IRLEN SAREA

InfluenZer?

Gorka Julio -

2019ko uztailak 13
Influencer esaten zaie sare sozialetan, eta orokorrean Internet bidez, jarraitzaile edo audientzia batengan ustezko eragina duten pertsonei. Ez dute zertan izan orain arteko pertsonaia erreferentzialak; pertsona arruntak izan daitezkeela esaten da. Esparru batean edo gai batean eragina sortzeko gaitasuna aitortzen zaie, eta azken boladan marketin digitalean asko hedatu badira ere burbuila handi bat ere badira.

Marketin kanpaina askotan, sare sozialetan, bereziki Instagramen, famatu egin dira. Produktuak aurkeztu edo gomendatzen dituzten pertsona horiek, anekdotikoak edo errealak zirenak hasieran, beste espazio merkantilizatu bat bihurtu dira.

Hasieran egiten zituzten gomendioak oso interesgarriak izan zitezkeen. Gai bat hartu, horren inguruko komentarioak eta iruzkinak egin eta beste jende askok horiek baliagarri ikustea polita da. Hortik, ordaintzen dizutenagatik bakarrik egitera, eta gainera etengabe gaia aldatuz joatea, penagarria.

Marketin digitaleko komunikazio agentziek, gainera, saldoka bateratzen dituzte influencer hauek. Zuzenean pertsona horiekin harremanetan jarri beharrean, interesgarriak izan daitezkeelako beraiekin hitz egin beharrean, pertsona biltegi moduko bat osatzen dute; haiek lotean saldu ahal izateko.

Burbuilari buruz hitz egiten ari da, hauen benetako eragina zalantzan jarri delako. Ustez, interesgarriagoa bazen hauekin kontatzea publiko askora iristeko, horren eragina gero eta lausoagoa dirudi. Adibideak asko izan daitezke, baina nahiz eta gogoko asko izan, ezer edo ia ezer saldu ez duten produktu promozionatuak asko dira. Egia da komunikazio zuzenagoa dirudiela, baina inflazio puntu batera iritsi da. Komunikazio zuzena bilatzen denean, gero eta argiago dago era honetako komunikazioak soberan daudela. Hasieran detektatzen zaila baziren, orain benetakoak direnak ere zalantzan jartzera eramaten dute jende asko.

Gogoko duzun toki baten argazkia, aurkitu duzun kafetegi zoragarri batean atera dizuten kafesne eta ilgoropil (croissantaren adiera internetero bat) ezin hobeak, erosi berri dituzun zapatila eroso horiek... Susmagarri bihurtzen zaitu orain niretzat. Denak gara eragile. Influencer, aldiz, gutxi batzuk badira edo izan nahi badute ere, denak susmagarri.