Gaztearen eskuetan utzi dute

Ordiziak Espainiako Ohorezko Mailako finala jokatuko du bihar, Santboianaren zelaian (12:00, ETB4). Araña familia sorreratik egon da klubari lotuta, entrenatzaile, presidente, jokalari edo zale moduan.

Aitor Araña, Axio Araña eta Alain araña, Ordizia errugbi taldeko bufanda batekin, Altamirako zelaian. GORKA RUBIO / @FOKU.
Iñaki Berastegi.
Ordizia
2022ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Lasaitasuna da nagusi Ordiziako Altamira estadioan (Gipuzkoa). Arratsaldeko azken ordua da, eta Iñigo Marotiasek entrenatutako taldeak, asteazkeneroko legez, atseden eguna du. Inazio Araña Axio (Ordizia, 1961) klubeko jokalari eta entrenatzaile historikoa ailegatu da lehena. Klubeko entrenatzaile izateari utzi zionetik ez da Altamirara joan zalea, nahiz eta taldearen nondik norakoei erreparatu. Haren atzetik etorri da Alain Araña (Ordizia, 2000) taldeko jokalaria eta Axioren iloba. Eta segituan agertu da hirukotea osatzera Aitor Araña (Ordizia, 1969), Alainen aita eta Axioren anaia.

Zelaira sartu dira argazkiak egitera, eta errugbiaz berriketan hasi dira. «Sant Boiko zelaia belar artifizialekoa da?», galdetu du Axiok. «Bai, honen antzekoa da», erantzun dio ilobak. Araña familia hertsiki lotuta egon da Ordizia errugbi elkartera, 1973an kluba sortu zenetik. Aitor eta Inazio jokalari izan ziren, Alain orain den moduan. Jokalari izan ostean, errugbi eskolako arduradun izan zen Aitor, harik eta 2009tik 2013ra presidente izan arte. Dena den, hiruretan ezagunena Axio da. Hogei urtez jokalari eta beste hogei urtez entrenatzaile izan zen, klubaren arorik loriatsuenean. Klubeko ikurra da. Haren aginduetara igo zen taldea 2005ean Espainiako Ohorezko Mailara, eta hura zen entrenatzaile 2011n eta 2012an Ordizia ligako txapeldunorde izan zenean eta 2012ko eta 2013ko Espainiako kopak irabazi zituenean.

2011ko ligako txapelketan bigarren amaitu zuen Ordiziak, La Vilarengandik puntu bakarrera. Ordu hartan ez zen kanporaketarik jokatu. «Ordizia tituluak lortzeko lehian aritzeko prest ikusi genuen lehen aldia izan zen», gogoratu du Aitorrek. Urtebete geroago, kanporaketak jokatuta, Ordiziak VRAC taldearen aurka galdu zuen finala, Valladoliden (Espainia): 22-10. «Taldeak jada sinesten zuen gauza handiak egiteko gai zela», nabarmendu du hirukoteko zaharrenak.

Urte hartan bertan irabazi zuen Ordiziak bere lehen titulua: kopa. Palentziako (Espainia) La Balastera estadioan izan zen, El Salvador 30-27 menderatuta. «5.000 pertsonarentzako lekua zegoen, eta horietatik 3.000 inguru Ordiziako zaleak ziren. Festa bat izan zen», gomutan izan du Aitorrek, klubeko orduko presidenteak. Hamar urte zituen Alainek. Ez du sekula ahaztuko. «Osaba entrenatzailea eta aita presidentea zirenez, taldearekin egin nuen bidaia. Nola ahaztu! Nire idoloak zirenekin joan nintzen, eta, orain, horietako batzuekin jokatzen dut».

Tituluak eskuratzeko lehian

Batekin nahiko ez, eta hurrengo urtean, 2013an, Goierriko taldeak bigarrenez irabazi zuen kopa. Santanderko (Espainia) El Sardinero zelaian; VRAC garaitu zuen: 27-17. «Bi kopa jarraian irabaztea ezustekoa izan zen, baina, ordurako, taldeak beste estatus bat zeukan. Espainiako jokalaririk onenek Ordiziara etorri nahi zuten. Klubak seriotasuna transmititzen zuen, bai zelaian eta bai bulegoetan», azpimarratu du presidente izandakoak.

Kopako finalak aipatuta, ezinbestean, 2012an eta 2013an bizitako harrerekin gogoratu dira hirurak. «Gauza handia izan zen; a ze jendetza bertaratu zen!», dio Axiok. «2012koarekin akordatzen naiz gehienbat. Festak zirela zirudien. «Bizitakoa ikaragarria izan zen», erantsi dio Aitorrek.

Kuadrilla bat hasi zen 1973an errugbian Ordizian; ia berrogei urte geroago, herriak bere-berea du kirol hori. Hastapenez oroitu da entrenatzaile ohia: «Meritu handia izan zen kluba sortu eta aurrera eramatea, urte askoan oso kaskarra izan baitzen egoera. Hernanin eta Lazkaon jokatu genuen aurrena, Ordiziako Trevijano ospetsura joan aurretik».

Trevijanoko lokatzetan hasi zen Ordizia oinarri sendoak ezartzen: 1979tik 2009ra jokatu zuen han. «Pixkanaka gora egiten hasi ginen, eta, jendea erakartzen hasi ginenez, egitasmoa indarra hartzen hasi zen», azaldu du Axiok. Hala, CAFek utzitako lurrak alboratu, eta Ordiziako Udalak kirol instalazio berriak egin zituen Altamiran futbolarentzat eta errugbiarentzat. Aitorren ustez, klubaren garapenean «funtsezkoa» izan zen aldaketa hura: «Beste dimentsio bat hartu genuen aldaketa harekin. Hasieran, belar artifizialean jokatzearen aurka geunden asko, baina, onartu behar da aldaketa onerako izan dela. Arlo teknikoan batik bat».

Belar naturalean jokatzea gauza bat da, baina aste barruan hartan entrenatu eta partidak prestatzea beste kontu bat da, Axiok ongi gogoan duen moduan. «Argi gutxi, eguraldi petrala eta nahi genuen moduan ezin entrenatu ahal izatea. Aldaketa, dudarik gabe, onerako izan zen».

Halabeharrez aurrelarietan oinarritzen zen orduan Ordiziaren joko estiloa, baina 2009an zelaia aldatzeak aukera eman zion taldeari joko aberatsago bat, azkarragoa eta teknikoagoa, egin ahal izateko aurrerantzean.

Edonola ere, zelaia aldatzearekin batera, beste mugarri bat ere izan zuen klubak: Jim Dixon zuzendari teknikoaren etorrera. Haren eragina ez du ahaztu nahi izan Aitorrek: «Hark ulertarazi zigun errugbi klub baten egiturak nolakoa izan behar duen. Besteak beste, orduan hasi ginen etxeko jendea entrenatzaile izateko prestatzen. Lehenengo ikastaro haietan aritu zen, adibidez, Iñigo Marotias».

Hamarkada bat geroago,Ordiziak aukera dauka palmaresari bere historiako lehen liga gehitzeko. Horretarako, Santboiana menderatu beharko du bihar, Sant Boi de Llobregaten (Herrialde Katalanak). 12:00etan hasiko da partida, eta ETB4k zuzenean emango du.

Denboraldi honetan partida bakarra jokatu dute elkarren aurka, Altamiran, eta Ordizia nagusitu zen: 34-32. Haatik, ez da erraza izango, aurkariaren zelaian jokatuko baita finala, eta Kataluniako klubaren mendeurrenean. «Partida oso fisikoa izango da. Puntuak sartuko dira, baina ez dut uste ez bata ez bestea markagailuan asko aurreratuko denik». Halako neurketa espero du Alainek, eta iritzi berekoa da haren aita. «Baliteke gakoa zera izatea, galtzen joan arren markagailuan gertu egotea. Valladoliden erakutsi bezala, orokorrean, Ordizia Santboianaren gainetik dago arlo fisikoan. Txispa gehiago dugu. Oro har, bi taldeek nahiko joko antzekoa dugula esan genezake». Baiezkoan da semea. «Eurak baino oldarkorragoak gara, fisikoagoak, eta baita zertxobait handiagoak ere. Partida orekatua izango da. Beraz, nire ustez, baliteke alde mentalak baldintzatzea partida».

Presioa, Santboianak

Finala jokatzeko, El Salvador ligako liderra menderatu behar izan zuen Ordiziak, Valladoliden. «Uste dut Santboianak errespetu handiagoarekin jokatuko duela gure kontra El Salvador menderatu genuelako. Inor gutxik espero zuen guk han irabaztea». Horrez gain, presioa norbaitek badu Sant Boiko taldeak izango duela iritzi dio Aitorrek. «Euren zaleen bultzada badute ere, mendeurrena denez, guk baino presio handiagoa izango dute».

Santboiana motibatuta egon badaiteke, zer esanik ez Ordizia. Izan ere, zendutako Kawa Leauma lagun eta jokalariari eskaini nahi diote garaipena. «Oso gogorra izan da. Taldeak egoerari buelta emateko izan duen gaitasuna txapela kentzeko modukoa da. Ezin da hori ahaztu, baina, hein batean, final honetan lagungarri izango zaie Kawaren oroitzapen hori», aipatu du Aitorrek Altamirako bideo gelan. Gelako paretetako batean zintzilik dago zeelandaberritarraren kamiseta. Agindu dutenez, Kawaren jaioterrira eramango dute garaikurra.

Bitan ligako txapeldunorde izan eta bi aldiz kopa irabazi ostean, orain hirukoteko gazteenari dagokio aitak eta osabak beste askoren laguntzarekin hasitako bidea biribiltzea; liga desiratua irabaztea. Gazteenaren eskuetan utzi dute zeregina, baina guztien artean egingo dute bultza. Kawa ere prest dago horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.