Mendi lasterketak

Urdinen erakustaldia

Euskal selekzioko korrikalariek denboraldi bikaina egin dute. Oier Ariznabarreta nabarmendu da guztien artean, Espainiako Txapelketa eta Kopa irabazi baititu. Emakumezkoetan ere puntan ibili dira Laida Elizegi eta Maite Etxezarreta.
Euskal selekzioko korrikalariak, Otañesen (Kantabria) jokatutako Espainiako Txapelketan.
Euskal selekzioko korrikalariak, Otañesen (Kantabria) jokatutako Espainiako Txapelketan. NAGORE GORROTXATEGI

Unai Ugartemendia -

2019ko uztailak 2
Zumaian jokatutako Flysch Trail lasterketak eman zion amaiera mendi lasterketetako 2019ko Espainiako Kopari. Sei izan dira euskal selekzioko kideek jokatu dituzten lasterketak. Eneko Aliende eta Iñaki Uribe-Etxebarria hautatzaileek urte hasieran adostu zuten han izango ziren korrikalarien zerrenda.

Emaitzak kontuan hartuta, ezin ahaztu Oier Ariznabarreta durangarrak egin duen denboraldia. Lehenik, Kanpezu-Ioar (Araba) lasterketa irabazi zuen. Gero, Espainiako txapeldun izan zen Otañesen (Espainia), eta gerora etorri dira Granadako (Espainia) laugarren postua eta Zumaiako garaipena. Emaitza horiekin, Espainiako Kopa ere eskuratu du. Ariznabarretak ez ezik, Asier Larruzeak, Beñat Katarainek eta Iñigo Alzolak ere lehen hamarren artean amaitu dute.

Emakumeetan ere oso ondo aritu da euskal selekzioa. Bi emakume aritu dira Kopan: Laida Elizegi eta Maite Etxezarreta. Elizegi laugarren izan da; Etxezarretak, berriz, hiru lasterketa besterik ez du jokatu. Kanpezun irabazi egin zuen, baina, han izandako eroriko baten eraginez, kopa bertan behera utzi zuen.

1. Zein izan da lasterketa guztietan gogokoena?

2. Non sufritu zenuen gehien? Zergatik?

3. Gustura gelditu al zara egindako koparekin?

4. Zein ziren helburuak?

5. Gehiago espero al zenuen?

LAIDA ELIZEGI Zaldibia, Gipuzkoa, 1991
«Espainiako Kopak eman didan onena taldekideak izan dira»

1. Gogokoena Kanpezu-Ioar lasterketa [Araba] izan da, ibilbidea, distantzia eta desnibela kontuan hartuta.

2. Gehien sufritu nuena Borrioleko lasterketa [Castello, Herrialde Katalanak] izan zen. Sasoi hasieran izan zen, martxoan; lurzoru gogorra, harri asko... Gorputzaldi arraroa nuen, eta lasterketan zehar ere sentipen oso txarrak izan nituen.

3. Lehenengo lasterketa nola joan zen ikusita, lortutako emaitzarekin oso gustura gelditu naiz. Lasterketaz lasterketa sentsazioak eta emaitzak ere hobetzen joan dira. Pena da ezin izan ditudala bete-betean gozatu, giharretan gainkargak eta minak izan ditudalako. Baina azken lasterketetan gozatu egin dut, eta, Zumaian, inola ere espero ez nuen postua lortu nuen. Oso gustura nago.

4. Helburu nagusia esperientzia berri bat bizitzea eta gozatzea zen. Talde ederra osatu dugu, giro mundiala eduki dugu bidaian, lasterketan eta lasterketa ondorenetan; beraz, helburua beteta! Kopak eman didan onena taldekideak izan dira.

5. Ez nekien zer aurkarirekin arituko ginen kopan lehiatzen, zer maila egongo ote zen, eta ni ere zer egoera fisikotan egongo nintzen. Egia esan, ez neukan aurreikuspenik eginda, baina ez nuen gehiago espero.

MAITE ETXEZARRETA Azpeitia, Gipuzkoa, 1991
«Espero baino hobeto eta gusturago aritu naiz»

1. Kanpezu-Ioar. Asko gustatzen zaidan lasterketa bat delako. Desnibel dezente eduki arren, korrika asko egitekoa da, eta inguru oso polita du. Familiakoak ere han izan ziren, animatzen; taldekideekin asteburu ederra pasatu genuen, eta, gainera, emaitza ezin hobearekin itzuli nintzen etxera.

2. Malagan [Espainia]. Lasterketa asko gustatu zitzaidan, baina erorikotik hilabetera izan zen. Gutxi entrenatuta iritsi nintzen.

3. Ezin bukatu izanak pena ematen dit, baina egin ditudan lasterketetan oso sentipen onak izan ditut, eta Jokin Lizeagaren entrenamenduekin hobetzen ari naizela ikusi dut. Oso pozik nago.

4. Hautatzaileek jarritakoak, Espainiako Kopa txukun bat egitea eta minik ez hartzea. Nire helburuak, berriz, esperientzia berriak bizitzea, kideengandik ikastea eta hobetzen jarraitzea.

5. Helburua erdi bete dudalakoan nago; beste baterako gelditzen zait Kopa amaitzea. Hala ere, espero nuen baino askoz ere hobeto eta gusturago ibili naiz.

OIER ARIZNABARRETA Durango, Bizkaia, 1983
«Pozik nago emaitzekin, baina jaitsieretan hobetu beharra dut»

1. Kanpezukoa izan da. Neure buruari erakutsi nahi nion edonori aurre egiteko gai nintzela, eta lasterketa horrek lagundu dit hurrengoetan ausardiaz lehiatzen. Ibilbideari eta antolakuntzari dagokionez, Kanpezukoa eta Zumaiakoa izugarriak izan dira.

2. Zumaian sufritu dut gehien. Zumaiako lasterketaren aurreko astean, lasterketa bat izan nuen, Granadan [Espainia]; koparen garaipena bermatzeko asmoz joan nintzen, baina gaizki atera zitzaidan. Horren ondorioz, urduritasun puntu batekin igaro nuen aste osoa, ez bainekien zer estrategia erabili Zumaiako lasterketan. Hasieratik bizkor irtetea erabaki nuen, eta, egun horretako eguraldiaren baldintzak kontuan izanda, erabat hautsita eta deshidratatuta helmugaratu nintzen.

3. Emaitzarekin bai, baina arantza bat gelditu zait jaitsierekin. Igotzen eta sasiordekan erraztasunez egiten dut korrika, baina jaitsieratan eta leku teknikoetan oso traketsa naiz.

4. Kanpezuko lasterketa bakarrik korritzeko asmoa nuen, eta hori irabazi eta gero Espainiako Txapelketan probatzea. Espainiako Txapelketa irabazi nuen, eta lasterketa koparako puntuagarria zenez, Eneko Aliende hautatzaileak kopa Euskal Selekzioarekin kopa egiteko aukera eskaini zidan. Lasterketa bakoitzeko helburua irabaztea izan da beti.

5. Espainiako Kopari dagokionez, ezin dut esan gehiago espero nuenik. Pozik geratu naiz emaitzekin, baina badaukat gauza pare bat hobetzeko. Gehiago espero nuen Zegamako lasterketan, eta arantza horrekin geldituko naiz aurten. Hori izan liteke datorren urterako helburu berria.

ASIER LARRUZEA Gueñes, Bizkaia, 1990
«Pozik nago. Lasterketa guztietan barruan neukan guztia eman dut»

1. Gehien gustatu zaidana Kanpezukoa izan da, distantziagatik, desnibelagatik eta paisaiagatik. Egia da lasterketan ia ez garela konturatzen zer dugun inguruan, baina, lasterketaren aurreko astean, bertan entrenatu genuen, eta orduan ikusi genuen paisaia zer ederra zen. Malagakoa ere gustatu zitzaidan.

2. Lehenengoan, MABOn [Castello, Herrialde Katalanak], eta azkenengo bietan, Granadako La Sagra Sky Racen eta Zumaiako Flysch Trailen. Hiruretan beroa izan zen nagusi, eta niri ez zait batere ondo etortzen giro beroa. MABOn, oinazpietan arazoekin ibili nintzen, eta Granadan eta Zumaian batez ere deshidratazioa izan zen arazo nagusia.

3. Bai, gustura gelditu naiz, bai. Uste dut pozik egoteko modukoa dela sailkapen nagusian laugarren postua lortu izana —egindako lasterketan bi podium eskuratu eta gero—, eta Espainiako txapelketan zortzigarren izatea. Halere, arantza bat gelditu zait: nagusian podiuma lortzea nuen helburu, eta azkenean ezin izan dut, nahiz eta oso gertu eduki.

4. Helburua podiumean sartzea zen, eta azkenean atarian gelditu naiz. Txokolatezko dominarekin konformatu behar izan dut.

5. Egia esan, bai. Baina, lehen esan bezala, pozik nago lortutakoarekin. Lasterketa guztietan barruan neukan guztia eman dut, eta azkenean lortutako laugarren postua ona dela uste dut.

AXIER ALONSO Oñati, Gipuzkoa, 1988
«Zerbait gehiago espero nuen. Aurrekoek denbora gehiegi atera didate»

1. Gogokoena, etxekoa, Kanpezu-Ioar. Inguru eta paraje oso polita da, bidezidor eta gailurreria zati ikusgarriekin. Gainera, korrika egiteko eguraldi bikaina izan genuen, eta talde guztiak eta Euskal Herriko korrikalari asko oso ondo aritu ginen.

2. MABOn sufritu nuen gehien. Mendiko eski denboraldian sartuta nengoen, eta, bat-batean, Castellon, izugarrizko maila zegoen lasterketa batean, bero itogarriarekin, asko sufritzea tokatu zitzaidan. Horretaz gain, lasterketa erdi inguruan eroriko bat izan nuen, eta lasai helmugaratzea erabaki nuen. Hurrengo astean Pierra Menta neukan.

3. Egia esan, ez dakit zein den arrazoia, agian eskiko denboralditik zuzenean Espainiako Kopako lasterketetara pasatu izana edo zer, baina emaitza aldetik zerbait gehiago espero nuen. Lasterketa askotan denbora gehiegi atera didate aurrekoek.

4. Euskal selekzioak emandako aukera polit hau ahalik eta gehien gozatzea, eta, gero, neure burua aurreko urtean baino apur bat aurrerago ikustea.

5. Bat lortu dut, bestea ez, baina oso pozik nago. Beti prestatzen dugu denboraldia ilusio handiarekin, eta askoz gehiago Euskal selekzioko kide izango zarela esaten dizutenean.

IÑIGO ALZOLA Arrasate, Gipuzkoa, 1990?
«Ez nuen espero lehen urtean aurreneko hamarren artean egotea»

1. Kanpezu Ioar eta Los Tajos [Malaga, Espainia]. Nire gaitasun eta ezaugarrietara hobeto egokitzen zen Kanpezuko lasterketa, baina Malagan jokatu genuena ere asko gustatu zitzaidan. Ibilbide polita izan zen, eta lasterketak denetik izan zuen; baina azken 30 minutuetan asko sufritu nuen, bi postu galdu bainituen. Hala ere, oso pozik gelditu nintzen lortutakoarekin. Gainera, nik jakin gabe eta sekulako sorpresa emanez, nire bikotekidea, nire bi arrebak eta Julen etorri ziren, eta ilusio handia egin zidan horrek.

2. Lasterketa guztietan tokatu zait sufritzea, baina, zalantzarik gabe, Granadan jokatu genuen La Sagra izan da guztietan gogorrena. Jota heldu nintzen helmugara, ezinean, eta, azken kilometroan, lau postu galdu nituen. Sentsazio onekin eta aurreko postuetan hasi arren, lehenengo jaitsieran oso trakets ibili nintzen, eta postu asko galdu eta atzetik aurrerakoa egitea tokatu zitzaidan; nahi baino lehenago indar gabe gelditu nintzen.

3. Oro har, gustura gelditu naiz izandako esperientziarekin eta Espainiako Kopan eskuratu dudan emaitzarekin. Egia esan, uste dut asko hobetu dezakedala distantzia eta lasterketa estilo hauetan. Orain, hotzean pentsatuta, puntu batzuk eskuetatik joan zaizkidala pentsatzen dudan arren, dena eman dudan sentsazioarekin gelditzen naiz. Beraz, pozik nago.

4. Niretzat zerbait berria izan da, eta nire helburua nire onena ematea izan da, kontuan izanda distantzia horretara eta lasterketa estilo horietara egokitu behar nintzela. Aukera izanez gero, Kopa honetan lehiatzera itzuliko nintzateke, aurten lortutakoa hobetzeko asmoarekin.

5. Azken emaitzari dagokionez, ez nuen inoiz esperoko nire lehenengo urtean lehenengo hamar onenetan sailkatzea. Gorputzak lasterketa guztietan nola erantzun duen ikusita, pozik gelditu naiz, nahiz eta oso nekatuta bukatu dudan.

BEÑAT KATARAIN Lakuntza, Nafarroa, 1989
«Bosgarren sailkatu naiz Kopan. Oso gustura nago emaitza horrekin»

1. Malagako Los Tajos Skyrace.

2. Otañesen [Kantabria, Espainia] sufritu nuen gehien. Indartsu atera nintzen, eta luze egin zitzaidan. Puntuak pilatuko zituen selekzioko azken korrikalaria nintzen, eta nuen guztia eman nuen.

3. Bai, oso gustura. Kopan bosgarren gelditu naiz. Maila handia egon da lasterketa guztietan, eta hemen inork ez du ezer oparitzen.

4. Helburu nagusia lehen hamarretan egitea zen. Bestalde, Espainiako lasterketak ezagutzeko aukera paregabe hori aprobetxatu nahi nuen.

5. Ez nuen gehiago espero. Jada lehen lasterketan, nire lekua zein zen konturatu nintzen.

XABI MACIAS Iruñea, 1995
«Uste dut oraindik askoz gehiago eman dezakedala»

1. Alhaurin el Granden [Andaluzia, Espainia] egindakoa izan da. Kopako bigarren lasterketa izanik, denbora gehiago izan nuen prestatzeko, eta sasoiz nahiko ongi ibili nintzen. Ibilbidea ere aparta izan zen guretzat, gogorra, desnibel dezenterekin, eta zati tekniko askorekin.

2. MABOn. Martxo hasieran zen, eta orduan ipar-eski denboraldian murgildurik egoten naiz. Izugarrizko beroa pasatu behar izan genuen, hotzera ohituta egonda. Ibilbidea ere ez zen aproposa guretzat.

3. Asko hobetu daitekeela uste dut. Aurten goizegi hasi da niretzat. Nahiko lasterketa gogorrak izaten dira, eta neke handia uzten dute, bai fisikoki, bai mentalki.

4. Ongi pasatzea, lasterketaz gozatzea, eta selekzio kideekin giro onean ibiltzea da bereziki. Egia esan, nahiko erraza da, han dagoen lagun taldearekin. Postuei dagokienez, lasterketa guztietan lehen hamarren artean sartzea izango litzateke. Lasterketa batzuetan nahiko erraza izan daiteke, baina beste batzuetan oso maila ona egoten da, eta asko kostatzen da.

5. Zerbait gehiago espero nuen. Uste dut oraindik askoz gehiago eman dezakedala, atera ezinean dagoen zerbait dudala. Aterako da; agian aurten ez, baina datozen urteetarako esperantza dut.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna