Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Arinak ez du zertan azalekoa izanik

2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Atsegina, entretenigarria, dibertigarria eta sinpatikoa izateaz gain, gaur egungo gizartearen hainbat alderdi islatzen eta, hala ikusi nahi bada behintzat, kritikatzen ditu Olatz Arroyok eta Marta Sanchezek sortu eta Emilio Martinez Lazarok zuzendutako Supernormal telesailak (Movistar Plus, 2021), joan den ostiralean estreinatua.

Miren Ibarguren aktore donostiarrak jokatzen du Patricia Picon pertsonaia nagusiaren rola. Telesailaren ardatz nagusi eztabaidaezina da Patricia, bankaren eta finantzen mundu basatian gora egin duen eta are gorago egin nahi duen exekutiboa, guztiz efiziente eta lehiakorra. Horrek ez dio eragozten, edo hala uste du berak behintzat, bizitzaz behar bezala gozatzea, hiru seme-alabekin, senarrarekin (Diego Martín), ahizparekin (Barbara Goenaga) eta amarekin (Marta Fernandez Muro) dituen harremanei behar duten arreta emanez, idazkariak (Gracia Olayo) eta neskameak (Usun Yoon) emandako laguntza ezinbestekoari esker. Orekari eustea, ordea, ez zaio batere erraza suertatuko, eta Patriciaren zoriontasunaren superontzian zirrikitu askotatik sartzen da ura, lehenbailehen kanporatu beharrekoa hondoratzea eragotziko bada. Oso zaila baita Patriciaren supernormaltasun tatxarik gabekoari eustea.

Komedia tonua du Supernormal-ek, egoera komiko eta irrigarri batzuek nabarmendua eta pertsonaia batzuek tarteka kamerari begira egiten dituzten adierazpenek ematen dioten dokumental faltsuaren itxurak areagotua. Baditu dramatismora hurreratzen diren uneak ere, Patriciak bere egoera perfektuari eusteko larrialdi benetan estuei egin beharko baitie aurre, baina horietan ere umorezko tonuari eusten dio nagusiki telesailak. Gisa horretan, arintasunez baina aski zorrotz jorratzen ditu gai aski sakon batzuk; hala nola, arrakasta sozialaren eta zoriontasun pertsonalaren arteko harreman tirabiratsua, lehiakortasun profesionalaren eta etikaren artekoa, kristalezko sabaia, espekulazio finantzarioa, gizartearen eskakizunak eta normaltasuna, familia, kontziliazioa, heziketa, edo etxeko lan feminizatuen prekaritatea.

Arina da, beraz, Supernormal, baina ez azalekoa. Ederki esan zuen Arantxa Iturbek, aspaldi, Euskaldunon Egunkaria-k argitaratutako elkarrizketa batean: «Arinak ez du zertan azalekoa izanik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.