Tere Maldonado.

Feminismoak mundua hobetu du

2019ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Lehenengo euskal topaketa feministak 1977an egin ziren, Franco diktadorea hil eta bi urtera. Gauza asko eraldatu dira munduan eta geure ingurunean geroztik; beste asko, berriz, gustatuko litzaigukeen baino askoz gutxiago. Komeni da gogoratzea nolakoa zen emakumeen estatusa frankismoaren garaian, bai eta zer-nolako atzerapena ekarri zuen diktadurak, Errepublikarekin alderatuta. Bi hitzetan: emakumeen existentzia gizonen zerbitzurako bideratu behar zen, euren aukerak etxe-animalia eta zamaberen arteko urkilan egonik. Ikuspen horren kontra jo eta ke borrokatu ziren trantsizioko feministak, hemen zein estatuan zehar, ustezko sen oneko iritzi horiek eztabaidatu eta indargabetu nahian.

Lehenengo topaketen materialak orrazteak (eskuragarri daude Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroaren webgunean), zeina idazmakinaz egin baitzen euskara batua ezarri gabe zegoela, samurtasun modukoa sorrarazten du, niri behintzat. Lehenengo begi-kolpean, garai hartako hizkera eta egungoa ez direla berberak igartzen da berehala. Hizkera eta hiztegia aldatuz joan gara feministok, zehatzagoak eta errealitate guztien barneratzaileak izateko asmoz. Haiek «emakumearen» topaketak izan ziren, horrela, singularrean. Gero, ponentzietan eta abarretan, emakumeen aniztasuna aipatzen da han-hemenka, baina izena halakoa zen. Gero, emakumeei buruz hitz egiten hasi ginen, emakumeen aniztasuna azpimarratzen, bigarren topaketako kartelean esaten den legez. Izan ere, gizon eta emakumeen arteko diferentzia eta desberdintasuna ez da desberdintasun bakarra: geure artean ere diferentzia handiak daude, eta guztiok ez dugu modu berean jasotzen patriarkatuaren zapalkuntza. Gainera, patriarkatua beste zapalkuntzekin gurutzatzen da, kapitalismoarekin eta arrazakeriarekin kasurako, eta horietan emakumezko guztiak ez gaude leku berean kokatuak. Bigarren topaketen materialaren artean, bibliografia luzea eskaintzen zen teoria feministan sartuz joateko. Nire lehenengo topaketak izan ziren, 18 urte nituelarik (nola ez gogoratu samurtasunez!). Jakina, gauza asko ez nituen ulertu. Inoiz ez da erraza izan feminismoan murgiltzea. Asko irakurri eta eztabaidatu behar izan dugu. Ez da erraza irauli egiten gaituelako; geure burua eta geure bizitza hankaz gora ipintzen ditu feminismoak beti. Feminismoaren planteamenduak lotuta daude ez bakarrik batzuek eta besteok egiten dugunarekin (arautu daitekeena, nolabait), baizik eta geure identitatearekin berarekin, garen horrekin; geure subjektibotasuna dago mahai gainean. Askotan aurresuposatu da politikak bakarrik lehenengoarekin duela zerikusia, eta eremu publikokoa egon behar dela fokupean, pribatua esparru politikotik kanpo gelditzen delakoan. Bada, hori berori aldatzera etorri zen feminismoa. Ez da beti erraza izan eskubideak eta pribilegioak bi eremuetan agertzen direla onartzea. Aurrera egiteak askotan garen hori berregitea inplikatzen du, pertsonala pribatua delako, feminismo erradikal estatubatuarrak baieztatzen zuen modura.

Bigarren topaketen materialek erakusten dute oso goiz hasi ginela enpleguaren eta lanaren arteko bereizketa seinalatzen, ikusezina ikusarazten. Hazi horretatik sortu ziren geroago eginiko analisi zabalagoak, zehatzagoak, azpimarratu dutenak zenbat zeregin eta lan diren beharrezkoak bizitza duina eta bizigarria egoteko: itzalpean egondako eginkizunak, hain zuzen, mendeetan zehar emakumezkoen ardurakoak. Analisi horiek salatu dute txarto eginda daudela mainstream-eko ekonomiaren kontaketak, ez dituztelako kontuan hartzen emakumezkoek debalde eginiko beharrak. Hara hor XXI. mendeko gizarteek atondu behar dituzten arazo nagusietako bat: zaintzak.

Beste gai askoren artean (bakegintza eta indarkeria, lesbianismoa —horretaz ari garela, estreinako topaketatik presente egon zena, lehenengoetan «homosexualitate femeninoa» izenpean bazen ere—, ekologia eta aurrerakuntza, eta abar), 1996ko III. topaketek boterea izan zuten ardatz. Alderdi anitzetatik ikertu genuen boterea: gaitasuna eta ahalmena den aldetik, aginte politiko gisa, eremu publikoan zein pribatuan. Geure arteko botere harremanak eta hierarkiaren saihetsezintasuna nola kudeatu eztabaidagai zela (Egituren gabeziaren tirania testu ospetsuan Jo Freemanek planteatzen zuen ildotik). Buruhauste ederrak planteatu dizkigu boterearen gaineko hausnarketak aspalditik. Oraindik ezin esan harilkoa desegin dugunik. Ezkerreko alderdi politikoek nola edo hala feminismoaren proposamen batzuk eskuratu dituzte; kasu batzuetan, feministak partiduen zuzendaritza egituretan edota hauteskundeetako zerrendetan sartu dira. Aldi berean, gutako asko partiduen politikan aritzeko zein prezio ordaindu behar den bueltaka gabiltza, kezkatuta.

Hizkerak hizkera, Euskaditik Euskal Herrira pasatu ginen (baina aldaketa horretan ez naiz geldituko, oso mamitsua izan arren feminismotik haratagoko beste ikuspuntuetatik). Singularretik pluraleraino, baina beste pauso bat eman dugu azken garaietan, asteriskoa gaineratuz, generoaren zailtasunak eta labirintoak adierazteko asmoz. Puntu honetan, nire beldurra azalarazi nahi dut, gure artean erretorika hutsa leku gehiegi hartzen ari delakoan bainago. Errealitatea konplexua dela onartzeak ez gaitu hizkuntza korapilatzera eraman behar, iniziatuentzako hizkera ulertezina erabiliz. Kontzeptu berriak sortu behar izan ditu feminismoak hasieratik bertatik, kontzeptuei esker kontzebitu baitugu gizakiok mundua, izenak ematen duelako izana. Baina ez dezagun iparra gal.

Tira, IV. topaketak etorri ziren gero: indarkeria matxistaren iraunkortasunari buruzko ardura, transfeminismoaren agerraldia, eta abar eta abar. Eta, azkenik, Durangokoak. Urte hauetan jardunaldi tematikoak ere egon dira (indarkeria matxistaz, antimilitarismoaz...), gazteenak eta lesbianenak. «Su motelean luze irakinarazi dugun iraultza» garela esaten genuen Durangon orain pare bat aste, «hamaika osagai eta mila zaporekoa». Halakoa da Euskal Herriko Mugimendu Feminista, izugarri aktibo egon dena orain lau hamarkada agertu zenetik, estatuko eta munduko beste feministekin lotura estuak ezarri dituena, behin eta berriro izaera birpentsatu behar izan duena, norabidea tinko zapalkuntza gabeko gizartearen aldeko borrokan mantendu duena... baina, batez ere, gizarte bizigarriago eta hobea ekarri duena guztiontzako. Zorionak, ahizpak! Oraindik ataza batzuk ditugu aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.