Biopolitika vs psikopolitika

2021eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Biopolitika, bizitzaren gobernua helburu duten teknologia, praktika,estrategia eta arrazionaltasun politikoen multzo gisa deskribatu zuen Foucaultek, gizabanakoen eta biztanleriaren bizitzen gainean boterea erabiltzeko era. Botereak gorputz sozialarekin ezartzen dituen harremanetan, bada, bizitza eta heriotza gobernatzeko erabili ohi diren estrategien politika dago. Bizitzeko erak, babesa antolatzeko sistema, mugak, mehatxuak, izurriteak —bizitzaren gobernua, finean— arautzeko era gobernagarriabihurtzen denean, biztanleria, teknologia multzo oso baten bidegurutzean kokatzen du, medikuntzaren, biologiaren, soziologiaren, psikologiaren, psikiatriaren, estatistikaren eta zientzia bitartekaritzaren bidetik eratortzen dena.

Izan bizitzeko eratan, izan gobernatzeko eratan hezurmamitzen direnestrategia politiko horiek, giza gorputzen eskala zehatzetan hezurmamitzen dira, gorputz bio-psiko-sozio-kulturalak eratuz (ezartzen dituzten erlazioetan, bizi diren lurraldeetan, garatuko dituzten gaitasunetan, bereganatutako jokabide zein afektuetan), eta biztanleriarengan hedatu eta zabaltzen dira.

Boterearen estrategiak —nekropolitika barne— botere-sare gisa hedatzen dira gizartean, norbanakoen gorputzetan sartu eta bereganatzen diren arte; begiratzea baino ez dago nola pandemiaren kudeaketa, bizitza eta heriotza administratzeko adierazlerik behinena bihurtu egin den, giza gorputzen gaineko botere harremanek eta erabaki politikoek sintetizatzen baitute ondoen biopolitikaren prozedura. Epidemiaren kudeaketa, immunitatearen borroka noiz irabaziko txertoen lasterketa eta gudu zelaian jokatu eta jokatzen ari da, borroka hori, izadia behin betirako mendean hartu nahiko zukeen gizateria ahalguztidunaren isla bihurtzen delarik.

Globalizazioaren hedapen planetarioak erakusten digu gaur egungo gorputza eta subjektibotasuna ez direla arautzen soilik (Foucaultek erakutsi bezala) gizarte erakunde harremanetatik igaroz, baizik eta, batez ere, teknologia digital eta datuetan oinarritutako merkatu ekonomiaren nagusigotik igaroz arautzen dela. Big Dataren merkatu ekonomia da egun gorputz soziala arautzeko eta gobernatzeko era. Pandemiaren eraginak areagotu baino egin ez duen datuen erabilera orokortzea, satelite bidezko zaintza informatikoaren gailu globalak garatzea, gorputz sozialaren eta subjektuen gaineko kudeaketa digitalaren ezaugarri bihurtu zaizkigu. Adimen artifiziala eta algoritmoak gidaturiko subjektu digitalaren aroaren ezaugarria da. Gizabanakoen homogenizazio eta zaintza digitalaren bide horiek barruraino sartzen zaizkigu oharkabean baina, atsedenik gabeko kontsumo gizartearen ezinbesteko ordainagiriak bailiren. Norbanakoa, gaur inoiz baino gehiago indibiduo bilakatua, Big-Brother-en plazer arautu eta kalkulagarriaren datu soil bat bihur erazten dute.

Gaur, erregimen neoliberalaren subjektua ia ukitu ezina bihurtu da, pantailetan ageri da gehienetan; apenas txanponik ukitzen duen, kreditu-txartelarekin ordaintzea aski du. Zuzenean ez, baizik hariaz bestaldetik mintzo zatzaizu, tresneriaren barruti babestutik. Gutxi kolektibizatzen da, sozialki urrutiratua, erabat indibiduoa da. Bere gorputza tresneria tekniko digitalaren atzean ezkutatzen da; protesi zibernetiko geroz eta ugariagoak darabiltza, Cybord baten atributuen desira oharkabean; sare multinazionalen (GAFAM) eskaintzaren baitan harremantzen da; kontsumitzaile digital nekaezinaren grinak arautzen du haren bizitza, kode identifikagarri batetan sintetizatu liteke bere jarduna, banku-kontu zenbaki baten hurrenkeran akaso.

Begira nola Big-Datan oinarritzen diren merkatu digitalek algoritmoen eraginkortasunean oinarritutako datu-ekonomia gailenduarazi duten. Jada, mutatu den plataformen kapitalismoan bizi gara —kapitalismo kognitiboa deitu izan dute batzuek—; errealitate garaikidean, datu batetara murrizturiko norbanakoa, ekonomia globalaren lehengai berria izatera iritsi da. Microsoft eta Apple buru direla, Silicon Valley deritzaien korporazioen irabaziak (milaka milioitan neurtzen direnak) ondoen islatzen duen datu-ekonomiaren aurpegia erakusten dute kapitalismo digitalaren arrakastaren lekuko.

Datu ekonomiaren gailur berri hori potentzialki agintekeria digitaletik gertu egon liteke, baina. Bizi dugun aroak eragin duen patroi zibilizatorioaren kolapsoaren ondorioz, gorputz subjektibotasunak leher arazi ditzakeen marko antropologikoaren aldaketa dakar. Foucaulten biopolitika zaharra gainditurik, psikopolitikaren garaian sartuta geundeke honezkero, Big data hodeietan biltzen ari den datu eta informazioen gurutzaketatik abiatuta, merkantzia gisa eskaintzeko gutako bakoitza: erabiltzailearen profil bat eta datu merkantzia bihur arazita.

Shoshana Zuboffek soziologoak «zaintzaren kapitalismoa» izendatu duenaren oinarria da, giza jokabidea aldatzeko arkitektura globala, izaera itxuraldatzearekin mehatxatzen ari dena. Hori litzateke zaintzaren kapitalismoak dakarren antolaketa soziala, zelatatutako erlauntz hiperkonektatuan ziurtasun absolutuaklortzeko lilurak elikatzen duen mundurantz, betiere, ahalik eta irabazi gehien lortzearen truke. Eta hori guztia gizaki gisa dugun etorkizuna baldintzatuz, askatasunaren murrizketa bakarrik ez, baizik gizatasun galera ere ekar lezakeen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.