Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

COVIDa ezagutu genuenekoak

2021eko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Balio artistiko edo zinematografikoarengatik baino gehiago, lekukotasun gisa duen balioagatik merezi du ikustea Felix Colomer Vallesen Vitals. Una historia humana telesail dokumentala (HBO, 2021). Sabadellgo Parc Tauli erietxeko pazienteen eta langileen gorabeherak jasotzen ditu, duela urtebete grabatuak, iazko martxotik ekainera bitartean; COVID-19 deritzogun birusa gure artean sartu eta etxekotu berria zelarik, ordura arteko errealitatearen alderdi asko hankaz gora jarriz, eta osasungintzako langileak errealitate ezezagun eta beldurgarri baten aurrean ipiniz. HBOko katalanezko lehendabiziko telesaila dela esanez aurkeztu dute, katalanez ez ezik gaztelaniaz ere sortua badago ere, unean uneko protagonistaren arabera.

Muturreko gertakari harrigarriak edo bereziki gordin eta lazgarriak baino gehiago, lekukotasun, iritzi eta istorio aski arrunten aldeko hautua egin du dokumentalak, off-eko ahotsik eta kamera aurreko elkarrizketarik gabe, zuzenean, biluztasunez; eta sinesgarri ez ezik, gertuko ere gertatzen da kontatzen duen guztia. Protagonistek kamera aurrean erakusten duten naturaltasuna da, hain zuzen ere, dokumental honen meritu eta aberastasun nagusia, aurrean kamerarik ez balute bezala jokatzen baitute une oro. Pentsatzekoa da Colomerren eta haren taldeko kideen lanordu askoren ondorio izango dela hori.

Ez dira gutxi irribarrez ikusten diren eszena samurrak. Oro har, izan ere, egoera gogor batean esperantzari leihoak irekitzearen aldeko hautua egin baitu, antza denez behintzat, zuzendariak. Lekukotasunak hautatu eta haien muntaketa egitean, COVID-19ak kasu batzuetan izan dezakeen gogortasuna ezkutatu gabe bada ere. Pazientziarako, erresilientziarako eta are fedea izateko deia da dokumentala, eta batzuetan xede hori hain agerikoa izateak berak eraman dezake ikuslea pantailan ikusten ari denetik urruntzera.

Duela urtebete osasungintzako langileei jotako txaloen oihartzuna luzatzen du Vitalsek, eta orduan ospitalera joan beharrik gabe pandemiari etxeko balkoitik begiratzeko zortea izan genuenoi handik ikusi ezin genuen errealitatea erakusten digu, edo haren alderdi batzuk behintzat. Ez da gutxi bere horretan hori ere, baina hortik haragoko ezer eskatzea akaso gehiegi eskatzea izan daiteke kasu honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.