Derbi baten traza izango du finalak

Tolosak eta Lazkaoko LAPKEk jokatuko dute XVII. Berria Txapelketako finala, bihar, Hernaniko pilotalekuan, 17:00etatik aurrera

Tolosa taldeko Kadete mailako aurrelari Jokin Tolosa, pilota astintzen, Gazteleku taldearen aurka. IDOIA ZABALETA / FOKU.
jon eskudero
2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Hiru hilabete pasako lehiaren ondoren, Euskal Herriko bi pilota elkarte onenek bihar jokatuko dute XVII. Berria Txapelketako finala, Hernaniko udal pilotalekuan, 17:00etatik aurrera. Lehiaketaren aurkezpen egunean faborito nagusitzat jotzen ziren bi elkartek neurtuko dituzte indarrak: Tolosak eta Lazkaoko LAPKEk. Hain zuzen, kilometro gutxiren bueltan maila oneko pilotariak dituzte biek, eta derbi kutsua izango du.

Oreka eta emozioa aurreikus daitezke finalaren atarian, eta pilotariak ilusioz gainezka dituztela nabarmendu dute bi klubetako ordezkariek: Mikel Olaetxea Tolosakoak eta Jabi Gelbentzu lazkaotarrak. Haien esanetan, bi elkarteentzat ere egun garrantzitsua izango da, urte osoan egiten duten lana saritzen baitu Berria Txapelketak.

Gelbentzuren hitzetan, motibazioz beteta daude finala jokatzeko, lortu baitute aspalditik jomugan zuten helburua. «Urte asko daramatzagu pilotaren harrobiarekin lanean, eta azken urteotan gorakada izan dugu. Urte osoko lanean sinesten dugu, eta, txapelketa honetan hiru finalerdi galduak izan ondotik, aurten jokatuko dugu estreinakoz finala. Hitz handiak dira guretzat».

Tolosaren izena ohikoagoa da txapelketaren historian, baina Olaetxeak aitortu du gero eta zailagoa zaiela bi onenen artean sartzea. «Pilota elkarteek boladaka funtzionatzen dute askotan, eta aurten urte polita tokatu zaigu. Batez ere garrantzia ematen diogu behe mailetako gazteekin lan egiteari. Gogotsu joango gara».

Tolosako entrenatzailearen iritziz, Berria Txapelketak sortzen du zerbait berezia elkarteen barruan. «Guri izugarri interesatzen zaigu lehiaketa; pentsa, barne araudian idatzita daukagu txapelketa honi prestigioa eman behar zaiola». Izan ere, afizionatu mailako pilotari asko eta asko txapelketa pribatuei begira bizi dira, eta lehiaketa honek beste zerbait sustatzeko modua ematen du. «Batetik, kadete, gazte eta nagusi mailetako pilotarien harremana bultzatzen du, denek bat eginda jokatzen dutelako. Eta, bestetik, klubaren benetako osasuna adierazten du».

Iritzi berekoa da Gelbentzu ere. «Elkarteka joka daitekeen txapelketa bakarra da, eta izugarrizko garrantzia ematen diogu parte hartze hutsari. 2010ean kluba profesionalizatu genuenetik, maila txukuna lortzen ari gara adin guztietan, eta halako final batean jokatzeko aukera izateak lanean segitzeko gogoa bultzatzen du».

Tolosari dagokionez, hiru kanporaketa gainditu behar izan ditu finalerako bidea egiteko. Kanpoan utzi ditu, hurrenez hurren, Galdakaoko Adiskide, Andoaingo Gazteleku eta Ultzamako Buruzgain. «Zalantza askorekin ekin genion lehiaketari, garai hartan pilotari dezente genituelako lesionatuak. Lehen kanporaketan estu samar ibili ginen. Gerora, ia pilotari berekin jarraitu dut, eta oso pozik nago haien lanarekin. Sasoi onean iritsiko gara finalera», esan du Olaetxeak. Lazkaotarrek ere hiru jaialdi izan dituzte finalera bitarte: Markina, Doneztebeko Erreka eta Iruñeko Oberenari irabazi diete. Finalerdietan sufritu behar izan zuten gogotik. «Oberenaren aurka gorriak ikusi genituen, nagusien mailan zazpi tanto egin behar eta ezinean ibili baikinen. Horregatik, finalerako badakigu tanto bakoitzak izango duela garrantzia».

Finala, 'Berria.eus'-en

Finalari begira, estu izango dira pronostikoak, baina baliteke lazkaotarrak apur bat faborito izatea. Izan ere, kadeteen mailan baliteke Goierrira egitea puntuak, eta nagusietan Tolosara. Ondorioz, gazteen arteko lehia erabakigarria gerta daitekeela uste dute biek. Kadeteetan, Izagirre eta Karregal lazkaotarrak ariko dira Tolosa eta Castro tolosarren aurka. Gazteetan, Zubizarreta-Telleriak eta Amondarain-Gabirondok neurtuko dituzte indarrak. Azkenik, nagusietan esperientzia handiko lau pilotari ariko dira: Senar-Garmendia Lazkaotik eta Elola-Aizpuru Tolosatik. Hain zuzen, Elolak bertan behera utzi zuen finalerdietako partida, ukalondoanlau puntu eman zizkiotelako. Antza denez, prest izango da biharko. Finala Berria.eus webgunean ikusi ahal izango da zuzenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.