Marmotaren Eguna Estatu Juduan

2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Ustelkeria arazoetan belarrietaraino sartuta dagoen eskuin muturreko lehen ministro baten biziraupen politikoak herrialde oso bat hauteskundeak errepikatzera eramango du. Hala dago Israel. Nork esango luke, Ekialde Hurbileko gure «lehentasunezko bazkideaz».

Lehen begiratuan, antzaz laiko eta erlijiosoen arteko betiereko liskarra deialdi berria azaltzeko gai da; izan ere, Knessetak (parlamentu israeldarra) hauteskundeak errepikatzearen alde bozkatu zuen eskuineko partiduen artean judu ultraortodoxoen errekrutatzearen aferan zer edo zer adostea ezinezkoa bilakatu zenean. Hala ere, egia esan Benjamin Bibi Netanyahu lehen ministroaren handinahikeria eta arazo pertsonalak dira koalizioa eratzeko zailtasunen eta hauteskunde berrien zergatia.

Joan den apirilak 9an hauteskundeak irabazi eta gero, Reuven Rivlin Presidenteak Netanyahuri egin zion gobernua eratzeko enkargua. Itxuraz, Bibik bosgarren legealdi bat lortuko zuen arazo handirik gabe.Koalizio elkarrizketetan bere burua epaile eta fiskalengandik babesteko eta botere legegilea botere judizialaren gainetik ezartzeko legeak proposatzen ari zen arren, Netanyahuren aliatuek ez zuten astakeria horien inguruan bekain bat bera ere igo. Sistema judiziala desegitearen inguruan erabateko adostasuna omen dago Israelgo eskuindarren artean.

Negoziazioak pikutara joan ziren, ordea, Avigdor Lieberman defentsa ministro ohiaren partidu txiki eta laikoak ultraortodoxoen soldadutzaren aferan planto egin zuenean. Azpijoko eta proposamen zeharo bitxiak saiatu eta gero (Partidu Laboristari barne, Israel suntsitu nahi dutela esan badu ere), Bibik porrota onartu zuen eta hauteskundeak errepikatzearen alde agertu zen.

Eta hor da mamia. Beste indar politikoekin akordioetara ailegatzeko oztopo nagusia Netanyahu bera eta bere ustelkeria arazoak izango ez balira, beste partiduekin ere negoziatzeko gai izango litzateke. Aukera horrek ere porrot egingo balu, estatuburuak gehiengo alternatibo bat sortzeko enkargua beste lider politiko bati egingo lioke, beste edozein sistema parlamentariotan bezala. Are gehiago, Benny Gantz jeneral ohia buru duen Urdina eta Txuria koalizioak Netanyahuren Likud partiduak bezainbeste eserleku lortu zituenean eta Likudekin batera batasun nazionaleko gobernua eratzeko prest zeudela aitortu zutenean, beti ere, Bibi baztertzeko baldintzapean.

Baina Netanyahurentzat onartezina zen prozesu politikoak normaltasunez aurrera egitea. Ez badukarguan jarraitzen, eta ez baditu bere burua babesteko legeak aurrera eramaten, justiziari aurre egin beharko dio hiru ustelkeria kasu ezberdinetan. Komeni da gogoratzea Israelek jadanik presidente eta lehen ministro ohiak espetxeratu dituela. Horregatik, gobernua eratzeko enkarguaren epea bukatu eta bederatzi (!) minutu geroago, Knesseta desegitearen alde bozkatu zuen.

Gauzak horrela, israeldarrek irailaren 17an bozkatuko dute berriro ere. Zalantzarik gabe, komunikabide askok Netanyahurekin bukatzeko eta bake prozesuan aurrera egiteko «aukera historikotzat» joko dituzte hauteskunde berriak. Halako adierazpenak engainagarriak dira gutxienez.

Aurreko hauteskundeetan israeldarrek lehen aipatutako bi hautagai nagusien artean aukeratu behar zuten: Netanyahu eta Gantz. Lehenengoak arrazakeria konstituziora eraman zuen Israel herri juduaren estatu-nazioa oinarrizko legearen bidez, bere gobernuaren bozeramaileak armada israeldarrak protesta batean eraildako Razan al-Najjar medikuaz sare sozialetan trufatzen ziren bitartean; bigarrena, berak zuzendutako 2014ko «operazioan» eraildako palestinar kopuruaz (1.364 terrorista, bere aburuz) eta Gaza «Harri Arora» eramateaz harrotu egin zen bere lehen kanpaina bideoan, etsaien aurrean kikiltzen ez dela ziurtatu nahian. Bortizkeria lehiaketa hutsa. Ekialde Hurbileko «demokrazia bakarra» izatearen ajeak.

Datozen hauteskundeak aurrekoen bigarren itzulia besterik ez dira izango, déjà vu tragiko baten gisa. Berriro ere, arrazista tematsuaren ala hiltzaile harroaren artean erabakitzean datza. Panorama higuingarria benetan, baina akaso gizarte israeldarraren isla zintzoa. Halako hautagaiekin, Netanyahuren desesperazioaz aparte, argi dagoen gauza bakarra da palestinarrei dagokienez estatu juduaren politika ezer gutxi aldatuko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.