Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Txikia eta kabroia

2020ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Ostiral honetan eskainiko du ETB1ek Barre librea umore saioaren laugarrena, eta gonbidatuak Elena Irureta, Aizpea Goenaga, Getari Etxegarai eta Telmo Irureta izango dira. Barre librea-k ez du ezer asmatu formatu aldetik; bi aurkezle eta lau gonbidaturen bakarrizketek osatzen dute saioaren ardatza, eta tarteka, esketxak ere eskaintzen dizkigu. Hala ere, hirugarren saioa ikusi ondoren, eta ETB1en ikustera ohituta gaudenarekin alderatuta, hainbeste atsegin dudan berri usaina hartu diot saioari. Abantailaren bat behar zuen euskaraz ezer gutxi ekoizteak... Barre librea Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak gidatzen dute, eta bien arteko feeling ona erabat kutsakorra da lehen segundotik. Oinarri hori izanda, askoz errazagoa da saio atsegin bat eraikitzea, eta, nire ustez, lortu dute. Aurrekoan, Olentzerori gutuna idazten ari nintzela, euskal klixeez libre zen umore saio bat aipatu nizuen nire desio zerrendaren goialdean. Adi ibili banintz, jakingo nuke, dagoeneko, bazela halako bat. Gai unibertsalak modu naturalean lantzen dituzte, gure ikuspegitik eta ahotsetik, baina Wazemank-i gogoratzen diodan itxi usaina alde batera utzita (ala, esan dut). Gonbidatuen aukeraketa egoki zein anitza da. ETBn ikustera ohituak gauden aurpegiak, aspaldi ikusi ez ditugunekin eta ETB1en orain arte ikusi gabe ginenekin nahasten dituzte. Horretaz gain, gonbidatuek saio bakoitzean gaiak tonu zein ikuspegi ezberdinetik lantzeko aukera eskaintzen duen profil bilduma osatzen dute.

Jon Plazaolak «txikia eta kabroia» dela bota dio Aitziber Garmendiari hirugarren ataleko une batean, eta uste dut horixe dela saio hau definitzeko modurik egokiena. ETB1eko umore saioetako ohiko zuzentasuna alde batera utzi, eta entzuten nor arituko den apur bat ahaztuz, ordubetez ahoan irribarrea nuela egotea lortu du. Aurrekontu txiki batekin, eta handikeriak alde batera utzita —derrigorrez gurean—. Ezin aipatu gabe utzi, emaitza horretan ardura handia duten Getari Etxegarai eta Kepa Errasti kolaboratzaile finkoak —Moderno Monozigotikoen dosi gehiago behar ditut, mesedez—. Eta nola ez, halako saioetan berebiziko garrantzia duten eta, horiek bai, guztiok ahazten ditugun gidoigileak: Aitor Ormaetxea eta Ane Gerra. Zorionak eta segi kabroiak izaten; bidean, txikitik handira pasa bazaitezkete, are hobe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.