Albistea entzun

Lide Urrestarazu. Mendiko korrikalaria

«Mendi lasterketetan ziurtatuta dago euskal emakumeen geroa»

Denboraldi bikaina egin du Lide Urrestarazuk. Estreinakoz aritu da maila gorenean, Espainiako Kopan, eta hirugarren postuan sailkatu da. 22 urte besterik ez ditu, eta zeresana emango du datozen urteetan.
UNAI UGARTEMENDIA Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2021eko azaroak 2 - Donostia

Unibertsitateko klaseen arteko atsedenaldi batean izan da elkarrizketa. Lide Urrestarazu (Ordizia, Gipuzkoa, 1999) Medikuntza ikasten ari da Donostian, eta bertan egiten du aste osoa. Mendi lasterketen sasoia amaitutzat eman berri du. Gorputzak atseden hartzeko eskatzen dio.

Zer moduz joan da denboraldia?

Urte hasieran, ez neukan inongo aurreikuspenik. Pandemia ondorengo lehen denboraldia izango zen, eta dena kolokan zegoen. Ez zegoen argi oraindik zein proba jokatuko ziren eta zeintzuk ez. Pandemiaren eraginez, mendian ordu asko pasatu nituen, eta horrek distantzia luzeagoetan hobeto moldatzeko balio izan dit. Fisikoki oso ondo sentitu naiz. Niretzat distantzia luzeak dira oraindik 30 eta 35 kilometro artekoak, eta beldurra kentzeko balio izan dit sasoiak. Helburuak bete ditut, eta uste baino askoz hobeto ibili naiz.

Pandemiak asko eragin al dizu?

2020ko denboraldirako gogo handia nuen. Egurra emateko asmoa neukan, baina pandemiak dena zapuztu zuen. UZ Traila [Urretxu-Zumarragan (Gipuzkoa)] jokatu nuen pandemiaren aurretik, eta oso gustura amaitu nuen. Pandemia, berriz, oso gogorra izan da. Nire adinarekin, unibertsitatean, lagunekin eta inguruko jendearekin gauza asko ditugu egiteko, eta pandemiak hori dena murriztu digu. Kalean ezin genuen kuadrillakoekin egon, mahaietan hirurekin bakarrik... Etxean egon behar izatea gogorra izan zen. Hala ere, sozialki izan ditudan mugek mendian gehiago ibiltzera eraman naute.

Sevillan jokatu zen Espainiako Kopako lehen proban hasi zenuen 2021eko denboraldia.

Bai. Gaikar mendi taldekoekin joan nintzen. Ordura arte, bakarrik entrenatzen nintzen, eta haien gonbita jaso nuen denboraldia osatu eta Espainiako Kopako lehen probara joateko. Aukera ona iruditu zitzaidan jende berriarekin entrenatzeko, eta lehen proba hartara ere haiekin joan nintzen. Gustura ari nintzen entrenatzen, baina ez nekien sasoiz ondo iritsiko nintzen. Lasterketa ondo atera zitzaidan: laugarren amaitu nuen, eta lehena etorkizuneko mailakoen artean. Handik bi astera, Espainiako Txapelketak ziren, eta euskal selekzioaren deia jaso nuen.

Nola gogoratzen duzu deia jaso zenuen momentua?

Azterketa garaian nengoen, eta liburutegian ikasten ari nintzen. Izugarrizko ilusioa egin zidan. Iñaki Uribe-Etxebarria hautatzaileak deitu zidan. Gazteen mailan ere ibilia nintzen harekin, eta Espainiako Txapelketara joatea proposatu zidan. Ezin nion ezetz esan. Inork amestu dezakeen aukera iritsi zitzaidan. Hamargarren postuan amaitu nuen. Emaitza ikusita, Espainiako Kopa osoan lehiatzeko aukera eskaini zidaten, eta baiezkoa eman nien, zalantza egin gabe. Poz ikaragarria sentitu nuen, beti delako pozgarria euskal selekzioarekin lehiatzea. Gero, Kanaria Uhartean eta Malagan jokatu nituen Espainiako Kopako beste bi proba, eta Gorbeia Suzienen, Andorran eta Limonen (Italia) Munduko Kopakoak. Guztietan oso gustura sentitu naiz.

Espainiako Kopan hirugarren izan zara. Espero al zenuen?

Ezta gutxiagorik ere. Denboraldi hasieran hirugarren izango nintzela esan balidate, erotzat hartuko nituzke.

Presio berezia sortzen al du euskal selekzioarekin lehiatzeak?

Bai. Gauza ezberdina da. Azken urteetan nire kasa ibili izan naiz, batere presiorik gabe. Eta bai, presioa ezberdina da.

Mendian korrika dabiltzan asko bezala, zu ere krosetik zatoz. Zergatik utzi zenuen?

Txikitatik atletismoan ibilitakoa naiz Ordiziako Txindoki taldean. Baginen neska talde bat gehienbat krosean eta iraupen probatan ibiltzen ginenak. Oso gustura ibili nintzen urte askotan. Espainiako Txapelketetara joaten ginen, proba ezberdinetara... Giro bikaina genuen. Baina Medikuntzako ikasketekin hasi nintzenean bakarrik entrenatzen hasi behar izan nuen. Denboraldi bat egin nuen, baina konturatu nintzen jada ez ninduela asebetetzen. Hiru urte pasatu dira azkeneko krosa jokatu nuenetik. Azkar pasatzen da denbora.

Krosaren falta sumatzen duzu?

Batere ez.

Zer eman zizun?

Kirol ikuspegitik, lehiakortasunerako txispa eta sufritzeko gaitasuna; eta, bestetik, jendea ezagutzea. Mendian baino jende gazteagoa ibiltzen da krosean, eta adineko jendearekin ordu asko pasatzeko aukera eman dit.

Noiz egin zenuen jauzi mendira?

Euskal selekzioan ibilia nintzen. Banekien mendian korri egitea zer zen, eta konturatu nintzen mendiak askoz ere gehiago erakartzen ninduela.

Gogoan al duzu mendian jokatu zenuen lehen lasterketa?

Noski! 2015ean izan zen Garinen [Beasain, Gipuzkoa]. Egun berean krosa ere bazen, baina mendi lasterketara joatea erabaki nuen. Entrenatzaileari ez zion grazia handirik egin, baina oso pozik amaitu nuen. Giroa izugarria iruditu zitzaidan, eta gogoan daukat Elena Calvillok irabazi zuela. Hura ezagutzeko aukera izan nuen, eta hirugarren amaitu nuen. Ezin nuen gehiago eskatu.

Krosetik mendiko lasterketetara egindako jauzian, zer izan zen gogorrena?

Gorputza beste erritmo batzuetan korritzera ohitu behar izan nuen. Indarrak neurtzea oso garrantzitsua da, eta lasterketa luzeetan, are gehiago. Jaten eta edaten ere ikasi behar da; hori ezinbestekoa da. Denbora behar da hori guztia ikasteko. Esperientzia pilatzea oso garrantzitsua da. Ondo moldatu naizela esango nuke, baina asko dut ikasteko.

Handik gutxira, euskal selekzioko gazteen taldean sartu zinen. Zer oroitzapen duzu garai haietaz?

Oso oroitzapen onak ditut. Nirekin batera Irati Zubizarreta laguna ere ibili zen. Atletismotik ezagutzen genuen elkar, baina niretzat oso garrantzitsua izan zen haren laguntza. Asko zor diot. Talde polita genuen. Tartean ziren, esaterako, Aitor Ajuria, Anartz Artola, Ander Gaviña eta Aitor Insausti. Askotan helduekin joaten ginen Espainiako Kopako probetara, eta asko ikasi genuen.

Emaitza bikainak lortu dituzu aurten, baina denetan aipagarriena Gorbeia Suzienen lortu zenuen hirugarren postua izan da: Munduko Kopan, etxean, eta euskal selekzioarekin.

Izugarria izan zen. Atzetik aurrera egin nuen korri. Une oro bosgarren edo seigarren joan nintzen, baina azken kilometroetan oso sentsazio onak izan nituen. Lehenik, Oihana Kortazar aurreratu nuen. Banekien ez zegoela bere sasoirik onenean, baina hura aurreratzeak indarra eman zidan. Laugarren jarri nintzen, eta jada pentsatzen nuen horrela amaituko nuela. Baina, nire harridurarako, azken kilometroetan Oihana Azkorbebeitia aurreratu nuen. A zer estualdia eman zidan hura aurreratzeak. Ispilu izan ditut Kortazar eta Azkorbebeitia urte askoan. Helmuga hirugarren postuan zeharkatzea ikusgarria izan zen.

Errefenteak izan al dira zuretzat Kortazar eta Azkorbebeitia?

Bai, noski. Niretzat emakume euskaldunak izan dira erreferente nagusi mendi lasterketetan. Baina ez da euskaldunak direlako soilik; ikusi besterik ez dago munduko lasterketarik onenetan zein ondo aritu diren. Nazioartean ere gauza handiak egindakoak dira. Niretzat ere oso garrantzitsua izan da haiek aurretik egin duten lana, eta ez nituzke aipatu gabe utzi nahi beste batzuk ere; esaterako, Maria Zorroza, Calvillo edo Laida Elizegi. Ziur nago oraindik ere gauza handiak egingo dituztela.

Euskal Herrian mendi lasterketetan, eta emakumeen artean bereziki, belaunaldi arteko hutsune bat egongo zela zirudienean, hortxe azaldu zarete Sara Alonso, Onditz Iturbe, Zubizarreta eta zu zeu. Geroa ziurtatuta al dago?

Kirol hau indar handia hartzen ari dela iruditzen zait, eta atletismotik jende askok emango du jauzia. Atzetik datozenentzat ere oso garrantzitsua da ikustea gu ere hor gabiltzala. Emakumeen presentzia ez da gizonezkoen berdina, baina hori kirolean orokorrean dagoen arazo bat da. Kirola, azkenean, gizartearen isla da, eta emakume zein gizonei ezartzen zaizkigun rol edo ezaugarriek baldintzatzen dute hein handi batean emakumeon parte hartzea. Mendian bertan, gizonak adina emakume ikusten diren arren, lasterketetara jauzia emateko beldur handiagoa dugu emakumeok; agian, maila ez dugula emango iruditzen zaigulako. Halere, Euskal Herrian behintzat, izugarrizko maila eman duten emakumeak daude, eta geroa ziurtatuta dagoela esango nuke.

Mendi lasterkarien profila asko aldatu da. Lehen, mendizaleak ziren. Orain, berriz, errepidetik datorren jendea da gehiengoa. Zuk ere nabaritu duzu aldaketa?

Bai. Ni hasi nintzenean ere, mendizalearen profila zen nagusi, baina azken urteetan errepidetik jende asko etorri da mendira. Nik ere ibilbide hori egin dut. Atletismotik datorren jendea erlojuaren menpe egoten ohituta dago, eta mendian erlojuak ez du hainbesteko menpekotasunik sortzen. Ni inoiz ez naiz erlojuaren aldekoa izan.

Atletismoan, agian, neurtuagoak izaten dira distantzien arteko jauziak. Mendian, ordea, errespetua galdu zaio distantziari. Kilometroei dagokienez, zuk non duzu orain arteko helmuga?

Oso gauza pertsonala da kilometroena, baina iruditzen zait gauzek denbora behar dutela. Gorputza ohitu egin behar da distantzietara, eta hori ez da bi egunetan lortzen. Garapenak naturala izan beharko luke, eta ez behartua. Nik argi dut oraindik 30 kilometro inguru dituzten lasterketetan ibiliko naizela.

Zein ezaugarri dituzu zuk?

Atletismotik etorrita, azkar joatea gustatzen zait, eta, behar bada, jaitsieretan moldatzen naiz hobekien. Abiadura ondo landu izan dut urte askoan, eta eremu teknikoetan ere nahiko ondo moldatzen naiz. Baina hobetzeko ere gauza asko dauzkat; esaterako, igoeretan. Entrenatzen jarraitu beharra dago.

Datorren urtera begira, zerbait pentsatuta daukazu?

Oraindik ez dakit zer egingo dudan. Lehenik, ikasketetan zer egin pentsatu beharra daukat. Agian, Erasmus beka batekin kanpora joateko aukera izango dut, eta ez dut baztertu nahi. Hego Amerikara joan nahi dut, eta, uztailean joaten garenez, ezingo nuke sasoi osoan lehiatu. Ezingo nuke konpromiso itxirik hartu inorekin Espainiako Kopa oso bat edo Munduko Kopako egutegiko probak egiteko. Kanpora joaten naizen edo ez: horrek baldintzatuko du erabakia. Orain atseden hartu nahi dut. Izango dut astia zer egin erabakitzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MANIX DIAZ DE RADA / REALA

«Futbolean, bizitzan bezala, ez gara linealak. Garai onak aprobetxatu egin behar dira»

Jon Ander De la Hoz

Realak «ondo eta konfiantzaz» abiatu du sasoiaren bigarren zatia, Mikel Oiartzabal jokalariaren ustez. Eibartarrak dio egindakoei ez zaiela erreparatu behar, eta lehia estua aurreikusi du ligan goialdean bukatzeko: «Partida denak dira garrantzitsuak».
Jokin Altuna, errematatzear, Danel Elezkano begira duela, atzo, Labriten. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Beste estutu bat eman diote

Julen Etxeberria

Altuna III.ak eta Martijak 22-13 irabazi diete Elezkano II.ari eta Zabaletari Iruñean, eta Peña II.ak eta Albisuk 22-14 hartu dituzte mendean Laso eta Imaz Markina-Xemeinen

Gaur jokatuko dute Osasunak, Realak, Athleticek eta Alavesek
Mendizale bat erreskateko helikopteroari begira, Belaguako aterpetxearen inguruan. ©JESUS DIGES / EFE

Mendia ez dago edonorentzat

Unai Ugartemendia

Urtea hasi zenetik bost mendizale hil dira Pirinioetan. Azken astean gehiago korapilatu da kontua, eguraldiak asko aldatu baitu elurraren egoera. Zuhurtzia eskatu dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Unai Ugartemendia

Informazio osagarria