Urteko egunik etsigarriena

2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Orain dela urte batzuk, Cardiffeko Unibertsitateko Cliff Arnall izeneko irakasle batek urteko egunik tristeena aurkitzeko ekuazio matematiko bat diseinatu omen zuen. Formula horrek hainbat aldagai hartzen ditu kontuan; besteak beste, eguraldi baldintzak, zor ekonomikoen maila —guztira pilatutako zorraren eta pertsonen ordainketa ahalmenaren arteko ezberdintasuna—, Eguberria bukatu zenetik igaro den egun kopurua eta urte berriari begira bakoitzak bere buruari egin zizkion promesak eta ezarri zituen helburuak beteko ez direla egiaztatzeko behar dugun aste kopurua. Osagai horien guztien konbinazio matematikoak urtarrileko astelehen zehatz bat du emaitza, ingelesez blue monday izendatutakoa.

Urte gehienetan, astelehen hori urtarrileko hirugarren astekoa da, baina beste batzuetan, ekuazioaren emaitza laugarren astean kokatzen da, baita bosgarrengoan ere. Nire hipotesia,ordea, aurtengo egunik etsigarriena urrian biziko dugula da. Izan ere, 2020 urte berezi honek bi blue monday izatea zentzuzkoa da: pandemia aurrekoa eta pandemiakoa. Eguraldi kaxkarrak, udazkenak, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen amaierak, zorren pilaketak, birusaren bigarren oldeak, ameskeria izan den uda honen eta oporren bukaerak eta aukera berrien faltak Arnall irakaslearen ekuazioarekin bat egingo lukete inongo arazorik gabe, eta, nahiz eta ni matematikaria ez izan, argi daukat zenbaketaren emaitzak datarik deprimitzaileena urriaren astelehen batean kokatuko lukeela.

Pandemiak gure mundua hankaz gora jarri du: denon bizimodua, planak, helburuak, egunerokotasuna eta lehentasunak guztiz aldatu ditu bat-batean. Ziurgabetasuna eta itxaropen falta dira nagusi hiritarren gehiengo zabal batean. Baina urteko egunik tristeenean ohetik altxatzean bi pentsamendu nagusitu daitezke gure buruetan: alde batetik, beldurra eta etsipena, etorkizun itxaropentsurik ikusi ezin duenaren pentsamoldea. Bestalde, nolabaiteko aukera berriak datozela sentitu dezakeenaren baikortasuna. Aukera bat edo bestea hiritarren buruetan nagusitzea ez da norberaren borondate kontua, ez dago ere esfortzu eta ardura pertsonalariloturik, erakundeen zereginei baizik. Agian, gure ekuazioan gehitu beharreko aldagai bat ahaztu zaigu aurretik: krisialdi honi heltzeko gobernuek hartuko dituzten erabakiak.

Azken hilabete hauetan, maila ezberdinetako gobernuak guztiz berria, ezezaguna eta konplikatua zen errealitate bati aurre egiten saiatu dira, batzuetan hobeto, beste batzuetan okerrago, baina beti epe laburrari begira. Momentuko egoerari heldu diote etengabe, testuinguruak urgentziazko neurri azkarrak eta behin-behinekoak eskatzen baitzituen. Eta oraindik eskatzen ditu. Emergentziazko errealitate hori ez da amaitu, luzerako etorri dela ematen du. Baina urriko astelehen horri aurre egiteko hiritarrok izango dugun aldartea ez da epe laburrera eta korrika batean diseinatzen diren neurrien menpe egongo, baizik eta gobernuek proiektatzen duten etorkizunaren menpe. Krisialdiek ongizatean, berdintasunean eta eskubide sozialetan atzerapausoak emateko arriskua ekar dezakete, baina aurrera egiteko aukera ere izan daitezke, gizarte bezala antolatzen garen modua goitik behera aldatzeko eta bestelako etorkizun bat eraikitzeko. Orain hartu behar diren erabakien helburua aurreko egoerara bueltatzea izan ordez, egoera berri eta aurreratuago batera bideratzea izan behar du.

Baina, horretarako, egoeraren mailan egongo diren agintariak beharko ditugu, bai udalerrietan, bai Eusko Jaurlaritzan, baita gobernu zentralean ere. Aldi berean momentuko behar urgenteei aurre egiteko eta epe luzerako jomuga diseinatzeko kapazak direnak. Eta hemen dator nire zalantza: ba al dugu horrelako agintaririk? Oraingoz jaso ditugun seinaleak ez dira oso itxaropentsuak: kurtso hasiera prestatzeko hilabeteak izan dituztenak irailera etxerako lanak egin gabe iritsi dira; osasun sistema publikoa eta lehen mailako arreta oraindik erdi paralizaturik daude osasun-langileen lan baldintzak okerrera jotzen duten bitartean, eta bigarren oldeari nekaturik eta baliabide gutxirekin egin behar diote aurre ospitaleek; martxoan gertatu zena ikusita, zaharren egoitzak babesteko adina neurri hartzeko aukera ere ez dute aprobetxatu erakundeek; eta beste hamaika konturekin orrialdeak eta orrialdeak bete genitzake.

Urteko egunik tristeena iritsi baino lehen, gobernuek bestelako etorkizun itxaropentsu bat diseinatzeko aukera dute: ekoizpen sistema eraldatzeko bidea hasi, ekonomia forma berriak esploratu (berdea edota digitala), zaintzen banaketa eta antolakuntza berdintasunerantz bideratu, lan-munduaren organizazioa berriz hausnartu, guztion biziraupen duina ziurtatu dezaken oinarrizko errenta sistemaren alde egin, eta abar. Erronka horiei denei heltzeko momentu ezin hobean daude orain gobernuak. Estatu mailan, mugatuak izanda ere, benetan sozialak eta aurrerakoiak diren aurrekontuak diseinatu eta alderdi ezberdinekin adostu daitezke, 2008ko krisialdian egin zenaren guztiz aurkakoa egin eta inor atzean gera ez dadin. Euskadin, jaio berri den Jaurlaritza utzikeria bukatu eta epe-luzeari begira jar daiteke lanean, adabakiak alde batera utzi eta benetako politika egiteko. Aukera hau hartzen ez badute, urteko egunik etsigarriena ohikotasun bilakatuko da.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.