eta NATOn sartzea, etaEliza katolikoaren pribilegioen berrespena.

Ahaztu beharra zegoen kolpe militar faxista, klase menderatzaileek herri-klaseak menperatzeko gerra, haren ondoko 40 urteko diktaduran gertaturiko errepresioa eta eskubide zibil-politikoen urraketa larri-iraunkorrak, kontsentsuaren eta espainiarren arteko berradiskidetzearen izenean. Eta, horretan, paradoxikoki, frankismoan oposizioan egondako indarrak nabarmendu ziren: PSOE eta PCE bereziki, eta halaber beldurra ereiten ere; frankistei beren marra gorrietan amore eman ezean, berriz ere matxinada armatura joko zutela eta. Ahaztu Errepublika, ahaztu planteamendu konfederalak eta autodeterminazio eskubideak, eta 1977ko ekainean egingo ziren hauteskundeetarako prestatu behar zen, horrek ekarriko zuen eta aldaketa.

Alemaniako alderdi sozialdemokratak —Willy Brandt buru zela— eta AEBetako alderdi errepublikanoak—Henry Kissinger eta Gerald Ford—zerikusi handia izan zuten. Juan Carlos Borboikoa Kapitolioan izan zen 1976ko ekainaren 2an, zer egin nahi zuen azaltzera joanda, eta hango eliteen oniritzia lortzera.

Suarezen gobernuak ezkerreko poltsikotik ateratako Ponentzia Konstituzionalean, Puente Ojearen arabera—frankismoan eta PSOErekin ere diplomatiko izana zenez, ongi ezagutzen zituen—, honako profileko politikariek ordezkatu zituzten espainiarrak —euskaldunok ez genuen ordezkaririk izan—: bi frankista eta katoliko irmok (Gabriel Cisneros eta Manuel Fraga); hiru monarkikok (Miguel Herrero, Gregorio Peces Barba, eta Miguel Roca, katalanista, katoliko eta kontserbadorea), José Pedro Pérez Lorca transfugak eta Jordi Solé Tura PSUC eta PCEren morroiak.

Euskal Herrira etorrita, eta zehazkiago EAJrengana, Mitxel Unzetak dio eztabaida konstituzionalean EAJk ez zuela autodeterminazioaren gaia planteatu. Francisco Letamendiak eta Goyo Monrealek bai. Letamendiakzioen Nazio Batuen Batzar Orokorrak 1966ko abenduan onartu eta 1976ko martxoaren 23tik indarrean den Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunari jarraikiz —169 estatuk berretsia; tartean, Espainia—, Euskal Herriak eskubidea zuela autodeterminatzeko, eta horrenbestez, hori nola egin azaldu zuen bigarren zatian. Goyo Monrealek zioen gorago aipaturiko itun hori legedi espainolaren parte zenez gero, besterik gabe, har zitekeela autodeterminatzeko erabakia.

Kongresuko Batzordean EAJk onartu zuen Letamendiaren zuzenketa, baina gainerako bozketetan abstenitu egin ziren. Zergatik? UCDk esaten omen zien xedapen gehigarriaz hitz egin zitekeela, baina autodeterminazio eskubideaz ez —J. Ugarte (Ed.): La transición en el País Vasco y España. UPV/EHU. 1998. 190-191orr—. Itun foralaren bitartez autodeterminazio modu batera irits zitezkeela pentsatu zuten, eta foruen aurrekari historikoa egoteaz gainera, «politikoki salgarriagoa» zela.Orduan, autodeterminazio-eskubidean amore eman zuten, eskubide historikoen gaineko xedapen gehigarria adostu zuten, eta ibili-ibili eginda, orduan egindako amore emateek eta erabakiek EAJ-PSOEren Euskadi foralera ekarri gaituzte.

Pandemiak erakutsi digu, besteak beste, gure menpekotasun politikoa—eta politikoarekin batera, sozioekonomikoa eta linguistiko-kulturala— zenbaterainokoa den eta zein egoera urrikalgarrian gauden alde askotatik. Ondorio gisa, inoiz baino beharrezkoagoa dugu euskaldunok autodeterminazioa eta euskal errepublika berri bat sortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.