Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Berriro hasi

2022ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Iraila iristen denean eskola eta unibertsitate garaian bizitako sentsazio arraro bat oroitzen dut. Uda amaitzen da hilabete honetan, eta ikasturte berri bat hasten dugu. Ikasketak aspaldi utzi banituen ere, iraileko sentsazio hori beti itzultzen da.

Telebistari begira jartzen baldin bagara, programazio berria hasteko gutxi geratzen dela badakigu. Aurten, ETB1ek iraganeko saio bat pantaila txikira bueltatu digu. Mihiluze-ren itzulerak aspaldiko garaiak ekarri dizkit burura. Irailaren sentsazio hori bezala, Mihiluze-k batxilergoko eta unibertsitateko garaiak gogora ekarri dizkit. Bilboko pisuan ia egunero jartzen genuen Ilaski Serranok eta Kike Amonarrizek aurkeztutako saioa. Ez dakit zer nolako sentsazioa bizi duen Serranok itzulerarekin, baina iraganaren pisua nabarituko duelako susmoa dut.

Game of Thrones ere itzuli egin da. Telesail hori amaitu zenetik ez da hainbeste denbora pasatu.HBO Max plataformak abuztuaren amaieran The House of Dragon prekuela ekarri digu. Lan horrek iraganeko oroitzapenak ekarri dizkit, telesail berriak iraganera salto egin du. Telesail horrek 200 urte atzera egin du, eta Targaryen familiak erreinatu zuen garaia kontatzen digu. Game of Thrones ikusten hasi nintzenean asko kosta zitzaidan telesailaren jarraitzaile bihurtzen. Dragoien itzulera honekin antzeko zerbait gertatu zait. Telesaila estreinatu zen egunean Twitterren jarraitzen ditudan pertsona askok lehen kapitulua azkar ikusi zuten. Nik, aldiz, ez nuen premia hori sentitu eta telesaila beranduago ikusten hasi nintzen. Game of Thrones-ekin bezala, pertsonaia berriak nor diren ulertzen nire denbora behar izan dut.

Bi kapituluren ostean, telesailaren barnean nago eta jada nire pertsonaia gogokoenak aukeratu ditut. Edozein momentutan hil egingo dituztelako susmoa dut, baina aurreko telesailarekin bezala, inoiz ez dut jakingo noiz gertatuko den.

Irailarekin bat, zutabe honetan ikasturte berri bat hasi dut. Aurreko urtean nahiko urduri nengoela gogoratzen dut. Gaur lasaiago nago, baina hemen berriro idazteak emozio berezia pizten dit. Urte honetan aurrekoan hasitako bidean jarraitu nahi dut, eta bidean zehar asko ikusi eta ikasiko dudala badakit. Agian irailaren magia horretan datza: berriro hastea desberdina dela beti. Beraz, ekin diezaiogun!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.