Koldo Izagirre

Hildako dohakabearen bizi ordekoa

2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Zutabean gora igo arau, gero eta oparoago jantzi da lur joa dirudien girlanda. Koroak on line. Ondoko palmondoaren hostoek teilatu bizkarrak eratzen dituzte. Obelisko piramidalak. Aurrerago, ikusikasgarria da gurutzadurako belar sortaren geometria. Klepsidra hegalduna. Eskuinera, hareaz erdiraino hornituriko erlojua bizitzaren laburra iradokitzikatzen. Bitxilore bi frisoan. Altzairuzko igaliek eta estukoz egin koroa bikainak inguratzen dute frontoi uztaidunaren orla. Arkupe gangailadunak han hor hemen. Eta burdin hesiak ezin konta ahala.

Halako auzoan barrena dabil.

Zeren hesi, egiazki, burdinok? Jabego pribatuarena? Bizitzaren ordezko dira, ez dakizu bizitza debekuz betea bizi dela? Aingerutxoa ontziaren gordari. Zeren irudi aingerutxoak eskuetan duen ontzia?

— Hauteskundeena, doike. Aingerutxoak hautestosterona babesten: salduak, zakilak, aluak, gezurti zikinak, lapurrak... Hain maitekiro gordetako ontziak oihu nuloz beteak!

Halako auzoan barrena dabil hildako dohakabea, oso bigarren mailakoa izan nahi lukeen Neguri batean, antza denez.

Ilargiaren hotza dasta, zuhaitzen orroa dantzu.

Haizeak errauts ale batzuk lapurtu dizkio, ezkerreko belauna ahulduz. Herrenka hasi dela ohartarazi dio Gubai enpresako segurlariak. Ez omen da deus, ez omen da deus ere. Hegoafrikatik ekarritako silestone baten ertzean jesarri da hala ere belauna ferekatuz. Hilobi gainean bihotzaren irudia osatzen duten harritxo koloreztatuei beha laguna, pentsakor.

— Lan hau kakazaharra da!

— Ez al daukazu lana baino lehenagokorik?

— Baita zera ere! Kakazaharreko lana izanda, zer espero dezakezu? Pistola emango balidate... Baina lukainka hau besterik ez daukat. Zaila da buruaz beste egitea lukainkaka. Kaka!

— Ez dizut gomendatzen burua inori besteratzea.

Linterna irazeki du morroi gazteak bere aurpegia erakusteko. Malkoak sudur hegaletara.

— Eskerrik asko nirekin hitz egiteagatik.

Utzi egin dio belauna igurzteari, ostikolako batzuk saiatu ditu. Indartu egin ote zaion belauna! Duintasun apur bat isuraldatu behar dio Gubaiko aingerutzarrari.

— Zertarako behar dituzu baliorik gabeko oihuz betetako ontziak?

Hildako dohakabearen aurpegia argitu du orain linternak.

— Zer edo zer irakur dezaten saldu, zakil, alu, gezurti zikin, lapur horiek. Nik neuk esandako zer edo zer!

Hau gaztazakila!, hildakoak bere artean.

— Goazen, kakajatorreko lana daukagu.

Agur egin die belauniko, eskuak otoitzerako baturik eta begiak itsu, kandela piztu baten ondoan garrak ileak erreko dizkiola dagoen aingerutxoak.

— Nik ere sufritu behar izan nuen bizitza. Sendatu zidaten arte.

— Zer zenuen, biziarena?

— Ez, bizitza bera sendatu zidaten. Gaitz hori, bizi beharra. Ederki bizi naiz geroztik.

Idatziak argitu ditzala agindu dio.

Beti maiteko zaitugu, zauden tokian zaudela beti zaitugulako gure artean.

— Hau duzu bizitza!

Eta altzairuzko lau garrangak eta guzti erauzi du brontzezko plaka amorruaren eskuarekin.

— Ikusi beste hori!

Gure bihotzak argirik argienaz epeltzen dituen izarra zara.

— Zer iruditzen?

Arrapostuaz futiturik, harrika botata mila puskatan xehatu du lur errea.

— Hiru hilabete daramatzat hemen, baina...

Dotore egin zenuen hegan, tximeleta bezain maitagarria zinen. Hor zaude eta hemen zaude, gure zuganakoa ez da inoiz galduko. Zure heriotza askatasunaren eredua izan zen. Zure eztitasuna gure bihotzeko atarian zizelkatua dago. Izar bat piztu duzu hor, baina hemen piztu zenuena ez du lanbroak ezkutatuko. Goi horretatik gu hobeto zaintzeko eraman zintuen Jainkoak...

Kiroldegiko gimnasioan alterak jasotzerakoan datorkion garratzak erre dio bular barnea.

— Erauzi iezadazu plaka puta hau!

Erauzi ez ezik, hildakoak txikle pilotatxo bat bihurtu du lozainaren ikurra haginetan ibiliz.

— Ulertu duzu, ezta?

Lanari ekin diote heriosuhar.

— Salduak, zakilak, aluak, gezurti zikinak, lapurrak...!

Eguzkia azaldu deneko aingerutxo otoizlariaren ileak benetan erretzearren, hilerriko kontainerrak oro daude hitz apurtuz, bihotz triskatuz, zeru lohituz, tximeleta zapalduz, maitasun urratuz, izar iratoz beteak, erran nahi baita boto nuloz.

— Bizitza bezala!

Haizea zakarrazkartu egin da, higatzen hasi zaizkio gorpuskaren atalak gure hildako dohakabeari. Igurtzi nahi izan ditu izterrak bularra besoak masailak, baina eulikaka hodei bat bihurturik aldendu da airez aire bizien bizitzatik bere bizi gordekora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.