gorka julio
IRLEN SAREA

GNews bueltan da

2022ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Google News bueltan da, baina ez da euskaraz egongo. Hedabideen informazioa filtraturik bilatzeko aukera ematen zuen zerbitzua berriro hemen da, albisteen loturak jartzeagatik kanon bat ordaintzera behartzen zuen legea bertan behera gelditu denean.

Zerbitzua berriro aktibatzearekin batera, zenbait hedabidek espero dute dirua zuzenean ez, baina bisita gehiago jasotzea. Ez dakigu zenbat bisita etorriko diren zerbitzutik, baina espero daiteke asko izatea. Euskarazko hedabideak bertan ez egoteak, beraz, bide horretatik etor zitezkeen bisitarik ez izatea ekar dezake.

Googleren helburu monopolistikoak argiak dira, informazio bitartekaritzaren bitartekari zentrala izatea bilatzen du; errealitatearen mediazioaren nagusigoa. Arrakasta badu, hedabideetara bisita fluxua bideratzeko gaitasun handia eskuratuz gero, ezinbesteko bihurtuko da. Musikari batek arrakasta izan nahi badu Spotify-n egon behar duen bezala.

Lehen fasean, hedabideei bisitak areagotzeko gaitasuna erakusten badu, horiek pozik egotea lortu nahiko du. Txikiak direnei bisitekin nahikoa zaie, baina handiagoekin ondo gelditzeko beste produktu bat ere aterako du: Showcase, zenbait eduki eskuratzeko ordainpeko harreman bat, hedabide handiagoak lasaitzeko.

Bigarren fase batean, Google Newsen edo horren inguruan sortuko dituen aplikazio eta produktuen bidez, albisteak eskuratzeko atari nagusia izatea bila dezake. Zure gogoko egunkariak baino gehiago, hori izateko zure errealitatearen interpretazio bakarra. Ziurtasuna salduko du horretarako, egiazkoa zer den eta zer ez erabakitzeko ahalmena izango du.

Aurrerago, hedabideen harpidetza eta ordainpeko edukia jasotzeko harpidetza-bitartekari ere bilaka daiteke. Hainbat hedabidetara harpidetza bertatik eskainiz, harpidetza bateratuak proposatuz edota premium aukera batekin.

Arrakasta badu, fase guztiak azkar gertatuko dira, ia konturatu gabe, Amazon eta bitartekaritzaren beste zentralizatzaileekin ikusi dugun bezala. Euskara bertan ez egotea txarra izan daiteke, baina ezinbestekoa da beste sozializazio bide batzuk ere pentsatzea, merkatu monopolio baten erdian, euskararen garrantzia are txikiagoa izango delako. Google News-en egon edo ez, gure hedabideek, sozializatzeko eta gizarteratzeko beste estrategiarik gabe, zailago izango dute oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.