«Kalitatearen bila goaz»

Traineru Jaitsiera da etzi Hondarribian. Zertarako diren eta udarako bidean zer funtzio duten azaldu du Jokin Gijarrok, Zarauzko mutilen taldeko eta Zumaiako nesken prestatzaile fisikoak.

Zumaiako emakumezkoen trainerua Oria ibaian lanean, Jaitsieran, duela aste eta erdi. JOXE MARI OLASAGASTI.
Aitor Manterola Garate.
Zumaia
2022ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Udan azaltzen dira traineruak lehia ofizialera. Lau urtaroetatik bakarrean aritzen dira elkarren aurka. Udazkenaren zati bat, eta negu zein udaberri osoa prestatzen aritzen dira arraunlariak udarako. Luzea da gorputzak doitzeko bidea. Hori arintzeko eta prestakuntzaren barruko beste ariketa baten moduan, traineru jaitsierak izaten dituzte negutik uda artean.

Euskal Herrian, dagoeneko, jokatu dituzte hiru: Portugaletekoa, Sestaokoa eta Oriokoa. Etzi dute Hondarribikoa, eta hilaren 26an, Pasai San Pedrokoa. Lehia ere badira estropada horiek, baina udara begirako prestakuntzaren zati dira gehiago. Besteak beste, erreminta eraginkorra prestatzaile fisikoentzat, udazkenetik hasten den bide amaigabe horien disenatzaileentzat.

Jokin Gijarro (Zumaia, Gipuzkoa, 1987) da horietako bat. Telmo Deun traineruko patroi ohiak bere betiko taldeko emakumezkoen multzoa doitzen du fisikoan, Kike Manterola entrenatzailearekin elkarlanean, eta Zarauzko gizonezkoen prestakuntzaren ardura ere badu, Asier Puertas entrenatzailearekin bat. Inork baino hobeto daki udara begirako trabesia luzean zein fasetan dauden: «Oraindik bolumena edo karga sartzen ari gara. Baita intentsitatea ere tarteka, kalitatea esaten zaion hori». Hain justu, jaitsieretan lortu nahi izaten duten hori «Kalitatearen bila joaten gara estropada hauetan».

Zer da, bada, kalitatea? «Intentsitatea da azkenean. Lan anaerobikoa egitea da». Eta bolumena zer da? «Uretan eta ergometroan uretako minutuak bilatzea da, Core ariketak egin eta pisua altxatzearekin bat. Estropadak 20 minutukoak izanda, oinarri sendoa jartzen saiatzen gara: pultsazio baxuetan, iraupen luzeko lanak dira. Lan aerobikoa». Bi lanak uztartzen ari dira, hortaz, arraunlariak. Geroago etorriko da beste lan mota bat: «Aste Santutik aurrera intentsitatea nagusituko da, txispa, bizitasuna».

Jaitsieren garaia izanik oraingo hau, prestakuntzari zer ematen dion azaldu du: «Lehia ere badirenez, udari begira ere jartzen gara: lan psikologikoa, elikadura modu eta denbora jakin batean egitea, eta udako ordutegiaren simulazioa ere badira. Ez da erabateko prestakuntza udakoa, baina buruarentzat bada adi egoten hasteko seinalea». Onartu du, hala ere, ez direla helburu: «Entrenamenduak ez ditugu bideratzen estropada hauetara».

Baina estropada dira, udan bezalakoak gutxi asko: hogei minutuko lanak. Denbora horretan sartzeko, ezin da neguan oinarri izan den bolumenarekin bakarrik egin. Intentsitatea ere behar du, bizitasuna: «Esnatu egin behar da arraunlariaren gorputza, bihotzari zartako bat eman». Baina inar hori ez da helburu: «Entrenamenduen parte delako lantzen dugu, ez jaitsierengatik». Intentsitate hori lantzeko nola egiten duten gehitu du: «Pultsometroarekin, eta watioak simulatuz, estropadetako antzekotasun batzuk bilatzen saiatzen gara».

Jaitsierak oso egokiak dira informazio zehatza jasotzeko: «Datuak jasoko ditut. Ustez palada erritmo bat menderatzen dugu, baina ea zenbat minututan garen gai horrela joateko. Arraunkera galtzeak edo ez emango dit informazio hori». Arraunlari bakoitzaren lana ere neurtzen du, urtarrilean egindako testekin, eta astero egun batean pultsometroa jarrita jasotako datuekin alderatuz: «Pultsometroa eramango du bakoitzak berea, jaitsieran zer parametrotan ibili den neurtzeko. Galdetu ere egingo diet, ondo joan diren edo ez. Mila balio dira azkenean, eta dena jakitea interesgarria da».

Zer eskatuko die arraunlariei etzi?: «Orain ezin zaie eskatu 36 paladako erritmoan joateko. Hala eginez gero, arraunketa galduko lukete. Hobe da 32-33-34 paladako erritmoan joatea, arraunean ondo eginez: uretan bizi pasaz pala, eta pala uretatik kanpo denean, denbora emanez, traineruari minik ez emateko, uretan ondo nabiga dezan».

Nekea. Horra beste eragile bat jaitsieretakoa: «Nekeak eragin dezake pala uretatik kanpo denean egin beharreko lana biziagotzea, uretan ezin garelako azkar pasatu orain. Patroiaren lana izaten da taldea egonkorra izatea arraunketan. Hala ere, orain errazagoa da taldea erortzea fisikoan, arraunlariak ez daudelako sasoi berean, udan ez bezala».

Neskekin, ñabardura bat

Orain arte azaldutako lanaren funtsa betetzen ari da Gijarro Zumaiako emakumezkoen taldearekin ere, baina bada bereizgarri bat: «Talde berria da, eta jende gaztea dago. Oinarri handiagoa lortu nahi izan dugu, arraunkera trainerurako egokitzea, ontzi txikietatik datozelako gazte horiek. Horrez gain, gorputzaren lanketa ere egin dugu. Beste entrenamendu batzuk dira, baina ondo ari direnez arraunkera hartzen, ari gara intentsitatea sartzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.