Zeure burua ez ikustearen zigorra

2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Hasi da mintxo arin bat sabelean, iritsi da bularrera, eta zart! egin du eztanda. Hautsi egin da zerbait. Horrela, behin eta berriz; behin eta berriz. Sabeletik bularrera, eta eztanda. Sabeletik bularrera, eta zerbait hautsi. Nik ez nuen nahi lesbiana izan. Orain lotsa ematen dit aitortzeak, baina hala da: ez nuen nahi. Horregatik, etsi-etsian egin nuen negar neure buruari aitortu nionean, ispiluaren aurrean. Horregatik, gezurra esan nuen galdetu zidatenean. Horregatik, amarekin Hospital Central ikusteari utzi nion, ez zezan nabaritu nola emozionatzen nintzen Macak eta Estherrek elkarri musu ematen ziotenean. Horregatik, ezkutuan deskargatzen nuen The L Word. Deskarga bakoitzaren aurretik, pirateria delituaren ohartarazpen bat agertzen zen, baina bollera izateak baino askoz ere gutxiago kezkatzen ninduen horrek.

Inork gu ez deskubritzea: horixe genuen helburu gailen garai hartan. Aurrerago, adingabeak izateari uzten genionean, Londresera ihes egingo genuen neska lagunak eta biok. Ez bera eta ez ni ez ginen oso iaioak ingelesez, eta justu-justu genekien hiri hura mapan non zegoen ere, baina, garai hartan, uste genuen gure maitasun hura zela familiari egin geniezaiokeen minetan minena. Beharbada dramatiko samarrak ginen biok, bai; hipotesi bat izan liteke hori. Baina nik beste hipotesi hau daukat: gizarte heterosexista batean hazi garela, eta ez berak eta ez nik ez genuela ezagutzen beste lesbianarik. Erreferente falta da ikusezintasunaren ondoriorik krudelenetako bat. Auzokide baten alaba lesbiana izan zitekeela, horixe besterik ez nekien, etxekoek inoiz hala esan zutelako, eta, hortik harago, Ortuellan bazela dendari bat ile motza zeramana, eta hori nahikoa zela tortillera zelako zurrumurrua zabal zedin. Baina besterik ez. Handik gutxira, neska lagunak utzi egin ninduen, eta ez ginen joan Ingalaterrara bizitzera. Chueca.com webguneari esker deskubritu nuen hirian «anbientekoa» zela esaten zuten zona hura, lagun berriak egin nituen, neska lagun bat aurkitu, dena aitortu nuen amak oraindik ere gordea duen ohar batean, eta bizitzeari ekin nion.

Orain, nik, lesbiana izan nahi ez zuen honek, bizitzaren parte handi bat ematen dut lesbianen ikusgaitasuna sustatzen. Beste batzuk armairutik irteten ez direla ikusi eta haserreak hartzen duen hori naiz ni, indarrez aterako lituzkeen hori, lasai har dezaten arnasa azkenean; errekonozitua ez izateak eta ez egoteak dakarren indarkeriarekin bizitzen ikasi behar izan duen hori naiz ni. Indarkeria hori, bidenabar esanda, normaltasunak inposatutako ereduetan sartzen ez garen guztiok sufritzen dugu: izan lesbiana izateagatik, edo izan lodi egoteagatik, besteak beste. Bolleroi bizitzako esparru guztietan eragiten digu errekonozimendu falta horrek: zeure burua errekonozitu eta estimatu nahi eza, eta, horrez gainera, jakina, zeure buruaz lotsatzeak autoestimurako dakartzan arazoak; bikotekideak zutaz hitz egiten duenean zein zaren esan nahi ez izatea, eta errekonozimendu falta horrek maitasunak suntsitzeko daukan modu krudel hori; lanean egun librerik ez eskatzea neska lagunari medikuarenera laguntzeko, inork ez dakielako neska laguna duzula; zure egoera pertsonalari buruzko iruzkin isekazkoak aditu beharra, milaka begirada sotil horiek nabaritu beharra, eta metroan jendea ahapeka. Maitasun gutxi gertatu ohi da bi emakumeren artekoa bezain harrigarria.

Lesbianok ikusezintasunera kondenatuak gaude —hain justu ere, ikusezintasun horren larriaren ondorioz da gai hori hain funtsezkoa aktibismo lesbikoan—, eta motibo asko daude horren atzean. Batetik, emakumeei ez zaie autonomia onartzen, eta bizitzako esparru guztietan gertatzen da hori. Gizonak eta emakumeak osagarriak direlako ideiak emakumeoi eragiten digu bereziki, gu baikaude eternalki zurtz, mendeko, gu baikara «identiko» horiek, Celia Amorosek dioen bezala. Kulturan hain errotua dagoen ideia hori, azkenean, ezin hobea da maitasun erromantikoaren mitoa sustatzeko: maitasuna ulertzeko modu hori, gozamenetik urrundu eta harremanak praktikotasunera apalarazten dituena. Askoz ere praktikoagoa da ezkontzea eta bikote baten barruan bizitzea eta bidaiatzea. Matrimonioaren, patrimonioaren eta familia funtzionalaren ataria da maitasuna: statu quo-ari eusteko formula perfektua. Bikote barruko maitasuna da behar bezalako maitasuna. Gizarteak onartzen dituen lesbianak, lesbofobiaren eragin suntsigarriak pixka bat arintzea lortzen dutenak, ezkondu eta seme-alabak izaten dituztenak dira. Horregatik dago David Cameron berdintasunezko ezkontzaren alde; Ciudadanosek berak ere ez du auzitan jartzen jadanik hori. Umeak, hain zuzen, goitik behera aldatzen ari dira halako planteamenduak, zeren nola ezkutatzen da, bada, familia bat? Gutxi daude prest hainbesteko indarkeria onartzeko. Baina onarpenaren atakatik pasatzen diren lesbianen normaltasun eta onespen itxura hori hauskorra da, eta sexu eta genero aniztasunaren aldeko arrazoibiderik perbertsoenetako bat indartzen laguntzen du: maitasunaren izenean onartzea LGTB identitateak. «Nire alabatxoa ez da lesbiana: nire alabatxoa maiteminduta dago». «Zeini irudituko zaio, ba, gaizki bi emakumek elkar maitatzea?». Horrek ondorio zuzenekoak dakartza, baina, batez ere, sinbolikoak: armairutik irtetea eta agerian lesbiana izatea askoz ere zailagoa da bikotekiderik ez baduzu. Onarpena maitasunaren izenean lortzen saiatze horrek berekin dakar lesbianak ikusezintasunera kondenatzen gaituen beste motibo bat: emakumeon sexualitatea ukatu egiten dela ugalketaren esparrutik kanpo, eta koitoaz gainerako sexu praktikak ez direla errekonozitzen. Gizonek sexu harremanak eduki beharra dute: ezin diote eutsi bulkada horri. Emakumeoi, ordea, ez zaigu gustatu behar larrua jotzea. Gainera, koitoarekin baino ez dugu lotzen sexua oraindik. «Zuloren batean sartu gabe, txortarik izan ez den seinale»: halaxe kantatzen du Viruta FTMk. Hortik, bi leienda bitxi eta kontraesanezko sortu dira: lesbianek ez dutela benetan larrutan egiten, eta lesbianek dildoz josiak dituztela sukaldeko armairuak. Hau asperra hau. Estereotipoengatik diot, ez dildoengatik, horiek ondo dibertigarriak dira eta.

Eta, beste urte batez, ni, lesbiana izan nahi ez zuen hau, nire esperientzia lesbikoaz idazten ari naiz. Arrazoiak ugari eman nitzake, baina bereziki batek bultzatzen nau hau dena idaztera: kide bakar batek ere ez dezala pentsa, ispiluan begiratzean, munduko bollera bakarra dela. Ez dadila mintxo arin hau sortu, sabelean hasi, bularrera heldu, eta zart! eztanda egin.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.