Sokari tinko heldu behar

Lur Gaineko Munduko Txapelketa jokatuko da gaurtik igandera, Holtenen, Herbehereetan. Gaztedi, Goiherri eta Mutriku ariko dira taldekako lehian, eta euskal selekzioa herrialdekoan

Euskal Herriko tiratzaileak eta ordezkariak, Loiuko aireportuan, Herbehereetara abiatu aurretik. GU ERE BAI!.
Lur Gil.
2022ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Gogoangarria izan zen duela bi urte Getxon (Bizkaia) jokatutako Lur Gaineko Munduko Txapelketa. Erronka handia izan zen pandemia batean txapelketa antolatzea, baina ekitaldia arrakastatsua izan zen, eta emaitzak ere ezin hobeak izan ziren; urrezko bi domina eskuratu zituen euskal selekzioak; hiru dira jada —Malmon (Suedia) irabazi zuen lehenengoa, 2016an—.

Holtenek (Herbehereak) hartu dio lekukoa Getxori. Bertan jokatuko da Munduko Txapelketa, gaurtik igandera. Herbehereetakoa da Maaike Hornstra Nazioarteko Sokatira Federazioko (TWIF) idazkari nagusia. Txapelketa antolatzen eman du azken urte luzea. Getxon baino maila hobea espero du: «Pandemiaren eraginez, ez ziren talde guztiak aritu Euskal Herrian. Herbehereetara, ordea, talde gehiago etorri dira [91], tartean Hegoafrikako eta AEBetako selekzioak».

23 urtez azpiko eta junior mailako lehia ere jokatuko da; Getxon ez zen egon. Hala ere, ezinegona du Hornstrak. TWIFek «erronka zaila» duela azaldu du: «Etorkizuna krisi ekonomikoak baldintzatuko badu, zailtasun ugari espero ditugu munduko txapelketetan parte hartzea bermatzeko».

Getxon baino bi selekzio gehiago ariko dira Holtenen: hamaseitik hemezortzira. Hala ere, azken orduan Indiaren eta Galesen hutsak izan dira. Betikoak dira indartsuenak: Suitza, Ingalaterra, Eskozia, Taiwan, Alemania, Herbehereak eta euskal selekzioa.

Munduko Jokoek eta Belgikan zein Ingalaterran jokatutako nazioarteko txapelketak kirol mailaren erakusle izan dira. Birminghamen (Alabama, AEB), Munduko Jokoetan, Suitza nagusitu zen gizonezkoetan, eta Taiwan emakumezkoetan. Olinpiar txapelketa denez, euskal selekzioa ezin izan zen lehiatu, ez baitu ofizialtasunik Nazioarteko Sokatira Federazioaz gaindi.

Laguntza eskatu dute

Jose Mari Markaida nazioarteko epailearen ustez, «zaila» izango da Getxoko arrakastari segida ematea: «Nire iritziz, ez da maila ona egon Euskal Herriko Txapelketan. Gure tiratzaileen mailatik koska bat gorago ikusten ditut nazioarteko beste talde batzuk».

Getxoko Munduko Txapelketa mugarri izatekoa zen euskal sokatiran, baina, oihartzun handia izan zuen arren, espero zen bultzadarik ez du izan kirolak. Adibidez, talde bat gutxiago ariko da Herbehereetan: Getxo. Kritiko da Markaida: «Taldeek beren lana egiten dute, baina gehiago behar da: lur gaineko sokatira bultzatu behar dute federazioek eta goragoko erakundeek. Bestela, ezinezkoa da talde gehiago aritzea eta kirol maila hobetzea».

Azken urteotan, Laukizko (Bizkaia) Gaztedi izan da euskal talderik indartsuena. 2020an irabazitako urrezko bi dominei aurtengo Euskal Herriko txapel guztiak gehitu dizkio. Hori dela eta, Jon Iñaki Mardaras prestatzaileak «esperantza handia» dauka: «Bi aldaketa egin ditugu talde nagusian, eta talde indartsua dugula esango nuke; iaz baino entrenamendu gehiago egin ditugu sokan». Gizonezkoen 560 kiloko maila dute begiz joa, eta beste urteetan baino pisu handiagoko zortzikoa sartu dute maila berean, dieta eta entrenamendu gogorragoak behar izan arren.

Emakumezkoen mailan ez da erraza jakitea euskal tiratzaileen maila. Izan ere, Euskal Herrian ez dago haientzako txapelketa berezirik. Arrazoia da talde bakarra dagoela: Gaztedi. Dena den, entrenamenduetan sokari presio handia sartzen diotela dio Mardarasek; emakumezkoen zortzikoaren «indar handiaren seinale» dela azpimarratu du.

Kirol maila ez ezik, lehia baldintza dezaketen beste faktore batzuk ere badaude: eguraldia, lur mota, eta taldeen zozketa, besteak beste. Euskal Herrikoa baino lur bigunagoa da Herbehereetakoa: hareatsuagoa. Bizkaitarrak lur mota guztietan entrenatu dira, eta prest dira baldintza guztietarako. Beldur handiagoa dio Mardarasek zozketari: «Talderik indartsuenak tokatzen bazaizkigu, lan zailak izanen ditugu; lur hareatsuan tiraldi luzeak izaten dira, eta hustuta irits gaitezke finalerdietara».

2020ko txapelketako urrea lortuta erretiroa hartzekoa zen Jose Antonio Goirigolzarri Litri Gatikako (Bizkaia) semea ere arituko da Holtenen, 62 urte beteta.

Beste muturrean, gazte ugari ariko dira Goiherrin (Erandio, Bizkaia) eta Mutrikun (Gipuzkoa). Goiherrik lur zein goma gainean harrobi ederra duela erakutsi du azken urteetan; ondo aritu dira, gainera. Munduko bigarren txapelketa izango dute askok, eta, Getxon eskarmentua hartuta, ez dute hasiberriaren lotsa izanen.

Mutrikuk ere aldaketak izan ditu zortzikoan, lan kontuengatik. Javier Urresti (Ondarroa, Bizkaia) prestatzaileak argi du «zaila» izanen dela aurrean aritzea, baina, dioenez, «gustura» aritu dira Euskal Herriko Txapelketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.