Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Franck

2021eko irailaren 8a
00:00
Entzun
Telebistaren magia zer den. Badira pertsona batzuk, sekula parean izan ez baditugu ere, familiarragoak zaizkigunak ondoko herriko lehengusuak baino; gehiago ikusten ditugunak tradizioz kuadrillakoak izanagatik aspaldi ihesean dabiltzan lagunak baino. Azkeneko hiru urteetan bizilagun izan ditugunak baino ezinbestekoagoak zaizkigunak, bai behintzat munduak bere horretan jarraitzen duela sentitu eta halako bake lasai bat sentitzeko. Hain egon dira presente gure egunerokoan, hain bihurtu dira iruditegi kolektiboaren parte...

Gertatzen zaigu, txirrindularitza zaleoi, Xabier Usabiagarekin. Gertatzen zitzaigun Maria Luisa edo Leonorrekin, Andoni Aizpururekin. Eta hala gertatzen zaigu, baita ere, Franckekin. Badira izen bertsuko beste batzuk pantailaren beste aldea den mundu horretan —Frank Underwood, Frank Gallagher, Frank de la Jungla— baina nahita ere ezingo dira sekula lehiatu Franck Dolosorrek gure gogomuinetan duen lekuarekin. Guretzat Franck beti izango da Dolosor. ETB1en ikusle izan denak nekez ahantz dezake bere ahots patsadatsua. Batzuok orena hitzaren esanahia ondo zein zen ez genekienean ere, han zen dagoeneko: albistegietan, Iparraldearen Orena saioan...

Baina Ken Zazpiren abestiak zioenez: ezer ez da betiko.22 urteko ibilbide oparoaren ostean, ETB1 utziko du Dolosorrek. Hala iragarri du kazetariak berak Twitterren, eta esker oneko txio uholdea eragin du berehala. Mezularien artean, denetik: lankide izan dituenak, ikus-entzuleak, beste komunikabide batzuetako kazetariak... BERRIAn bertan, albiste irakurriena izan da egun oso batez. Telebistaren magia zer den.

Ez da kontu berria Dolosorrekiko lilura —Ttun-ttun Brigadek abesti gogoangarri bat eskaini zion— baina, poztu bezainbeste, hazkura txikia eragin dit azken egunotako fenomeno horrek. Begirada horren atzean, ez ote da miresmena eta errespetuaz gain, nolabaiteko exotizazio bat ere? Ez ote da ETB eta Iparraldea lotu izan dituen hari finegia ia osorik bere esku utzi izanaren ondorio? Estimatzen dugu Franck. Baina nago bere lana eta ibilbidea omentzeko modu onena etorriko direnei begira jartzea dela. Gogoratuko dugu. Baina ETBn bera pixka bat ahazteko adina Ipar Euskal Herriko kazetari, aktore, eta abar izango bagenitu ere, seinale ederra litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.