Azoka ere jo du pandemiak

Donostiako San Martin merkatua pandemiaren aurretik zuen martxa hartzen ari da poliki-poliki. Nahiz eta salmentek behera egin, betiko bezero askok ez diote bertara joateari utzi.

Hemengo fruta eta barazkien postuak merkatuko lehen pisuan. GORKA RUBIO/ FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Ia goizeko hamarrak dira, eta San Martin merkatuaren inguruak (Donostia, Gipuzkoa) mugitzen hasiak dira. Oinezkoentzako kaleak banatzaileen furgonetez eta kamioiez josirik daude; han-hemenka dabiltza banatzaileak, orgak kutxaz beterik. Merkatura sartu orduko, mugimendua ikus daiteke. Baserritarrak barazkiak postuan jartzen ari dira, txukun-txukun; eguneko lehenengo bezeroek esku artean dituzte poltsak eta orgatxoak, batzuek jada beterik, eta beste batzuek betetzeko oraindik. Arrandegiek dituzte bezero gehien, astelehenetan ez baitago arrainik.

Bizirik dago merkatua, baina, hala ere, ez da betikoa. Mota guztietako maskarak, gel hidroalkholikoak eta plastikozko eskularruak ikusten dira nonahi. Koronabirusaren aurkako neurriak zorrotz betetzen dituzte San Martinen.

Nahiz eta bezeroak joan eta etorri dabiltzan, Nati arrandegiko Arantxa Izagirre eta Abatza postuko gazta saltzaile den Ioritz Imaz bat datoz: jendea gero eta beranduago joaten da merkatura.

COVID-19aren aurreko garaiak atzean gelditu dira; orain, egoera oso bestelakoa da. Beherakada handia nabari da salmentetan; batez ere hemengo bezeroak joaten dira azokara. Nicasio harategiko Puy Etxeberriak, esaterako, azaldu du«betiko bezeroekin» egiten dutela lan, gehienbat.

Hala ere, ingelesezko hitzen bat edo beste entzuten da bezero eta saltzaileen hizketaldien artean. Motxilak bizkarrean, postu guztiak adi begiratzen ari dira. Donostiako merkatuak bisitari kuriosoz betetzen dira sasoi honetan, baina aurten ez da halakorik gertatu. Errekalde baserriko Santi Olaziregik aldaketa nabari du: «Aurreko urtean, kanpotar gehiago ikusten zen».

Garai zailak dira merkatari txikientzat. Koronabirusak gogor jo du ekonomia, eta askori aldapan gora egiten ari zaie normaltasun berrira ohitzea. Nati arrandegiko Arantxa Izagirrek gogoratu du garai gogorra izan zela itxialdia. Konfinamendua hastean, azokako saltoki askok bezala ireki beharra zuten, baina jendea ez zenez etxetik ateratzen, izugarrizko beherakada izan zuten. «Gero, eskaerak etxera eramaten hasi ginen, eta hor buelta eman genion egoerari», kontatu du Izagirrek. Euskal Herriko hainbat eremutan izandako agerraldiek ere eragina izan dute, apur bat egin baitu behera erosle kopuruak.

Ezjakintasuna da nagusi saltzaileen artean, ez baitakite nolako uda izango den aurtengoa. «Abuztua den arren, ez dirudi abuztua denik», diote askok. Egunean egunekoarekin aurrera egitea da orain egin beharrekoa, etorkizunera gehiegi begiratu gabe. Nicasio harategiko Puy Etxeberriak argi du: «Ez dakit udarako zer aurreikuspen egin: egunean egunekoa».

Hala ere, merkatariak nahiko baikor ageri dira; izan ere, lehengo erritmoa berreskuratzen ari dira, pixkanaka-pixkanaka. «Azken asteetan izan dugun erritmoarekin jarraitzen badugu, ez da hain udatxarra izango, nire ustez», azaldu du Ioritz Imazek, Abatza postuko gazta saltzaileak. Gustura dago Imaz. Joan den azaroan hasi zen San Martin merkatuan Euskal Herriko gazta saltzen, eta bezeroen harrerarekin oso pozik ageri da. Haren negozioak joera egokia hartu du, nahiz eta garai hau ez den salmentarako egokiena.

Zailtasunak zailtasun, donostiarrak hemengo produktuen alde egiten ari dira, sektorea aurrera atera ahal izateko. Urnietako (Gipuzkoa) Errekalde baserriko Santi Olaziregik adierazi duen moduan, «datorrena datorrela, aurrera egin behar».

Metroaren lanak

Donostiako kaleak aldatzen ari dira metroaren obren ondorioz. Donostiarrak aspalditik dira metroaren lanen lekuko, eta, udalak aurreikusten duenez, gutxi gorabehera 2022rako amaituta egongo dira obrak. Hiriburuko beste hainbat kale bezala, San Martin kalea ere itxita dago lanen ondorioz. Zulagailu erraldoi batek hartzen du errepidea. Hori dela eta, hiriko zirkulazioa hankaz gora dago orain. Horrek ere badu eragina San Martin merkatuan. Erosle asko ezin dira autoz joan merkatura, aparkalekuak urrun daudelako. Autobusen geltokiak ere lekuz aldatu behar izan dira. Orain, autobusak ez ditu hain gertu uzten bezeroak.

Arantxa Izagirre saltzaileak metroaren obrek salmentetan zer eragin duten azaldu du: «Gure bezero gehienak nahiko helduak dira. Metroaren lanek sortutako egoera dela eta, nahiko gaizki moldatzen dira erosketen orgatxoarekin ibiltzeko». Lanak laster amaitzea espero dute saltzaileek; izan ere, bai pandemiak eta bai metroak sortutako egoerak ez baitie batere laguntzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.