Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Aldaera hau ere balekoa da

2021eko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Atzerapenez bada ere, txoko honetan aipatu beharrekoa da TVEko La 2 kanaleko Imprescindibles saioak ekaineko azken igandean eskainitako ia ordubeteko dokumental mamitsua, Marc Martinezen Esther Ferrer. Diálogos interrumpidos. Ia-ia astero da interesgarria Imprescindibles eta ez zuen huts egin herenegun ere, Gemma Soriano eta Manel Arranzek Jose Sacristan aktore espainiarrari buruzko lana emanez, Yo quería ser Tyrone Power dokumentala, baina astero ezin komentatuko dugu, eta Esther Ferrerri buruzko saioak, bereziki interesgarria izateaz gain, gertu harrapatzen gaitu.

Esther Ferrer bera ageri da hizketan Martinezen dokumentalean, ohi duen naturaltasunez eta bizitasunez, baina aditu askoren iritziak ere jasotzen dira, Ferrerrek artearen arloan, eta, bereziki, performancearenean egindako ekarpenaren garrantzia agerian utziz.

«Performancea bizitza da edo ez da ezer», dio Ferrerek dokumentalaren une batean, «artea egiten duzunean bizitzen ari baitzara». Eta Ferreren beste esaldi bat dakar gogora Patricia Brignogne arte historialari eta kritikariak beste une batean: «Artea errezela baten antzekoa da: garrantzitsuena haren atzean dagoena da».

Oro har, eta salbuespenak salbuespen, arteak hedabideetan duen agerpenak ez du askorik laguntzen arteari sinesgarritasuna eta balioa ematen, gehienetan anekdota eta polemika bitxi, irrigarri edo absurdoak baitira oihartzun handiena lortzen dutenak. Sarritan, artelanek merkatuan izan dezaketen prezioarekin edo sorkuntzaz besteko gai batzuekin lotuak artearekin berarekin baino gehiago.

Ez dut begien bistakoa ez den ezer esango Esther Ferrer. Diálogos interrumpidos dokumentalak artearen beste ikuspegi bat ematen duela esaten badut, arteari buruzko interesa sortzen duela, eta bestelako kontuekin gogaituta dagoen ikuslea artearekin eta artistekin adiskidetzeko bidean jar dezakeela. Eta eskertuko genituzkeela honelakoak gertuago eta geure hizkuntzan ere, EITB Kultura saioko zipriztin eder baina laburretatik harago.

Eta kezkarik gabe amaitzen dut artikulua hemen, egin nitzakeen ezin konta ahala testuen artean hauxe atera zaidalako, eta, Esther Ferrerek behiala esan zuena neure erara itzuliz, «aldaera guztiak dira balekoak, eta hau ere bai».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.