Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Garaian garaikoa

2018ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Euskarazko (helduentzako) telesailik gabeko tartea baino luzeagoa egingo zitzaizun agian. Game of Thrones-en denboraldi berrirako itxaronaldia baino astunagoa. Edo kontrara, abuztuko Gaur Egun bat baino laburragoa akaso. Berdin dio. Bukatu da uda —uste hori oso zabaldua badago ere, iraila ez baita uda, inolaz ere—, eta eskerrak. Bukatu dira jai handi eta Aste Nagusiak, ditxosozko suak, aurre denboraldiko norgehiagokak, funtzionarioen opor egunak, astelehen-astearte-asteazken iluntzetako garagardoak, eta «lasai, uda da» aitzakiapean hartutako lizentzia guztiak. Akabo.

Orain iraila dator, bere asmo handiegi, koaderno berri eta izen emate optimistekin. Hasiko dira egunak laburtzen, gizenduko dira pixkanaka egunkari mehetuak, helduko da ETB3 Iruñerrira, euria bazter guztietara. Uda osoan etxea apenas zapaldu duzun hori, sofaren goxoan gotortuko zara berriz. Eta bertatik begira jarrita, gogoratuko duzu bazegoela zerbait, hor nonbait, dela salan, dela logelan, dela sakelakoan edo auskalo zer beste gailutan, egun grisak gatzozpintzen zituena udaren promesa tentagarriek bere besoetatik urrundu zintuzten arte: telebista.

Beti bezain zintzo topatuko duzu, gainera, zu entretenitu, (des)informatu, zapuztu eta aspertzeko pronto, urrun igaro dituzun hilabeteongatik azalpenik eskatu gabe. Lagunek, maitaleek, ezagunek eta eguraldiak erantzuten ez dutenean, zure zazpigarren aukera izateko prest. Asmo eta saio berriekin, oraindik kendu ez dituztenekin, eta bai, baita betiko errepikapenekin ere —ezin rantxerarik gabe bizi—.

Horrenbesteren trukean—nork emango dizu hori guztia, ezer eskatu gabe?—, arreta pittin bat merezi luke. Baina ez, jarraituko duzu, esker txarreko horrek, eguzki izpi erdi bakoitza aitzakia hartuta irailari abuztu tankera emateko ahaleginean, pantailetatik urrun. «Garaian garaikoa» leloak barazkientzat soilik balioko balu bezala, sofaratze ekidiezin hori ahal beste atzeratzen. Eskerrak irailarekin batera Ekografiak datozen bueltan, arreta hori eskaini eta zu eta telebistaren artekoa errazteko asmoz. Lezio adina fikziorekin; ahal dela hitz jokorik gabe; tokatzen denean, gurtzeko eta egurtzeko gertu. Ikasturte honetan, Miren Maniasekin batera, ni neu.Asmo handiegiekin eta su artifizialik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.