Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Sua

2022ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Suak nahi beste esanahi eta interpretazio baimentzen ditu. Galdetu, bestela, Maialen Lujanbio edo Amets Arzallusi. 2009ko Bertso Txapelketaren buruz burukoan frogatu zuten maisuki, bederatzi puntuko bertso bana eskainita. Aurten Nafarroan egingo den finaleko sarrera salmenta ere on fire egon da egunotan, hainbeste non webgunea erori den. Eta, bien bitartean, suak, Nafarroan bertan, makina bat lur eta eraikin hondatu ditu.

Instagramen iruzkin lerdetsuak egiteko baliatzen den emotikonoa ere bada.

San Joan eguna da gaur, ordea, eta, urteko sasoi honetan, suak badu berezko esanahia. Udako solstizioaren ingurumarietan gaudela gogorarazten digu, eta haren bueltan egiten dugu kantu eta dantza. Metaforikoki edo literalki —eskolako koadernoak sutara botatzen genituen guk orain urte batzuk—, ikasturtearen amaiera eta balizko uda ederraren hasiera ordezkatzen ditu. Badu ekainaren 23ak inflexio-puntu edo reset egiteko eguna izateko joera: «Txarra erre eta ona eskatu».

Kasualitatea edo ez, San Joan bezperak eskatutako «on» horren lehen dosia ekarri du telebistara. Euskaraz ari diren hedabideen sarea eta EITBren arteko harremana ez da ahal bezain emankorra izan. Atzo, aldiz, Goiena TBk eta ETBk elkarlanean osatu zuten Arrasatetik zuzenean egindako saio berezia. Imanol Artolak (ETB) eta Goiatz Aranak (Goiena TB) egin zuten emanaldiaren kontakizuna; eta Aitor Agiriano (Goiena TB) aritu zen plazan, bertako giroaren berri emanez. Bi etxeetako zuzendariek aurreratu dutenez, elkarlan sakonagoaren lehen pausoa baino ez da.

Poztekoa da. Izan ere, tokian tokiko hedabideen sarea indartsua da Euskal Herrian. Idatzizko hedabideek zein tokiko telebistek erreferentzialtasuna dute han eta hemen, baita profesional finak ere. Maila nazionalean lan egiten duten proiektu komunikatiboetan, beste horrenbeste. EITBren aliatu —bi norabideetan, noski— izan daitezkeen zientoka ekimen daude: podcastgintzan dabiltzanak, makina bat gaietan adituak diren kazetariak dituzten berripaperak, baliabide gutxirekin bada ere ikus-entzunezkoak egiten tematu diren proiektu adoretsuak... Eta, orain arte, behar baino gutxiagotan egin dute topo. Ea ekainaren 23 honek betetzen duen, gai honetan ere, inflexio-puntu izateko ohitura zaharra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.