Espainiako Kopako finala

Pasioarentzat ez dago distantziarik

Sevilla inguruan bizi diren bi jarraitzaile zuri-gorri eta bi txuri-urdin elkartu ditu BERRIAk. Urruntasunak, grina itzali baino, elikatu egiten du, eta horren eredu haien balentriak. Finala etxetik gertu izateak sentimendu zirimola bat sortu diela azaldu dute, baina ulertzen dute ikuslerik gabe jokatzea.

Ezkerretik eskuinera: Ismael Vega, Celestino Perez, Javier de Castro eta Juan Jose Serrano, De Marcos zale taldearen egoitzan. I. M. E.
Imanol Magro Eizmendi.
Dos Hermanas
2021eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Umoreko iritsi dira Javier de Castro (Donostia, 56 urte) eta Juan Jose Serrano (Kordoba, Espainia, 48 urte) topaketara. Realeko elastiko, bufanda eta banderez ondo hornituta sartu dira biak Athleticeko zaleek Dos Hermanas (Espainia) Sevilla alboko herrian duten egoitzara. Biltegi zena pintatu berri dute bazkideek, eta oroigarriz betea dute. «Guk ere nahi dugu egoitza bat, eta pareko biltegiaren prezioa galdetu dut gaur goizean», bota du De Castrok, «handiagoa delako!». Donostiarra da jaiotzez, baina 11 urterekin etorri zen Andaluziara, eta egun Dos Hermanasen bertan bizi da. Ateraldiak Ismael Vega (Zornotza, Bizkaia, 52 urte) eta Celestino Perezen (Reinosa, Espainia, 63 urte) barrea eragin du. Haiek Oscar de Marcos zale taldeko kideak dira, eta anfitrioi lana egokitu zaie.

Euskal Herritik 1.000 kilometrora bizi diren realzale eta athleticzaleak dira. Bi Euskal Herrian jaioak dira, eta zainetatik iritsi zaie afizioa, baina beste biak? «Ni, Iribarrengatik. Miretsi egin dut beti. Janzkera, izaera... Filosofia bat izan da niretzat», azaldu du Perezek. Ez dira hitz hutsak, Athleticen bigarren elastiko beltza jantzi baitu. «Iribar bezala, beltzez», esan dio Serranok. Eta zu? «Talderik onenaren zalea izan behar delako, eta hori, Reala da. Txapeldun izan zeneko taldeak lotu ninduen, 1980. hamarkada hasieran, eta orain arte. Eta semea atzetik datorkit: 15 urte ditu, Victor, hura zaldikoa da. Harekin ikusiko dut finala». Perezek ere ondorengoei txertatu die pasioa, eta semea eta biloba, Andaluzian jaioak, zuri-gorriak ditu.

De Castro eta Serrano Dos Hermanasko Nazarena realzale taldeak dituen 11 kideetako bi dira; 2004an sortu zen. «Antonio Chimeno hernaniarrak antolatu zuen. Egun, sare sozialekin, jendea aurkitzea errazagoa da, baina garai hartan iragarki bat jarri zuen egunkarian, realzaleak bilatzen zituela esanez, eta horrela gerturatu nintzen», gogoratu De Castrok. Bera 11 urterekin iritsi zen Andaluziara, eta gogoan du eskolako realzale bakarra zela. Chimeno 2009an hil zen, baina besteek jarraitu zioten haren bideari. «30 urtez bakardadean izan nintzen realzale, hauek aurkitu nituen arte», gehitu du.

Oskar de Marcos lagun taldea gazteagoa da. Hamar urte baino ez ditu, baina berrogei bazkide inguruko multzo sendoa batu du. «Betiseko eta Sevillako zale taldeekin harreman ona dugu. Ekintzak egiten ditugu: elkartzeak, bazkariak, txapelketak... Eta noski, Athleticekin zer ikusia duen edozein ekintzara gerturatzea». Adibidez? «Bada, inguruko partida guztietara, Betis, Sevilla, Almeria, Cadiz... eta noski, emakumeen partidak ere bai, baita Genuine ligakoak ere. Eta urtean behin, San Mamesera».

Txuri-urdinak ere makina bat kilometro eginikoak dira. «Guk Realaren arlo guztietako partidak ikusten ditugu: gizonezkoen eta emakumezkoen futbola, noski, baina baita belar hockeya eta atletismoa ere. Madrilera igo eta bi egunez jarraian emakumezkoen belar hockeya ikusitakoak gara, jo eta su animatzen», gogoratu du Serranok. «Arazo bat dugu, baina», esan du De Castrok. Zein? «Realaren urpekaritza sailekoak nola animatu ez dakigula». Beste hiruen barrea eragin du berriz.

2CV txuri-urdina

De Castro, izan ere, oso ezaguna da realzaleen artean. Makina batek atera dute argazkia haren auto ikonikoan: Citroen 2 CV txuri-urdin bat. «Orain garajean dut. Puntuan jartzea behar du, baina zelai guztietara joan naiz. Orduko 80 kilometro hartzen ditu asko jota, eta 200 kilometroz behin gasolina bota behar zaio. 15 ordu behar ditut Donostiara iristeko. Behin, gasolindegien greba zegoenez, kupelekin egin nuen bidaia». Eta bidaia asko izan dira. «Guk liga zozketa egiten denean erabakitzen dugu nora joan oporretan», erantsi du Serranok. «Realak ligako kanpoko lehen hiru partidak non jokatuko, hara goaz oporretan. 2019an, Mallorca, Valentzia eta Bilbo izan ziren».

Gustura ari dira hizketan laurak, baina final hau emozio goitibehera handi bat izan da. Zale sutsuak, finala beren hirian, urtebeteko itxaronaldia, zalerik ez... Vegak jarri dizkio hitzak sentimenduei. «Final honek gehien maite dudan guztia batzen zuen. Nire taldea, Euskal Herria, beste euskal talde baten aurka. Athleticen aurka ez balitz, nik Realak irabaztea nahiko nukeen. Eta non? Hartu nauen hirian, nire alaba jaiotzen ikusi zuen hirian. Final perfektua zen». Azalpena luzatu du: «Are gehiago, urte luzez hemen athleticzale izan direnei gorazarre egiteko balioko zuen. Eta realzaleei ere bai, noski. Urte askotan ez zen erraza, eta asko eman diete taldeei». De Castrok heldu dio hariari: «Sekulako ilusioa izan zen, eta kolpetik desagertu egin zen. Pentsa zenbat kilometro, eta orain hemen final bat esku-eskura izatea...».

Laurek, gainera, argi dute euskal zaleek giro on eta elkar hartze erakustaldia emango luketela. «Festa erraldoia izango zen. Giro oneko aurkakotasun bat, festa bat. Ez litzateke hemengo Betis-Sevilla partidak bezala. Hemengo jendeak ez luke sinetsiko», nabarmendu du De Castrok. Bi zale taldeek gogoan dute zenbat dei izan zituzten iaz pandemiaren mugak ezarri aurretik. Zientoka dei aterpea eskatzen edo aterpea non eta nola har zezaketen galdetuz. «Etxean lorategi txiki bat dut, eta lagunak kanpin dendekinetortzekoak ziren han gaua egiteko», gehitu du Vegak.

Zaleen gaiak, baina, gehiagorako eman du, eta De Castrok esan du bere ustez giro hori mikazten ari dela. «Gazteen artean bereziki, baina ez haiengan bakarrik. Kazetari jakin batzuen bideoak ikustekoak dira, gorroto mezuak zabalduz eta Reala mailaz jaistea nahiko luketela esanez». Serranok eta Perezek esan dute horiek «salbuespenak» direla, eta athleticzaleak iradoki du iritzi horiek bazter uzten jakin behar dela. Solasaldiak Vega harritu du: «Hainbesterako dela uste duzue? Pena ematen dit. Futbolak gozamen eta alaitasun iturri behar du. Tristea da gero gorrotoak zabaltzea. Gorrotoak, gainera, ahalegin handia eskatzen du. Ez du merezi».

Gabarra Guadalquivirren

Baina ez da zalerik egongo. Eta ulertzen dute. Perezek hartu du hitza, laukoteko beteranoenak. «Egoera honetan ezin da, eta kito. Jende asko gelditu da bidean, eta errespetua zor zaio. Gaitza ez da joan. Zale gutxi batzuekin jokatzea aztertu zen, baina hemengo jendeak ez luke ulertuko. Prozesio guztiak bertan behera utzi, hiriaren ikur direnak, eta futbolean jendea sartu? Jendeak ez luke ulertuko, eta hobe horrela». Arrazoia eman diote besteek.

Hala ere, biharko plan txikiak antolatu dituzte. Kideetako batek Alamillo zubi alboan duten tabernan elkartuko dira realzaleak. Athleticzaleek, aldiz, itsasontzi txiki bat alokatu dute bihar goizean Guadalquivirren gora eta behera ibiltzeko. «Eta igandean, gabarra», bota du Vegak. Serranok bizkor erantzun dio: «17ko finalerako ondo etorriko zaizue, bihar Realak irabaziko duelako. Ziur naiz. Baina Athleticen joko gogorrak beldur ematen dit, ez diren gureak atzean sartuko...». Perezek erantzun dio: «Urteak daramatzat Athleticen gogortasunarena entzunez, eta ez nago ados. Goikoetxeak Maradonari jotako ostikadan jaio zen, eta gaur arte mantendu da».

Serranoren iragarpenak atea ireki die kiniela eta pronostikoei. Hark Realaren aldeko 4-2koa bota du. «Eta ozen ospatuko dugu semeak eta biok». Perezek ere ausart jo du: «3-0 Athleticen alde. Hori jarri dut porran». Vegak 2-1eko zuri-gorria iragarri du, «eta bigarren gola, 92. minutuan». De Castrok itxi du erronda, Realaren aldeko 2-1ekoarekin.

«Eta gurasoei eskainiko diet garaipena», aitortu du De Castrok. «12 urterekin ikusi nuen lehenbizikoz Reala hemen, Granadan. Amak hamabi oihal zati zuri eta urdin josiz eskuz egindako banderarekin joan nintzen, eta oraindik gordea dut. Julitxo Ezeiza, ordiziarra. Candido aitarekin joan nintzen, hainbatetan bezala, hura Palentzian jaioa. Biak, baina, ez daude; otsailean zendu ziren, astebeteko tartean. Realzale handiak biak, haiengatik izan dadila». Hunkigarria izan da solasaren amaiera, eta Vegak jarri dio ginga. «Orain arte ez zintuztegun ezagutzen, baina gure egoitzara gonbidatuak zaudete. Nahi duzuenerako, hemen gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.