Berrogeialdia

2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Orain dela bi mila urte inguru, Nazareteko Jesus deitutako pertsonaia historiko batek berrogei egun igaro zituen bakarrik basamortuan. Bere esanetan, munduan presente zeuden tentazioei aurre egin eta bere burua hobeto ezagutzeko hartu zuen aukera hori, nahiz eta bertan zegoela deabrua ere saiatu zen okerreko bidera eramaten.

Bi mila urte beranduago, eta bere basamortu horretatik urruti xamar, Europa deritzagun honetan, berriro errekuperatu dugu berrogeialdiaren ideia, hori bai, oraingoan ez tentaldiei aurre egiteko, ezta modu berantiar batean elizak haragia ez jateko bihurtu zuen horretan ere, oraingoan azken urteetako osasun krisi latzenetako bati aurre egiteko baizik.

Berrogeialdi hau norbanakoen ardura azpimarratzen duen berrogeialdia da. Jasotzen ari garen mezu guztiek begirada norbanakoarengan jarri baitute. Bakoitzaren ardura da eskuak garbitzea. Bakoitzarena metro eta erdira egotea. Bakoitzarena etxean geratzea. Ni, #etxeangeratukonaiz. Eta maila horretan, jasotzen ari garen mezu gehienek egungo gizarte egituraren oinarri indibiduala azpimarratzen dute. Guztiz beharrezkoa da, norberaren begiradatik ere hartzen ditugulako hainbat erabaki, baina ezin dira horiek ulertu beste hainbat faktore ere ulertu gabe.

Berrogeialdi hau, zerbait baldin bada, berrogeialdi politikoa da.

Politikoa, aurreko batean ZuriƱe Rodriguezek eta Jule Goikoetxeak ere orrialde hauetan bertan gogoratzen ziguten bezala, zaintza eta honen inguruko eztabaida erdigunean jartzen duelako. Ezinezkoa delako erritmo produktiboa mantentzea zaintza lanek inguratzen gaituztenean (adinekoekin, haurrekin, gure artean) eta, ezinezkoa izateaz gain, baita ez desiragarria ere. Gure lehentasunak berraztertzeko momentua da, begiradak ikusteko, eta, denok telelana ahotan dugun honetan, honen mugak ere agerian jartzeko. Nola egin telelana zaintza ardurak kontuan izan gabe? Nola ekidin telelana egin dezakegunon eta ezin dezaketen arteko arrakala? Hori erantzuten errazagoa izan daiteke bakarrik bizi direnentzat, garenontzat, baina ez, hala ere, egunero lanera joan behar dutenentzat. Nola aterako gara hemendik?

Politikoa da, koronabirusak ez baitu inongo mugarik kontuan hartzen, Sanchez Espainiako presidentearen esanetan. Baina alarma egoera aldarrikatu eta bi egunera itxi ziren Europako Batasuneko estatuen mugak. Itxi zen Irun eta Hendaia, Hegoalde eta Iparralde, banatzen dituen hori ere. Mugak kontuan hartzen ez diren honetan, Ertzaintzari aginduak berak eman zizkiola esan baitzuen Grande-Marlaska ministroak. Mugen inguruan ulertzen ez duen birusaren kudeaketa honetan, begiradak ezin politikoagoak izaten ari baitira, lidergoari eta koordinazioari dagokienez ere. Lidergo bateratuak lidergo bakarra esan nahi al du? Modu bakarrean ulertu al daiteke horrelako gaitz baten aurrean izan beharreko batasuna? Eta nola irudikatzen da krisiaren kudeaketa honetan autonomien estatua? Bideo deietan?

Politikoa da oso, dagoeneko inkestetan interpretatua ikusten genuen hauteskunde prozesu bat atzeratua geratu delako, logika osoz. Hauteskunde prozesuen oinarrizko elementua aukera ezberdinen arteko lehia da. Eta lehia horretan hiritarren informazioa izateko eta eskuratzeko aukera. Aukera hori oso mugatua daukagu egunotan. Ez bakarrik nora joan gaitezkeen erabaki ezin dugulako, baita ere informazio bide gehienetan krisi honen kudeaketak dakartzanak daudelako lehen planoan. Nahiz eta horrek ez lukeen eztabaida politikorako aukera ere murriztu behar. Kontsentsua bai. Kontrol demokratikorako bideak ere bai. Ez dezagun ahaztu zein den gure sistemaren oinarria.

Eta politikoa da, bere zentzurik zabalenean, hartutako erabakien ondorioak orain eta, batez ere, datozen hilabeteetan ikusiko ditugulako. Orain itxi dute dendariek, tabernariek, unibertsitate eta eskolek eta baita enpresa handiek ere. Horrek ondorio ekonomikoak izango ditu zalantzarik gabe jabe txikiengan, langileengan, zuntz ekonomiko guztian. Baina orain ari dira baita ere beren lanaren onena ematen osasun profesionalak, gizarte zerbitzuetakoak, kazetariak, elikadura dendetako eta okindegietako langileak. Horrek ere izango du ondoriorik, sektore horiek duten eta izango duten begiradan.

Eta hori da berrogeialdiaren azken begirada, honi emango diogun, dagoeneko ematen ari gatzaizkion erantzuna. Arestian aipatutako profesionaletako bakoitza ematen ari dena. Gutako bakoitza, gure jarrerekin ematen ari garena. Hainbat herri eta auzotan zaintza eta solidaritza sareen eraketarekin gertatzen ari dena. Asko esan gabe, bizilagunen artean ere sortzen ari direnak. Edo erakunde publikoetatik ere sustatzen ari direnak, forma ezberdinetan. Erantzunak. Ziur naiz krisialdi honetatik zerbitzu publikoak eta komunitatearen balioa indartuta aterako direla oso. Baina iritsiko da aurrerago ere horiek baloratzeko garaia.

Elizara noiz edo noiz joaten garenok (egun hauetan hori ere ez) askotan entzun izan dugu Jesus basamortutik bueltatu zenean zer gertatu zen. Aldiz, egunotan irakurketa postapokaliptikoak egiten ari direnek ere ez dakite zein agertoki utziko digun gizarte osoa igarotzen ari den berrogeialdi hau. Gauza bat argia da. Ez dezagun utzi, urgentziaren eta beharraren eta batasunaren mesedetan, argudio oro sal diezaguten. Berrogeialdietan ere, arrazoiak politikoak dira beti.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.