Demokrazia, epaiketaren ispiluan

2019ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Otsailaren 12an hiritar askoren gogoan luzerako geratuko den epaiketa bat hasi zen. Ahaztea zaila izango den irudi nahiz adierazpenak utziko dituen gertakari horietako bat. Akusatuen aulkian daude 2015eko hauteskundeen ostean osatu zen Kataluniako parlament-ak hautatu zuen gobernua eta gizarte zibileko bi erakunde nagusien ordezkariak. Matxinada, sedizioa eta bidegabeko diru publikoen erabiltzea egotziz eskatzen diren zigorrak zazpi urtetik hogeita bost urte bitartekoak dira (Vox-en eskaerak ez du ezta aipurik merezi ere). Zer da, baina, funtsean epaitzen ari direna? Oro har ezinbestekoa den eztabaida juridiko teknikoan ezkutatu nahi izan den arren, ikusten ari garena ez da ustez arau zehatzak hautsi zituzten gertakari zehatzen epaiketa bat. Aitzitik, beste zerbait dela esango nuke: epaiketa politiko bat, hain zuzen ere. Hau da, hiritar guztioi dagozkigun ongi amankomunen inguruko epaiketa bat.

Lehenik eta behin, oinarrizko eskubide politiko eta zibilen bermea jokoan dagoelako. Fiskaltzaren nahiz estatuko abokatuen galderen nondik norakoak ikusita, Estatuan adierazpen, manifestazio edo elkarretaratze askatasunaren limiteak non ezartzen diren ari dira ebazten. Zer esanik ez salaketa jasaten ari direnei dagoeneko urratu zaizkien oinarrizko eskubideei dagokionez: askatasun-gabetze bidegabetik errugabetasun-presuntzioaren etengabeko urraketara. Kasu onenean, Katalunian izandako manifestaldi baketsu masiboak matxinada saiakeran anabasa gisa ikusten dituzten horiek arazo kognitibo bat dutela esan ahalko genuke. Kasu txarrenean, motibazio politiko bat daukatela. Bata edo bestea dena dela, ez dago giza eskubideen interpretazio ahalik eta zabalenaren aurka joateko aitzakiarik. Epaiketa honetan oinarrizko eskubideen berme hauek mugatu edo murrizteko ahaleginak epaiketa bera politikoa dela esateko lehen motiboa emango liguke.

Bigarrenik, legearen beraren ikusmoldea egongo litzateke zalantzan: hau da, hainbeste aipatzen den zuzenbide estatuaren ikuskera. Oro har bi ikuspegi daude honen inguruan: bermatzaile liberala eta estatista iliberala. Lehenaren funtsezko helburua hiritarren eskubideak eta askatasuna bermatzea izango litzateke. Legea, beraz, honen arabera interpretatu beharko lukete epaileek, betiere arau zehatzak gertakari zehatzekin alderatuz. Ikuspegi estatistaren arabera, aldiz, legeek eta epaileek misio zabalago bat edukiko lukete: estatua bera, kontzeptu abstraktu gisa, babestea. Honen erakusgarri nabarmenena Felipe VI.arenaste honetako adierazpenak izango lirateke: «No es admisible apelar a una supuesta democracia por encima del Derecho» (Ez da onargarria ustezko demokrazia bati dei egitea, zuzenbidearen gainetik). Ikuspegi honen arabera, legeak gizarte batean justizia eta demokrazia izan daitezen aurre-baldintza bat dira. Demokrazia tinkoetan ikusten den gisa, baina, demokrazia eta justizia ez dira legearen ondorioak, legearen aurrekariak baizik. Hala ez balitz, boterean daudenek egoera bidegabeak mantendu eta gizarte garapena oztopatzeko tresna moduan erabiliko lituzkete legeak, demokrazia eta justizia bera murriztuz. Bidezko prozedurarik gabe demokrazia garatzea ezinezkoa den gisan, demokraziarik gabe ez dago lege baliodunik. Epaiketan ikusten ari garen salaketek funtsezko printzipio hau zalantzan jarri izanak epaiketa hau politikoa dela agerian uzten du.

Hirugarrenez eta azkenik, aurrekoarekin zerikusi zuzena duen elementu bat: Katalunian bizitzen ari garen egoera ez da Estatuak ustez babestu behar dituen elementu abstraktuen (berdintasuna, hiritartasuna, justizia, demokrazia...) aurka osatu den mugimendu baten ondorioa. Katalunian azken hamarkadatan bizitzen ari garen egoerak zentzurik badu, bertan berezitasun politiko nazional baten aldarrikapena dagoelako da. Hala, ba, ezin dira salaketa jaso duten pertsonen erabakiak elementu hau aintzakotzat eduki gabe ulertu. Elementu hori ukatzea elkarrekiko aitortza ukatzea baita: bestearen menpekotasuna onartzea, alegia. Izan ere, pertsona hauek hartutako erabakiak edo bultzatutako aldarrikapenak, haietaz pentsatzen duguna pentsatzen dugula, burujabetza, legitimitate etagizarte proiektu ezberdinen arteko gatazka politiko baten parte dira. Egitasmo honi legearen indarrarekin erantzutean, egitasmoa guztiz baketsua izan denean, demokrazia beraren funtsa ukatzen da: gizataldeei elkarrekin era baketsuan nola bizi nahi duten adosteko aukera ukatzea, hain zuzen ere. Politikaren aurretik legea jartzen denean, ezberdinen artean adostasunetara iristeko aukera ukatzen da. Salaketa bera onartu izanak estatuak subjektu politiko anitzen existentzia ez duela onartzen agerian uzten du: horregatik, epaiketa politiko bat da.

Egun hauetan ikusten ari garen epaiketa pairatzen ari diren horiek, gutxi balitz bezala, izozmendi baten punta besterik ez dira. Euren atzean aldarrikapen politiko askotariko bezain zilegi baten inguruan eratutako hiritar talde zabal bat baitago, hauetariko asko jazarpen maila ezberdinak jasaten ari direla gainera. Gatazka politikoak demokratikoki konpontzeko giza eskubideen bermea, legediaren ikuspegi liberal bat eta bereizitasun politiko nazionalaren elkarrekiko aitortza ezinbestekoak dira. Halako gatazkak, ingurune demokratiko batean, era guztiz baketsuan plazaratzen direnean batez ere, negoziazioa, akordioa eta bozketaren bitartez konpondu behar direlako. Epaiketa honek konponbide hori ukatzen duen Estatu demokratiko baten gabezia larriak islatzen ditu: demokrazia espainiarra ispilu deseroso baten aurrean jartzen du, alegia. Horregatik guztiagatik, gizon emakume hauen izenean, bare bezain ozen diot: J'Accuse!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.