Futboleko Munduko Kopa

Rapinoe ozen mintzo da

AEBek 2-1 irabazi diote Frantziari, aurrelariak sarturiko bi golei esker, eta finalerdietarako sailkatu dira. Ingalaterra, hurrengo aurkari

Rapinoe ozen mintzo da.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Megan Rapinoek ez du aste gozoa izan. AEBetako selekzioko aurrelariak eztabaida izan du sare sozialetan Donald Trump bere herrialdeko presidentearekin. Rapinoek esana du Munduko Kopa irabaziz gero ez dela Etxe Zurira joango, eta kritiko mintzo da gobernuaren aurka. Bere gizarte konpromisoaren eredu, ez du AEBetako ereserkia abesten, bere ustez, herrialdean ez direlako LGTBI kolektiboen, beltzen edota etorkinen eskubideak errespetatzen. Bada Trumpek erantzun egin dio aste honetan, «lehenbizi lana egiteko», esanez, eta Rapinoe ez da isilik gelditu. Prentsa aretoan erantzun zuen herenegun, eta atzo zelaian. Bi gol sartu zizkion Frantziari, eta horri esker bere selekzioa Munduko Kopako finalerdietan da. Ingalaterra izango du aurkari asteartean.

Partida hasi eta berehala sartu zuen lehen gola (5. min.). Alex Morganek falta bat eragin zuen arearen ezker aldean, eta Rapinoek hartu zuen baloia besapean. Bera da geldikako jokaldien arduraduna. Ezker hegaletik jokatu arren, eskuina da, eta falta atera jaurti zuen. Itxi-itxi atera zuen, lehen zutoinera, eta pozoitu egin zen bidean. Inork ez zuen baloia ukitu; mirari bat, gurutzatu ziren jokalari kopuru kontuan hartuta. Hanka eta gorputz anabasa horrek Sarah Bouhaddi Frantziako atezainaren ikusmena estali zuten, eta baloiak sareetan bukatu zuen. Etxeko taldearen atzeko lerroak ez zuen sendotasunik erakutsi golean.

Golak lehen zatia baldintzatu zuen. Munduko Kopako bi defentsa onenen arteko talka zen, eta lehen gola sartzen zuenak asko egina zuen. Emaitza alde, AEBek hamar metro egin zuten atzera, eta Frantziaren oinetan utzi zuten baloia. Frantziak, baina, sufritu egin zuen, jokoa eraikitzeko arazoak izan zituen, eta baloia izan arren, ez zuen zirrikiturik aurkitu AEBen atzeko lerroan. Erdiko atzelariek lehen zati galanta egin zuten, eta atsedenaldian gerturatu ahala Frantziaren ezina handitzen joan zen. AEBek, aldiz, kontraerasoa bilatu zuten, gehienetan ezker hegaletik. Rapinoek eta Crystal Dunn hegalekoak elkar ondo hartu zuten, baina ez zuten aukera oso garbirik sortu.

Lehen zati zozoaren ondoren, bigarrena biziagoa izan zen. Frantziak beste abiadura baterantsi zion jokoari, Kadidiatou Diani eskuineko erdilariaren bitartez. Buruz buruko jokaldietan arriskua sortu zuen, baina ondo zaindu zuten. AEBek bitartean, kontraerasoan jarri zuten fedea, eta horrela sartu zuten 2-0ekoa (65. min.). Jokaldia eskuinetik josi, eta Tobin Heathek erdiraketa neurtua atera zuen. Burua altxatu, eta Rapinoe ikusi zuen bakarrik bigarren zutoinean.

Bigarren gola jasotzeak Frantzia suspertu zuen, eta itsuan jozuen erasora. 81. minutuan sartu zuen 1-2koa, Wendie Renard atzelari garaiaren burukada batekin. Eztabaida ere egon zen, epaileek ez zutelako adierazi Frantziaren aldeko penalti bat. Baloiak garbi jo zuen Kelley O'Hara AEBetako atzelariaren besoan, baina epaileek ez zuten ezer adierazi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.