Koldo Izagirre

Kondenatu dohakabearen burgoskeria

2020ko abenduaren 31
00:00
Entzun
O, neguaren ederra! Eguzki xahartua kirika gaiztotan, azken orbelak hegan gure geopolitika anizten...

Nor hurreratuko da zaharkintza honetara?

Inor ez, erraiteko maneran. Bera, bera bakarrik, kondenatu dohakabea, berak egin eta berak nozitua egun nolakoa ote zaigun kuriostuta. Nolakoa ote zaion bere historia bestek kontaturik.

Babeslea Gipuzkoako Foru Aldundiaren Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritza Nagusia.

Erakunde laguntzaileak Aranzadi Zientzia Elkartea eta EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO katedra.

Frankismoari Epaiketa.

Bekainak batu ditu.

Frankismoaren Epaiketa izan zen ordea. Ez da ber gauza.

Gogoan dauka, han zutitu zen ezpataren aurrean, harrizko estatuaren estrategia batekoz bestera ipuintzen.

-Haiek ezpata, guk sega: epailea epaitu genuen.

Mato beltz luze gotorra mahai gainean. Honekin berotu zizkioten hankak eta bizkarra. Emakumezkoei ipurdia ere bai. Kale agerian. Zizel zorrotz horrekin zauriak garbitu zizkioten. Zizelaren ondoan kurrikak. Horrelakoxea eskuan zuela azaldu zitzaion lurrazpiko ziegan komisaldegiko psikoanalistetarik bat, irria zuri.

Modu errepresiboak zeharkakoak izan ziren.

-Moduak? Metodoak ziren barren. Eta zuzenak. Ez duzue entzuten azkazal kenduaren garrasia?

Nortasunaren erabilera.

Planto egin diote garunek. Berriro irakurri du.

Manifestazioa eta euskal herriaren nortasunaren erabilera erabat debekatzea.

-Baita zera ere erabiltzea debekatu! Hankapean erabiltzen zuten egunero eta, euskal herriaren nortasuna!

Euskal jaiak, mendizaleen topaketak, ikurrina jartzeak, antzerki emanaldiak eta hitzaldi literarioak.

Kendu, lurrundu, zapiz igurtzi, belarrietan jantzi. Baiki, hitzaldi literarioak herri mugimenduaren oinarrian!

Gu gira Euskadiko gaztedi berria. Libre nahi dut bihotzez, libre loturetik. Bizimodu lasai batengatik idealak galdu, bizitzaren gauza ederrenak dizkigute zapaldu. Gazte gera gazte ta ez gaude konforme.

-Haiek bai hitzaldiak!

Aulki lerroari ohartu da, akusatuen izenak eta argazkiak dauzkate itsatsiak bizkarrean. Eduardo Uriarte eta Julen Kaltzadaren artean bera.

«Zuek, gure herria zapaltzen ari zeratenok, gu epaitzeko inor ez zerate!».

Mobilizazioen ondorioz, polizia indarrek gainezka egin zuten.

-Ezti jario gainezka gozotasunez.

OPAk zazpi hilabeteko espetxe zigorra ipini zion, armadaren indarra egitatez iraintzeko joera zuten ekintzengatik.

Argazkia egin dio. Etxean aztertuko du lasai. Ekintzen joeretatik estrategia politiko bat atera liteke indarra ez iraintzeko.

Zauri larria jaso zuen.

Udazkeneko orbel polita zelako.

Alemaniako kontsularen bahiketa eta bi egunera, Burgoseko Prozesuaren ahozko ikustaldia hasi zen.

-Hau bai ona!

Alboko panelari erreparatu dio.

Comenzó la vista del Proceso de Burgos.

-Ahozko ikustaldia, Julen!

Aspertu egin da euskara irakurriz gaztelaniaz pentsatu beharreko torturan. Ez du etsi hala ere, zaildua dago garratzagoetan.

-Gaztelania irakurriz euskaraz pentsa nezake!

Fiskalak erabili zuen salaketa nagusia kontuan izanik, Frankismoaren Epaiketaren informazioak Meliton Manzanas polizia saiatuaren berri emanez hasi behar lukeela uste du gure kondenatu dohakabeak. Baina Frankismoari Epaiketa delako honek bestelako izen-abizenak dauzka mugarri, ez torturatzaile nagusiarenak.

-Orain geu izan ote ginen kausaren kausa orduan?

A manos de.

Historialariek sarritan jardun izan dute literaturaren moralik ezaz. Idazleek, noski, historiaren moraltasunaz arrapostu izan dute. Hemen —alegia, gertakari historikoen bertsio kulturdemokrata zientifiko uneskotar honetan— kontaerari berari atxikia dator morala, estilo figuren bitartez.

La misma muerte de Pardines a manos de los militantes de ETA Iñaki Sarasketa y Txabi Etxebarrieta en Aduna, recibiendo cinco tiros...

-George Floyd bezala hil genuen.

... fue respondida apenas tres horas más tarde con la muerte de Etxebarrieta como consecuencia de la acción de dos compañeros guardias civiles en Bentaundi…

Bekainak batu ditu ostera.

-Etxebarrieta ez zen hil inork eginaren ondorioz.

Hil zuten lekuan bertan, erdi gordean, eskultoreak eskultura ezarri. Poetak poema argitaratu. Kantariak abestia kantatu. Lehengo batean, kalearen erdian, Benta Haundi erdian, Xabier anaia hil zuten. Imanolek, bai, Xabier Leteren kantu letra bat egokituta herriak Laboa-Arestirena moldatu zuen bezala, goiko zeruak gorde dezala Etxebarrietan arima.

Bertsoa, kantua, hizkuntzaren alderdirik dinamikoenak, arriskutsuak zaizkio errelatoari.

-Bera barneratu zen heriotzan, konpromisoaren norainokoa erakusteko.

O, neguaren ederra!

Erauntsia azken orbelak zanpatzen!

Ez zuen ezer onik espero. Baina mintasun erregarri bat bildu du EHUk Donostiako kanpusean daukan Carlos Santamaria Zentroko Txillardegi Aretoan.

-Hi bai dohakabea, Jose Luis.

Euskalari handia euskararen eta euskaldunen torturaren lekuko lotua... in locus sapientiae.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.