Hirigintzatik eskualde planifikaziora

2019ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Lurralde antolamenduak, hirigintzak bezala, integrala izan behar du, politika sektorialak gainditu behar ditu, eta, jakina, azpiegitura handiek ezin dute aurrez erabat baldintzatu. Era berean, planifikazioak epe ertain eta luze batera lurralde batek irudikatutako asmoak bertako baliabidetara eta errealitateetara lotu behar ditu.

Baieztapen borobil eta orokor horien atzean lurralde antolamendua ulertu eta irudikatzeko modu ezberdinak daude. Izan ere, planifikatzean oso eredu ezberdinak erabil daitezke. Iritzi, metodologia, helburu edota eredu ezberdinak egon badira mahaiaren gainean. Tamalez, Euskal Herrian gehienetan eredu desarrollista gailendu da, hau da, baliabideen neurrigabeko erabileran oinarritzen dena. Eredu horren bidez, besteak beste, erdigunean zeuden hiri eta eskualdeak gero eta gehiago indartzen joan izan dira eta periferiak gero eta urrunago eta dependienteago bihurtu dira, «desplanifikazio» desorekatua lortuz.

Lurralde antolamendua politizatzea izan daiteke gakoetako bat, zaila bada ere. Horrekin batera eztabaida ireki, baliabideak egoki kudeatu, lehentasunak ezarri, lurralde kultura zabaldu eta, zergatik ez, eskala lokala gainditzen joan gaitezke parte hartze prozesuak irekitzerako orduan. Politizatzearekin batera, gure planifikazio ereduak lurraldean (hemen eta han) eta, beraz, gure bizitzetan eduki ditzakeen ondorioak begi bistan jarriko genituzke, oraingoak eta etorkizunekoak.

Eskualde mailako planifikazioak egitura transbertsalak eskatzen ditu. Batetik, orokortasunera iristeko politika sektorial guztiak kontuan eduki behar dira (nekazaritza, mugikortasuna, etxebizitza, kultura, zahartze prozesua...) eta, bestetik, ordezkari politiko, teknikari eta herritarren arteko (ez ordena horretan) elkarlana bultzatu behar da, zailtasunak zailtasun, eskualde eredu jasangarri, justu, bideragarri eta konpartitu bat izateko. Argi eta garbi, lurralde eredua eta bideratutako antolamendua zehaztea eta erabakitzea ez da elite politiko eta tekniko batzuen ardura, ez da eskualde batekinloturarik ez duen proiektu txikitzaile batena, ezta elite ekonomiko batzuena ere.

Ohiko hirigintzaren eskalatik eskualde eskalara jauzia egitea izan daiteke gakoetako beste bat, eskualdeen arteko oreka eta konexioa bermatuz. Esaterako, Iruñerriko eskalan antolamendu bateratua izateak oreka, integralitatea eta jasangarriago izateko aukera emango lioke planifikazioari. Bai, udalerriko konpetentzia erraldoiarekin topo egingo genuke, hirigintzarekin hain zuzen ere! Zein da, bestela, udalerriz gaindiko beharrak aurreikusteko plangintza eta belaunaldikako auzo «desanexionatuak» sortzea ekiditeko modua? Zein da gune urbano jarraitua, logikoa eta dentsoa bermatzen duen estrategia, hori ez bada?

Eskala jauzi hori, besteak beste, hiri eremuetan eredu trinkoen aldeko bidea markatzeko aukera bat litzateke. Horrek, beste askoren artean, gertutasuna eta lurzoruaren erabilera mistoak bermatzeko aukera ematen duelako eta, nola ez, gertuko zerbitzuak eskaintzeko aukerak areagotu. Gune urbanoetako erronkak, Euskal Herriko hirietan zein beste gune urbano gehientsuenetan ere, antzekoak izan daitezke: dentsifikazio minimoak, egitura jarraituak, hurbiltasun parametroa, eragindako mugikortasuna txikitu, energia kontsumoak neurtu, beharrezkoak diren auzo edo guneetan berregite prozesu komunitarioak eta kohesio soziala eremuen arteko oreka lortzeko.

Mundu mailakoak bezala, gure eskualdeetako errealitateak aldakorrak dira, eta horrek epe ertain eta luzerako planifikazioak zaildu egiten ditu, zalantzarik gabe. Horregatik, ezinbestekoak dira bi parametro kontuan hartzea: eskualde bakoitzak dituen baliabideak modu jasangarrian erabiltzea eta komunitateak eredu eta antolamenduaren ildoak markatzea.

Eredu indibidualizatu etapribatizatutik komunitatera

Eskualdeen errealitateak ezberdinak dira. Eskualde bakoitzaren errealitate demografiko, ekonomiko, soziala... barneko prozesuetan kontuan hartu behar dira eta horietara egokitu, horietatik abiatu.

Euskal Herrian, orokorrean, garatu izan den lurralde ereduan beharrak sortu eta «konponbide» irrealak eta luzerako hipotekak ezartzen dituztenak bideratu izan dira. Planifikazio askok energetikoki kontsumo handiak eskatzen dituzte, mugikortasuna areagotzen dute, nekazaritza eremuak txikitzen dituzte, hizkuntzan izan dezaketen eragina ez dute neurtzen edota epe motzera laburbiltzen dira. Nola uler daiteke bestela Baztango Aroztegia Proiektua? Errealitatearekin lotura ekonomiko, turistiko edota demografikorik ez duen proiektua, bailararentzat onurak ekarriko ez dituena?

Eskualdeen kohesioa eta oreka bilatze aldera, zerbitzuen eskaintzak berebiziko garrantzia du. Zerbitzuen deszentralizazio eta deskapitalizazio (kokapena eta ereduan) errealak bizi baldintzen duintzean eragin nabarmena eduki dezake. Era berean, eskualdeen antolamendu orekatuan bakoitzaren autonomia maila gero eta handiagoa izatea garrantzitsua litzateke, hau da, barnera begiratzeko prozesuetan erabakiak eta bizitzaren erdigunea bailaran/eskualdean kokatzea (ikasi, lan, zaindu, kontsumitu...). Eskualdeak zehazteko ariketan, Nafarroako Parlamentuak berriki eskualde banaketa eta kudeaketaren inguruko lege berria onartu du, eta lurraldearen planifikaziorako egitura batzuetan, eremu edota eskualde funtzioanalaren paradigma erabili izan da, hau da, historikotik, ekonomikotik, sozialetik edota mugikortasun aldetik egunerokotasunerakin zerikusia eduki dezaketenak.

Gure bizitza eredu gero eta indibidualizatuagoaren eta pribatizatuegiaren aurrean eredu komunitarioaren ideia garatzea ezinbestekoa da lurralde planifikazioari begira. Auzokide eta herritarrok bezero izatearen sindromea gainetik kentzea ezinbestekoa da subjektu aktibo izateko gure bizitza eremuan. Lurralde ereduaren gaineko erabakietan parte hartzeko aukerak ireki, aukera errealak, lurralde kultura garatzeko bide ematen dutenak eta kontziente izatea, egunerokotasunean hartzen ditugun erabakiek gure lurraldean eragina dutela. Izan ere, tamalez, lurralde kultura, orain arte, gatazken bidez garatu izan da, erantzuna eta ezinegona bideratzetik, alegia.

Horregatik guztiagatik, lurralde antolamendua politizatzea beharrezkoa da: integrala, eskualde eskalan oinarritua eta komunitatea eta autonomia ardatz dituena izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.