Ondo heldua dute harria

Emakumezkoen Urrezko Harri-jasotze Txapelketak partaidetza zabala izan du. Hiru txapeldunak baikor daude modalitatearen etorkizunarekin.

IBON ERRATZU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2022ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 12an, txapelketa aurkeztu zuten egunean, zazpi izen agertzen ziren zerrendan, eta, azkenean, 11 emakumek hartu dute parte Emakumezkoen Urrezko Harri-jasotze Txapelketan. Aurreko igandeko Azpeitiko (Gipuzkoa) finalean hiru mailatan (maila nagusia, berrien maila eta gazteen maila) txapela jantzi zuten irabazleak «oso baikor» azaldu dira azken bi hilabeteetan egin duten lanarekin. Denak ere «harrituta» gelditu dira partaideen kopuruarekin.

KARMELE GISASOLA, 'ZELAI III.A'
«Lanak erraztu egin dira, eta pisuak jaisteak jendea erakarri du»

Azken urteetako emakumezkoen herri kirolen ikur nagusia da Karmele Gisasola Zelai III.a (Mallabia, Bizkaia, 1994). Igandean txapela jantzi zuen maila nagusian (61 jasoaldi), Lucia Orbe mendean hartuta. Garaipenaren gainetik, plazan neska berriak ikusteak poztu du gehien: «Oso gustura nago aurpegi berriak ikusi ditudalako. Argi geratu da mundu guztiak egin dezakeen kirol bat dela, ez dela soilik familiatik eratorritako zerbait. Ikusi da edozein dela gai herri kiroletan aritzeko eta txapelketetan izena emateko».

63 kiloko harriekin ibili ziren maila nagusian. Berrien eta gazteen mailan, berriz, 50 kilokoak jaso behar izan zituzten. Hori bai, denek ere lanabes berak izan zituzten: zilindro zaharra, kubikoa eta bola. Bi minutuko lana harri bakoitzarekin. Gisasolak uste du harrien pisua egokitu izana gakoa izan dela emakume gehiagok parte hartzeko: «Lanak erraztu egin dira, eta pisuak jaisteak jendea erakarri du. Gogoan dut, gu hasi ginenean, lehenengo txapelketan 75 kiloko zilindroa eta 63ko bola izan genituela».

Herri kirol eskolen lana ere goraipatu egin du: «Getxon, adibidez, orain dela gutxi arte ez zegoen herri kirol eskolarik; gainera, han biztanleria handia dago. Izeta II.a eta Joseba Ostolaza ere asko konprometitu dira».

LUR ERREKONDO
«Gehiagorako gogozutzi nau txapelketa honek»

Bere estreinako txapelketan txapela irabazi du Lur Errekondok (Usurbil, Gipuzkoa, 1995). Berrien mailan lehiatu zen, Lierni Osaren aurka. Oso gustura amaitu du aurreneko esperientzia: «Urduritasuna ezin kudeatzeak ematen zidan beldurrik handiena: kirol berria, finala... Baina amaitutakoan konturatu nintzen oso kontzentratuta egon nintzela, eta, egia esan, ez nuen espero hain ondo aritzea». Finalean 66 jasoaldi egin zituen, sailkatze fasean baino hogei gehiago.

Datuak eta nola gozatu duen ikusita, ez du bere ibilbidea hemen eteteko asmorik: «Gehiagorako gogoz utzi nau txapelketa honek. 50 kilokoarekin gustura ibili naiz, baina, azken finean, pisu hau teknika fintzeko izan da pixka bat, eta asmoa da aurrera begira Karmelerekin-eta lan egitea».

Eskubaloia utzi behar izan zuen lesioengatik. Horietako batetik osatzen ari zela, kirolik egin ezinik «aspertuta», herri kiroletara salto egiteko hautua egin zuen usurbildarrak, Xabat Olaizolak eta Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a-k lagunduta. Oso gertuko mundu bat aurkitu du: «Oso gustura egon naiz plazan. Beste harri jasotzaileekin harremana izan, elkarrekin urduritasunak kudeatu... Aurkariak izan arren, harria jaso aurreko momentu horiek oso politak iruditu zaizkit. Nik ez nekien txapelketan zehazki zenbat bilduko ginen, baina dezente gehiago izango ginela esan zigutenean poztu egin nintzen».

UDANE OSTOLAZA
«Hainbeste emakume plazan ikusteaoso pozgarria da»

Gazteen mailan irabazle atera zen Udane Ostolaza (Zestoa, Gipuzkoa, 2005), 56 jasoaldi eginda. Aroa Sanchez hartu zuen mendean. Zapore oso ona utzi dio txapelketak: «Txapela lortu dut, baina garrantzi handiagoa ematen diot sailkatze fasetik finalera egin dudan hobekuntzari».

7 urterekin hasi zen Ostolaza harria jasotzen. Harri jasotzaileen familia batetik dator, eta aita, Joseba Ostolaza, da bere entrenatzailea. Azken urteetan neska gehiago hasi izanak orain arte egin ezin izan duen gauza baterako bidea ireki dio. «Lehen ez nintzen nire adineko jendearekin lehiatzen, inor ez zegoelako. Orain arte bakarrik ibili izan naiz, edo zaharragoekin. Harri jasotzen hasi nintzenetik ez ditut hainbeste emakume plazan ikusi».

Ostolazaren eskolan bost emakume ibiltzen dira harri jasotzen. Pixkanaka bada ere, handituz doa kopurua: «Deialdi bat egin zuten eskolatik, neskak animatzeko asmoz. Hasieran apur bat kostatu zen, baina gero bat animatu zen, ondoren bestea... Bakarrik entrenatzetik taldean entrenatzera alde ederra dago». Halere, gehiago aritzea gustatuko litzaioke: «Horrela jarraituz gero, eta ikusgaitasun pixka batekin, jende gehiago animatuko da, seguru».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.