Juan Sebastian Elkano

2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Bostehun urte igaro dira lehen aldiz munduaren itzulia egin zutenetik, eta Juan Sebastian Elkanorena da hori egin izanaren ohorea eta loria. Gertakari historikoak aztertzean, zenbait arazorekin egiten dugu topo: lehenik, historia ofizialaren eta historia errealaren arteko desberdintasuna; bigarrenik, gertakarien interpretazioa; eta, hirugarrenik, gertakariak bere hartan entitatetzat jotzea, gertatu diren gizartetik bakartuta.

Lehen arazoa: herrialde guztiek dute historia ofizial bat, garaileek idatzitakoa, eta historia erreal bat, bizitzak berak idatzitakoa eta normalean bestearekin bat ez datorrena. Historia ofizialak atxikimenduak sortzeko balio du, identitate markak indartzeko, eta talde etniko, erlijioso, nazional, politiko edo bestelakoen parte izatearen sentimendua sortzeko, gertaeren mitifikazioaren bidez. Objektibotasuna ez da garrantzitsuena. Bigarren arazoa: gertaeren interpretazioa; hau da, gaur egun ezin ditugu epaitu 1500. urteko gertakariak garai hartako pentsamoldearekin, era akritikoan, denbora pasatu ez balitz bezala. Hirugarren arazoa: gertakizunak bere hartan aztertzea, ez baitute zentzurik inguratzen dituen gizartetik kanpo.

1500. urtean, monarken aberastasuna estatuarena zen, eta alderantziz; ez zeuden bereizita monarkaren jabetza partikularra eta altxor publikoarena. Erregearen eta estatuaren aberastasunak bereizteko, ezinbestekoa zen Ogasun Publikoa garatzea eta herrialdeen Banku Zentralak sortzea, eta oraindik mende asko falta ziren horretarako. Estatu-monarka guztiek ondasun gehiago eduki nahi zituzten, lurraldeak anexionatuz konkistaren, aurkikuntzaren, ezkontzaren, herentziaren eta abarren bidez; hala, familiarteko eta merkataritzako ika-mikak gerra bihurtzen ziren azkenean. Aurkikuntzarako eta konkistarako espedizio guztiak arrazoi altruista eta hotsandikoz mozorrotzen zituzten, eta, hala, benetako arrazoia ezkutatzen zuten: sustatzailearen ondasunak eta aberastasunak ugaritu nahia.

Amerikaren aurkikuntzako espedizioek, Magallaes-Elkano espedizioak eta abarrek merkataritza motibazio berberak izan zituzten. Lurralde aurkitu berrien eta aurkitzeko zeudenen jabetza Portugalgo eta Espainiako monarken artean banatu zen 1494ko ekainaren 7an, Tordesillasko Itunaren bidez. Lerro ikusezin batek banatzen zituen jabetzak: Ozeano Atlantikoaren mendebaldean zegoena errege espainiarrarentzat zen; ekialdean zegoena, berriz, monarka portugesarentzat. Fernando Magallaes Portugalgo erregearen mendekoa zen, eta, Kristobal Kolonek bezala, uste zuen mendebalderantz nabigatuta espezieen uharteetara iritsiko zirela.

Magallaesek Portugalgo erregeari proposatu zion bere proiektua, espezien uharteetara iristeko bide berriak aurkitzekoa. Portugalgo erregeak ez zuen onartu, eta, beraz, Magallaesek Espainiakoari eskaini zion. Azkenean, Espainiakoak onartu egin zuen, eta bere gain hartu zuen merkataritza espedizioaren gastu gehienak finantzatzeko ardura. 1548ko Valladolideko Kapitulazioetan, Magallaes flotaren almirante izendatu zuten, gobernadore. Titulu horiek gaur egungo notarioaren agirien baliokide izango lirateke, fede ematen baitzuten lurralde berriak Espainiako erregearen jabetzakoak izango zirela. 1519an, bost ontzi abiatu ziren Sanlucar de Barramedatik, eta 240 gizon zihoazen haietan, Magallaesen aginduetara; Elkano zen merkataritza espedizioko kide haietako bat. Espedizioaren helburua zen espezien uharteetarako merkataritza bide berri bat irekitzea, mendebaldetik. Lurralde berrietako herri indigenek herrialde kolonialen garapenari jarraituko zioten. Mactanen zeudela, Magallaes hil egin zen, 1521eko apirilaren 27an. Filipinetatik etxera itzultzea erabaki zutenean, Elkanok, erregearen aginduari kontra eginez, mendebaldetik bueltatzeko agindu zuen, sasoi hartan neguko montzoiak jotzen baitzuen, eta hori ondo baitzetorkien. Beste ontzia ekialdetik itzuli zen, eta ez zen inoiz helmugara iritsi. Elkano 1522ko irailean iritsi zen Sevillara, Victoria itsasontzian, bizirik iraundako beste hamazazpi marinelekin batera, denak ere gosetuta, gaixorik eta leher eginda. Elkanok, fama ez ezik, irabaziak ere lortu nahi zituen espedizioaren bitartez, baina ez zuen lortu nahi zuen guztia. Gaztelako erregeak urteko 500 dukateko pentsioa eman zion, eta armarrian munduko bola bat gehitzeko eskubidea, non latinezko «Primus circundedisti me» inskripzioa ageri zen idatzita (Lehena izan zinen ni inguratzen). Espainiako erregeak botere eta aberastasun gehiago nahi zuen, eta mugaz haraindiko lurralde berriak eta aberastasun iturri berriak (espeziak eta abar) ez ziren nahikoa harentzat; are, garai hartan, Nafarroako Erresuma anexionatu nahi zuen.

Nafarroako Erresuma Aragoiko eta Gaztelako erresumen artean zegoen, eta luzaroan irrikatu zuten biek. Gaztela 1134an hasi zen Nafarroa konkistatzen, eta 1524an bukatu zuen konkista. Urte haietan, Gaztela Nafarroaren boterea apalduz joan zen hainbat bide erabiliz, eta, azkenean, bere helburua lortu zuen 1524an, zenbait euskal jauntxoren laguntzarekin eta Albako dukea Espainiako tertzioen buru zela. Hurrengo urteetan, Nafarroako monarkia, Frantziakoarekin aliatuta, boterea berreskuratzen saiatuko zen, baina alferrik. Magallaes-Elkano merkataritza espedizioa 1519an hasi zen, eta 1522an bukatu. Urte haietan, Albako dukeak Euskal Herrian lan egin zuen, Nafarroa konkistatzen. Egun, ahaztu egin nahi da Magallaes-Elkano espedizioa merkataritza arrazoiek bultzatu zutela, eta sinetsarazi nahi da beste helburu etereo eta espiritualagoak zeudela atzean. Xedea zen lurrei ahalik eta etekin handiena ateratzea eta ahalik eta diru gehien lortzea, gero akziodunen eta bazkideen artean banatzeko, hau da, kapitalarenjabeen artean; kasu honetan, Espainiako erregea eta beste partikular batzuk.

Egun hauetan ospatzen ari gara bostehun urte bete direla Irunen San Martzialgo gudua izan zenetik eta Getarian munduaren itzulia egin zutenetik. Horrez gain, hirurehun urte igaro dira Espainiako armada Gipuzkoan sartu zenetik, 1717ko aduana aldaketaren harira eta 1718ko Matxinada erreprimitzeko asmoz. Efemeride hunkigarri horiek gogorarazteko prestatutako jarduera guztiei kolore patriotiko espainiar bat eman nahi izaten zaie, garrantzitsutzat jotzen baita euskal lurraldeetan sentimendu hori indartzea. Lurreko eta itsasoko armadetako ofizial garrantzitsuei esku hartzeko esaten zaie. Frankismoko eta lehenagoko garaien isla zaharkitua dirudi, ospakizun zibil guztietan indar armatuek aktiboki parte hartzen zutenekoa. Herritarren kontzientziak ematen dio balioa herri baten historia ofizialaren eta historia errealaren arteko desberdintasunari.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.