Hasiera baten lehen notak

Mikel Orbañanos Ondarroan ezagutu zuten aurrenekoz entrenatzaile lanetan, duela 20 urte, eta Hondarribiak deitu zion bi urtera. Hasieratik erakutsi zuen gai zela.

Mikel Orbañanos 2002ko argazkian, Ama Guadalupekoa traineruaren alboan. Lehen denboraldia izan zuen Hondarribian. GARI GARAIALDE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Bazuen entrenatzaile izateko gogoa Mikel Orbañanosek (Orio, Gipuzkoa, 1973), eta Ondarroa gurutzatu zitzaion aurretik. 2000. urtea zen, eta bazuten elkarren berri Bizkaiko taldekoek eta orduan Orioko arraunlari zenak. Orion askotan egiten zituen entrenamenduak Ondarroak, eta horrek egin zuen zubi lana. Agustin Etxebarria zen orduan ondarroarren presidente: «Jakin genuen entrenatzaile izan nahi zuela. Oriorekin harremanetan jarri ginen, arazorik ez izateko. Gero, Mikelek baiezkoa eman zigun». Horrela hasi zen arraun munduko entrenatzailerik loriatsuenetako baten ibilbidea. Igandean, bosgarren aldiz irabazi zuen Kontxako Bandera, entrenatzaile gisa.

«Zerbait behar genuen, ez geundelako goi mailan. Apustu bat egin beharra geneukan, eta uste genuen ekarpen ona egin zezakeela, eta oso apustu ona izan zela erakutsi zigun denborak», azaldu du Etxebarriak. «Berarentzat ere erronka izan zen, lehen esperientzia zuelako», gehitu du. Bi denboraldi egin zituen Ondarroan. Entrenatzaile ez ezik, arraunlari ere bai. Euskal Ligako lehen mailan zen orduan taldea, eta 2000. urteko denboraldia lehia horretan egin zuen. «Justu ibili ginen», gogoratu du Etxebarriak. Hurrengo sasoian, Ondarroa ez zen sailkatu liga nagusian arraun egiteko, baina lau bandera irabazi zituen: Portugaletekoa, Suancesekoa eta Castrokoa (Espainia), eta Villa de Bilbao izena zuen estropada ospetsua. Kontxako Banderan sartzea ez zuen lortu bi denboraldi horietan.

Emaitzez harago egin zuen lana ere nabarmendu du presidente ohiak: «Entrenatzeko modua aldatu zuen, eta helburuak finkatzekoa ere bai. Zailak ikusten genituenak egingarriak ziren harentzat, eta kirol anbizioa handitu zigun, ezina ekinez eginda lor zitekeela». Ikusi zion bazuela gai berezia entrenatzaile izateko: «Lehendabiziko urtetik antzeman nion zerbait berezia, eta ez ninduen harritu Hondarribiak deitzea. Erakutsi du oso baleko entrenatzailea eta pertsona dela».

Etxeko arraunlariak izan zituen, eta haietako bat Iñigo Larrinaga zen, Ondarroako egungo patroietako bat. Orbañanosekin egin zuen debuta, eta oso oroitzapen ona dauka: «Oso gozoa zen harremanean, eta bi patroi ginenez, bietako bat kanpoan utzi behar, eta azalpen guztiak ematen zituen. Ematen zuen pena ematen ziola kanpoan norbait uztea».

Ondarroan beste arraunkera bat ezarri zuela dio: «Orioko eskolakoa ekarri zuen gurera, arraunkera luzea». Egiten zuen horretan sekulako ziurtasuna zeukala dio Larrinagak: «Berak esaten bazuen gauza bat horrela zela, ez zegoen bueltarik. Baina ez zuen agintekeriz egiten, konfiantza ematearen bidez lortzen zuen. Ondo ateratzen bazen, ondo, eta ez bazen, ez zeukan erreparorik bere hutsak onartzeko».

Hondarribia, zerbaiten bila

Orbañanos Ondarroara joan zen urtean, Joxemi Elduaien Hondarribiako zuzendaritzan sartu zen, presidenteorde bezala. «Ikusten nuen aurrerapauso bat emateko moduan ginela. Maila ona genuen, baina zerbait berria behar zela iruditzen zitzaidan, eta ez aurreko lana txarra zelako, ezta gutxiago ere». Berritasun hori Ondarroan aurkitu zuen Elduaienek, baina «txiripaz»: «Orioko eskola zen erreferentzia, eta Jose Luis Korta zen izarra. Ordurako Castrora joana zen, eta Orioko klubean galdetu nuen bertako arraunlari batzuengatik. Ez zutela inor. Nola esango zidaten, bada. Han nahi zituzten arraunlari horiek, normala den bezala. Orbañanosen izena esan zidaten, eta guretzat arraunlari handi bat zen, erreferente bat. Umore puntuarekin esanda, ikusten da ez genuela meritu handirik izan Mikel aukeratzerakoan».

Elduaienek berehala antzeman zion aukera ona egin zutela: «Aurreneko momentutik konturatu nintzen. Uretara joateko orduan, arraunkera... berehala jabetu nintzen». Gauza asko aldatu zituela gogoratu du: «Neurriak aldatu zituen, entrenatzeko moduak, arraunlariak eramateko modua eta abar».

Antzera gogoratzen du Orbañanos 2002ko arraunlarietako bat zenak, Gonzalo Carrionek: «Segituan hasi ginen uretan entrenatzen, arraunkera egokiaren bila». Zer eman zien gehitu du arraunlari ohiak: «Entrenatzeko modua aldatu zuen. Astakirtenagoak ginen lehen. Moztu eta bizitu egin zituen saioak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.