Zaleak itzultzeak konpon dezake

Egoera ekonomiko zailean daude pilota profesionala osatzen duten bi enpresak, Araski saskibaloi taldea eta Zuazo eskubaloi taldea, besteak beste. Ziurgabetasunari baikortasunez erantzun diote, baina, berandu baino lehen egoera aldatzen ez bada, baliteke haien etorkizuna kolokan egotea.

Bizkaia pilotalekuko harmailak hutsik, iazko binakako finalean. ENDIKA PORTILLO / FOKJ.
Iñaki Berastegi.
2021eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Koronabirusak eragindako pandemiak gogor jo du kirola. Arlo ekonomikoan kirol eta klub asko, profesional izan edo ez, kinka larrian utzi ditu, eta egoerari buelta eman ezinda daude oraindik horietako asko. Lehendabizi, itxialdiak liga ez profesionalak eta kirol ez profesional ia guztia eten zituen, eta profesionalak direnentzat ere makina bat traba izan ziren. Gero, murrizketek, bereziki zaleekin zerikusia dutenek, egoera are gehiago zaildu dute. Beste leku askotan bezala, Euskal Herrian ere gogor jo du, eta horren erakusle dira pilota profesionalaren egoera eta Araski eta Zuazo klubak. Desiratzen daude pilotalekuetan edo kantxetan berriz zaleak sartzeko, uste dutelako horrek asko arinduko lukeela egoera.

UNAI IGLESIAS Baikoko zuzendari komertziala

«Enpresen egoera oso larria da»

Itxialdiaren ostean, 2020ko San Juan egunean antolatu zuten Baiko eta Aspe enpresek lehendabiziko pilota jaialdia, Eibarren (Gipuzkoa). Pandemiaren aurreko azkena martxoaren 8an izan zen, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Tarte horretan, bi enpresek aldi baterako erregulazio espedienteak aurkeztu behar izan zituzten, eta beren pilotari eta langileekin soldata jaitsiera adostu behar izan zuten behin baino gehiagotan.

«Oso kezkatuta gaude. Denon artean esfortzu handi bat egin dugu pilota profesionalak aurrera jarraitu dezan, baina egoera luzatzen ari da. Ea txertaketarekin argi pixka bat ikusten dugun eta egoera honetatik ateratzen garen», azaldu du Unai Iglesias Baiko enpresako zuzendari komertzialak.

Binakako txapelketa osoa publikorik gabe jokatu da, eta buruz burukoa ere bide beretik doa, asteburuan finalerdiak jokatuko direla kontuan hartuta. «Ez dut esango pilotazaleak frontoira sartu gabe enpresek aurrera egitea ezinezkoa denik, baina oso zaila izango da. Ez dut uste itzulerak dena konponduko duenik, baina zati handi bat bai, guretzako diru sarrera garrantzitsu bat delako». Babesleez gain, telebista ere makulu oso garrantzitsua da gaur egun pilotarentzat: «ETBren esfortzua handia da, eta oso eskertuta gaude».

Esperantza «txiki» bat badu ere, Iglesiasek ez du uste ekainaren 13an jokatuko den buruz buruko finalean zaleak egongo direnik. Horren ostean iritsiko da enpresentzat hain garrantzitsua den garaia: uda. Izan ere, pandemiaren aurretik, urteko aurrekontu osoaren %40 inguru udan biltzen zuten enpresek. Joan den udan herriko jairik eta torneorik izan ez zenez, bikote mistoekin osatutako udako mastersa antolatu zuten Baikok eta Aspek. «Pozik gaude emaitzarekin, eta herri txikiei oso eskertuta egin zuten esfortzuagatik: jende asko joan zen frontoira. Pandemiarekin edo gabe, mastersaren formatua oso interesgarria da».

Litekeena da bigarren urtez jarrian formatu berari eustea, baina egoera iazkoa baino «larriagoa» da, Iglesiasek azaldu duenez: «Oraingoz ezin dugu jenderik sartu pilotalekuetara, eta iaz eserlekuen %50-%70 artean betetzeko aukera genuen. Jendea berriz frontoian izateak ez luke arazoa erabat konponduko, baina zati handi bat bai. Ez dakigu zenbat sartu ahalko diren, eta frontoira joateko beldurra ere badago. Ahal dugun guztia egiten ari gara, eta ez dakit noiz arte eutsi ahal zaion egoera honi. Enpresen egoera oso larria da».

AINGERU ASTORKIZA Zuazoko presidentea

«Egoera zaila da,baina onena aurrera jarraitzea da»

Zubileta Evolution Zuazok martxoan jakinarazi zuen Ohorezko Mailako taldea eta kluba egoera larrian zeudela, azken bi denboraldietan aurrekontuaren %35 galdu eta gero. Aingeru Astorkiza Zuazoko presidenteak dio egoera «drastikoki» aldatu ez bada ere ez dela hilabete eta erdi atzera zuten berbera: «Larritasunarekin begiratzen diot etorkizunari, baina martxoan baino baikorragoa naiz orain. Kluba arriskuan zegoela adierazi genuen baliabideak iristen ez zirelako, eta klubeko jendea nekatuta zegoelako». Taldea Espainiako Ohorezko Mailatik kentzeko aukera ere iragarri zuten, baina orain uste dute hori ez dela egoerari buelta emateko modurik onena: «Gure lehenengo aukera Ohorezko Mailan jarraitzea izango da: ekainaren 30ean amaitzen da ligan izen emateko epea. Koska bat jaitsiko bagina, kostuak murriztuko lirateke, baina baita diru sarrerak ere. Egoera zaila da, baina onena aurrera jarraitzea da».

Barakaldoko taldea Zubileta babesle nagusia eta beste txikiago batzuk lotzeko ahaleginetan buru-belarri jarrita dabil azken aste hauetan: «Pentsatzen dugu Zubileta babesle nagusi izango dela aurrerantzean ere. Beste enpresa batzuekin ere hitz egiten ari gara, eta uste dugu lagunduko gaituztela. Babesle txiki asko batzea da asmoa, hori baita orain egin daitekeena. Liga profesionalen kasua ezberdina da, telebista eskubideetatik jasotako dirua dutelako. Gure kasuan, ligak aurrekontuaren %15 inguru ordaintzen dio Teledeporte kateari ligako partidak eman ditzan».

Egitasmora enpresa edo babesle txiki horiek batzeko orduan, zaleak kantxara sartu ahal izatea «erabakigarria» da: «Arazo nagusia hori da; zalerik gabe babesle horiei ezin diezulako sinergiarik eskaini. Zaleak harmailetan baleude, babesleekin gauza asko egin litezke».

Asteburuan amaituko da liga, eta arlo ekonomikoan zuzendaritzak oraindik ere lan handia badu ere, taldearen osaeran gauzak azkarrago doaz. Joseba Rodriguez entrenatzaileak beste urtebeterako berritu du kontratua, eta Astorkizak aurreratu du jokalari gehienekin akordioa itxita dagoela. «Ziurgabetasuna» nabari badute ere, Zuazoko presidenteak «baikortasuna» transmititu nahi du: «Egoera zaila bada ere, optimista naiz. Ziurgabetasun hori hor dago, baina Ohorezko Mailan jarraitzeko ari gara lanean».

IRATXE RODRIGUEZ Araskiko presidentea

«Gauzak aldatu ezean, litekeena da datorren urtean kluba kolokan egotea»

Kutxabank Araskirentzat denboraldi «zaila» izan da aurtengoa arlo ekonomikoan, Iratxe Rodriguez presidenteak dioenez: «Batetik, zalerik gabe jokatu dugu, eta horrek eragin handia du diru sarreretan. Bestetik, harrobiko neskak ere ezin izan dira lehiatu, eta askok utzi egin dute. Eta, azkenik, babesle batzuk ere galdu ditugu».

Gasteizko taldeko presidenteak argi dauka zaleak itzultzeak egoera konponduko lukeela: «Desastrearen funtsa, aurten, hori izan da. Beti esan izan dugu taldeari ematen dion babesaz gain arlo ekonomikoan ere oso garrantzitsua dela harmaila betetzea. Liga profesionaletan ez da horren garrantzitsua, telebista eskubideetatik edo babesleetatik baliabide gehiago jasotzen dituztelako». Araskik dituen babesleei dagokienez, Rodriguezek dio kantxara joaten den publikoarekin duten harremana «funtsezkoa» dela, beren babesleek bezeroen artean sarrerak banatu nahi izaten dituztelako, adibidez.

Egoera konpontzeko asmoz,Araskik saltsa jartzen du. Zuek dirua? kanpaina martxan jarri dute. Sektore pribatuari zuzendutakoa da: «Egoera honetan asko kostatzen zitzaigun ateak jotzea. Posta elektronikoz bidalitako mezuak askotan ez dira nahi duzun tokira iristen, eta, beraz, zerbait originala egitea pentsatu genuen. Hala, gure proiektuarekin bat egin dezaketen enpresei kutxa sorpresa bat bidaltzen diegu. Horri esker haien arreta bereganatzen badugu, gure egitasmoa zer den eta zer laguntza behar dugun azaltzen diegu».

Oraindik amaitu gabe dago kanpaina, eta «pozik» daude orain arte izan duen harrerarekin, baina orain ikusi beharko da benetan ekonomikoki nork ematen dion laguntza Araskiren egitasmoari: «Ez dugu zehaztu zenbat behar dugun, baina asko behar dugu. Laguntza oro eskertzen dugu; beti jarraitu daiteke hazten. Laguntza txikiena ere garrantzitsua da. Kanpaina hau funtsezkoa da aurrera egiteko. Gauzak aldatzen ez badira, litekeena da datorren urtean kluba kolokan egotea».

Horri lotuta, arnasa apur bat hartzeko, duela gutxi klubak ofizial egin du bazkideen %68k urteko bazkide kuota klubari ematea erabaki duela: «Aringarri handia izan da horrenbeste diru ez bueltatzea. Izan genitzakeen bazkiderik onenak ditugu».

Beraz, Araskik kanpainaren arrakasta eta zaleak itzultzea behar du gaur egungo egoera zailari buelta emateko. Hala ere, klubean «baikortasunez» ari dira lanean: «Ea kanpainak ondo funtzionatzen duen eta agintariek baimena ematen duten zaleak Mendizorrotzara bueltatzeko. Ez dugu asko eskatzen, baina guretzat hori oso garrantzitsua da. Aurrera jarraitzearekin konformatzen gara. Lana gogor eginez eta baikorrak izanez, lortuko dugu».

Argi geratu da: pilotako enpresentzat, Zuazorentzat eta Araskirentzat, bakoitzak bere arazoak baditu ere, zaleak itzultzea makulu garrantzitsua da guztientzat egoera zail horri buelta ematen hasteko. Ez die egoera erabat konponduko, baina urrats garrantzitsua izango da gaur egungo egoera zaila iraultzen hasteko. Ea hurrengo hilabeteetan zer gertatzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.