Arrauna

Distantziak ez ditu aldendu

Galiziako klubak klasikoak dira maila nagusian. Ontzi gehienak euskal ontziak dira, baina Galiziakoak betidanik aritu dira lehian Euskal Herriko uretan. Gaur eta bihar etxean arituko dira.

Tiraneko arrraunlariak, Hondarribian jokatutako estropadan. AITOR ARRIZABALAGA / ACT.
pettan uralde
2023ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nork esango zienAnxo Martinez (Vilagarcia de Arousa, Galizia, 1993) eta Maria Rodriguezi (Vigo, Galizia, 1999) astero 600 kilometro egitera ohituko zirenik. Beraiek ere ez zuten imajinatzen hau guztia hasi zutenean. Martinez kimu mailan hasi zen arraunean, lagun batzuekin batera uda batean probatu ondoren. 2004tik, ez du etenik izan haren ibilbideak, eta dagoeneko zortzi urte egin ditu Eusko Label ligan, guztiak Cabo taldean. Rodriguezek, berriz, lehen urtea du goi mailan. Aurten sartu dute Tiran Euskotren ligan, eta lehen aldiz ari da Vigoko gaztea Euskal Herriko uretan lehiatzen. Rodriguez ere txikitan hasi zen arraunean, ustekabean traineru bat uretara ateratzen ikusi zuenean. Galiziako talde batekin Euskal Herriko taldeen aurka lehiatzeak eragiten duenaren inguruan hitz egin dute biek.

Anxo Martinezek ibilbide oparoa du arraunean. Euskal Herriko talderen baten eskaintzak izan baditu ere, Galizian geratzeko hautua egin zuen. Ez da damutu. «Azkenean, eragin handia du hemen duzun bizitzak, eskaintzen dizutenak, taldearen egoerak... faktore asko daude. 18 urte izango banitu eta eskaintza iritsiko balitzait, agian bai, baina bizimodu egonkorra izanda, oso zaila da hara joatea». Horrek ez ditu kentzen urteroko sakrifizioak. «Ia astero bidaiatzea gogorra da. Urte asko daramatzagu hau egiten, eta azkenean ohitu egiten zara, baina azkenean, alde handia dago. Gu, Galiziatik ostiraletan abiatzen gara, eta euskal taldeak ia larunbat arratsaldean iristen dira estropadara. Igandeetan, adibidez, arratsalde osoa ematen dugu bidaian, eguna aprobetxatu ezinik».

Rodriguezek lehen esperientzia du, baita haren taldeko arraunlari beteranoek ere. Izan ere, emakumeen arraunak bilakaera mantsoa izan du, eta aurten sartu dira Euskotren ligara Galiziako lehen bi taldeak. «Vigon oso zaila zen txalupa bat osatzeko adina neska aurkitzea. Lehenengo urtean, Groveko eta Meirako neskekin elkartu ginen. 50 minutu gidatu behar genuen elkartzeko. Tiran indartu den arte. Hazten ari den kirol bat da: gero eta neska gehiago ikusten dira, harrobia dago, eta badirudi jada ez dagoela hainbeste arazo». Aurrerapausoen bitartez indartzen ari da emakumeen arrauna Galizian, eta Rodriguezek dio Tiranen neska «asko» ikusten direla «ilusio handiarekin». «Erreferentetzat gauzkate, eta horregatik jarraitzen dute. Nik, gaztetan, ikusten nuen nola aritzen ziren arraunlaririk helduenak, orain gu garenak, eta horrek lotura sortzen du».

Bistakoa da bi arraunlariak egoera desberdina bizi dutela kirol berberaren barruan, nahiz eta Euskal Herriko taldeen aurka lehiatzen diren. Martinezek «higadura ekonomikoan» jarri du arreta: «Ikaragarria» dela dio. «Aurten, gainera, emakumezkoen taldea dugu Euskotren ligan, eta gastuaren ia bikoitza da. 40 bat pertsona mugitzen gara, horrek dakarren guztiarekin. Euskal taldeek ez dute halako gasturik». Hala ere, lehiak dituen «ondorioak» direla esan du. «Zenbat eta gehiago lehiatu onenekin, orduan eta maila handiagoa izango duzu, zalantzarik gabe. Hazi nahi duen edonork esan dezakeela uste dut. Horren adibide garbia Meira da. Iaz, Galiziako Ligan nagusi ziren, eta nahi zuten bezala irabazi zuten. Baina guri ezin izan ziguten aurre egin, eta igoeran ikusi zen Lekeitiok, 11. izanik, maila handiagoa zuela besteek baino. TKEn arraun egin duen edonork badaki hogei estropadetan lehiatu behar dela. Gu horretarako gaude hemen».

Esperientzia aberasgarria

Rodriguezek, ordea, lehian jarri du arreta, aurten izan baitute lehen hartualdia. «Hasiera-hasieratik, esperientzia oso ona izan da. Maila, seriotasun eta konpromiso handia dagoela ikusi dugu. Guretzat, aurrerantz ematen dugun pauso txiki bakoitza garaipen bat da. Lehiakorragoak izan nahiko genuke, baina maila pertsonalean eta psikologikoan hobetzen ari gara. Pozik gaude lantzen ari garenarekin, eta ildo horretan jarraitzea espero dugu, datorren urtera begira aurrerapauso bat emateko».

Eusko Label eta Euskotren ligek Galizian jokatzen duten bigarren asteburua hasiko da gaur. Lehen jardunalditik ez dira aritu bertan galiziarrak, eta «gogoz» daude etxekoen aurrean lehiatzeko.Bi arraunlariak bat datoz bidaia «gehiegi» egiten dituztela denboraldi osoan, eta horrek «zama» dakarrela uda amaierarako.

Gaur eta bihar, autobusa aparkatu, eta «atseden» hartuko dute. Gaur, Moañan arituko dira (17:30, ETB1), eta, bihar, Boiron lehiatuko dira (11:25, ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.