Bata aurrera, bestea kalera

Gernikak nagusitasunez irabazi dio Teneriferi, 79-56, eta Kopako finalerdiak jokatuko ditu gaur. IDK-k ezin izan du ezustekoa eman Valentziaren kontra, nahiz eta ondo aritu: 74-58

Gernikako jokalariak, atzo Teneriferi sartutako saskiratzeetako bat ospatzen. GERNIKA.
ainara arratibel gascon
2021eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Ez da derbirik izango Espainiako Kopako finalerdietan gaur. Aurreikuspenak bete egin ziren atzo. Lointek Gernika faborito zen, eta ez zuen huts egin. Nagusitasunez hartu zuen mendean Tenerife: 79-56. IDK Euskotrenek, berriz, ezin izan zuen ezustea eman etxeko taldearen kontra. 74-58 galdu zuen Valentziaren kontra. Hala, gaur eguerdian Gernikak Valentziaren kontra izango du jokoan biharko finalean egoteko aukera.

Meritu handiko garaipena lortu zuen Gernikak. Izan ere, bi aste lehiatu gabe egon da COVID-19agatik, otsailaren 14tik.Beraz, zalantza zen nola egingo zion aurren Kopako lehen neurketari. Are gehiago kontuan hartuta, Colhadok ezin izan zuela jokatu, ondoezik zegoelako. Baina bizkaitarrak inoiz baino talde osoagoa izan ziren.

Lehen bi laurden on jokatu zituen Gernikak, eta hor jarri zituen finalerdietan egoteko zutarriak. Erasoan pazientziaz jokatzen jakin zuen, nahi zuen erritmoa jarri zion partidari, eta ederki baliatu zuen Tenerifek minutu askotan erasoan erakutsitako argitasun eza, eta defentsan izandako oldarkortasuna falta. Hor egon zen gakoa.

Lehen minutuetan eskarmentuaren alde egin zuen Mario Lopezek, eta hasieratik kantxan jarri zituen Ariztimuño eta Roundtree. Bi jokalari horiek sartutako hiruko banarekin lortu zuen lehen errenta Gernikak: 11-4. Patxadaz mugitu zuten baloia bizkaitarrek. Ez zitzaien erritmo biziko norgehiagoka komeni. Horrek erasoan aukera hobeak bilatzea ahalbidetu zien. 20-12 amaitu zen lehen laurdena.

Teneriferen barruko jokoa ondo itxi zuen Gernikak,eta kanariarrakhirukoekin ahalegindu ziren. Baina hor ere kamuts. Atkinsonizan zen min egin zien bakarra. Neurketako saskiratzaile onena izan zen, 21 punturekin. Gernikak, berriz, ia jokaldi guztietan lortzen zuen zerbait, eta 14-3ko partzial batekin zulo handia ireki zuen: 34-15.

Partida hautsita zegoen. Nahiz eta azken bi minutuetan zehaztasun gabe aritu ziren bizkaitarrak, eta Tenerifek ere apur bat estutu zuen, entrenatzaileak eskatutako hutsarte batek hauspotuta. Hala ere, atsedenaldian emaitza argia zen: 39-24.

Hirugarren laurdenean gauzak ez ziren asko aldatu. Tenerifek zonakako defentsa jarri zuen. Baina Roundtreek barrutik,eta Bjorklundek kanpotik ederki aurkitu zituzten zuloak. Hamalau eta hamabost puntu sartu zituzten hurrenez hurren. Horrek ezerezean utzi zuen Teneriferen edozein ahalegin. Gernikak ez zuen kontraerasoa asko erabili. Luze jokatu zuen, baloia zentzuz mugituz. Ez zuen behar baino ahalegin fisiko handiagoa egin nahi.

Azken laurdenerako dena erabakita zegoen, Gernika 66-39 zegoen aurretik. Jokalariek lehiako erritmoa hartzen jarraitzeko, eta gaurko finalerdiari begira gauzak probatzeko baliatu zituen azken minutuak Mario Lopezek. Ondorio oso on bat atera ahal izan zuen: bera taldeak ere emaitza onak lor ditzakeela erasoan luze eta matsoago jokatuz.

IDK, ausart eta lehiakor

Valentzia faborito argia izan arren, IDK-k ezin hobeto hasi zuen partida. Nor baino nor gehiago lehiatu zen, ausart. Uztaipean da indartsua Azu Muguruzaren taldea, eta hor egin zion min etxeko taldeari, Tirerari, Coulibalyri (22 puntu sartu zituen) eta Sarri esker. Kanpotik, berriz, Laura Garciak eta Erauntzetamurgilek oreka eman zioten. 12-17 izan ziren lehen laurden horretan aurretik donostiarrak. Valentzia deseroso aritu zen.

Bigarren laurdenean Valentziak presio estuagoa egin zuen. Baina IDK-k berean jarraitu zuen, nahi zuen jokoa eginez, eta baloia argitasunez mugituz. Estu joan zen partida minutu horietan. Nahiz eta Valentzia 27-25 jarri zen aurretik. Ana Gomezen eta Allenen barneraketak erabakigarriak izan ziren, baita ere defentsan eskuratutako erreboteak.37-33 zen emaitza atsedenaldian.

Valentzia bere legea ezartzen hasi zen hirugarren laurdenean, erosoago jokatuz. Baina IDK-k bazekien hori gerta zitekeela, eta egoera horretan hortzak zorrotu behar zituela. Hala egin zuen, lehen bi laurdenetan erakutsitako izaera lehiakorrari eutsiz.

Etxekoen barneraketak saihesteko zonakako defentsa jarri zuen Azu Muguruzak. Baina Queralt Casasek, Oubiñak eta Ana Gomezek ekinean jarraitu zuten, eta barrutik Araskiko jokalari ohi Raquel Carrerak hartu zuen ekimena. Pena lehen bi laurdenetan izan zuen bizitasun hori falta izan zitzaiola apur bat baloia mugitzeko orduan IDK-ri.

Azken laurdenari zazpi punturen errentarekin ekion zion Valentziak: 53-46. Donostiarrak ahalegindu ziren horri buelta ematen. Baina ezinezkoa izan zen azkenerako. Merezitakoa baino porrot handiagoa IDK-rentzat azkenean: 74-58.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.