Bilboko Aste Nagusia

Dinosauro bat Bilbon korrika

Guraso, ume, gazte eta helduak erakartzen ditu urtero Bilboko Hiri Krosak. 24. aldia izan da, eta lasterketa serio eta ez hain serio hartzen dutenak nahasian ibili dira.

2.000 pertsonak egin zuten korrika atzo Bilboko 24. Hiri Krosean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2022ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Goiz bete da gurasoz Bilboko Epaltza Alargunaren kalea. Alde batean eta bestean ipini dira, seme-alaben izena oihukatzen. Garesti egon da lekua, eta hainbat ilara egin dituzte nagusiek irteera ondoan. «Goazen bestaldera, hemen txosnarekin ez dugu ondo ikusiko eta», esan dio guraso batek bikotekideari.

2.000 pertsonak egin dute korrika Bilboko 24. Hiri Krosean. «Hiru minutu geratzen dira», esan dute bozgorailutik. «Bi minutu... has zaitezte hurbiltzen». «Minutu bat...», eta bota dute txapligua. Ziztu bizian ekin diote lasterketari 6 urtetik beherako txupeteak eta txikiak kategoriako neska arinenek. Haien atzetik, gurasoek lagunduta joan dira gehienak: batzuk eskutik oratuta, besteak besoetan, eta baten bat negarrez ere bai. Guraso askok egin dute korrika sakelako telefonoa eskuan, seme-alabak grabatzeko eta argazkiak ateratzeko. Agur keinua egiten sartu da azkenetako mutiltxoa txalo artean, alde batera eta bestera begira.

Berehala sumatu da lehiakortasuna eta irabazteko grina kategoria handiagoetan. Haurren, kadeteen eta gazteen kategorietan berotzen eta luzatze ariketak egiten aritu dira lasterketa baino lehen, baita sorbaldekin bata bestea sakatzen irteeran leku hobea lortzeko. Atletismo taldeetako elastikoak jantzi dituzte gehienek. Mihia aho kanpoan zeukatela abiatu dira zenbait, eta haginak estututa beste batzuk. Haurtxoen kategorian ez bezala, batera egin dute korrika neskek eta mutilek. «Aupa neska, lehenengoa zara!», oihukatu dio andre batek lehen neskari, eta beste horrenbeste egin du bigarrenarekin, hirugarrenarekin eta laugarrenarekin. Gurpil aulkidunek jaso dituzte txalo gehien. Pare batek hiru gurpileko aulki modernoak izan dituzte, lasterketetarakoak, baina gehienak aulki klasikoetan lehiatu dira. Ondo pasatzera joan diren batzuk kenduta, lehia bizia egon da zenbaiten artean, eta amaieran eskua eman diote denek elkarri, eta berbetan ibili dira kanpoan.

Serioak eta bromazaleak

Denetarik egon da kategoria nagusietan. Serio berotzen eta luzatzen ibili direnak mozorrotuta eta txantxetan zeudenekin nahastuta.

Hawaiiarrez jantzitako bat dinosauroz mozorrotutako baten ondoan, eta gona tutudun bat zertxobait aurrerago. Ondoan, barrezka publikoa txalo egitera zirikatzen zuen korrikalari bat. Aldarrikapenerako lekua ere egin dute batzuek. Palestinako bandera eroan dute bik, eta Txomin Barullorena beste batek. Egon da lasterketaren txilibitura berandu ailegatu denik ere. Bidean korrika zihoala ipini behar izan du dortsala pintzekin.

Duela lau urte ezarritako marka gainditu du Diego Cuadradok (Espainia). Sei kilometro egiteko, 18.25 denbora egin zuen 2018an, eta 18.04 aurten. Bakar-bakarrik heldu da helmugara, alde handia ateraz. «Zelako denboratzarra: 18 minutu», esan dio andreari sakelakoarekin denborak hartzen ari zen ikusle batek. «Hiru kilometro minutuko, hau Olinpiar Jokoetarako dago». Denak animatu ditu berdintsu. «Aupa mutil», «aupa neska», «aurrera, aurrera, harrapatu ezazu!».

Segituan nabaritu da serioen eta besteen arteko aldea, atzean gelditu direlako bromazale gehien-gehienak. Sufrimendu aurpegiz heldu dira korrikalari gehienak, goitik behera izerdiz bustita.

Hala ere, makina bat besarkada eman dituzte helmugan. «Batek baino gehiagok kalimotxo bat behar du», komentatu dute gazte batzuek, hegalean, tragoa eskuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.