Miren Manias.
EKOGRAFIAK

The last kingdom

2020ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
2015ean estreinatutako telesaila izan arren, egun ikusteko modukoa da The Last Kingdom (Azken erreinua). Izan ere, fikziozko eduki batzuk ez dira inoiz zaharkitzen; bereziki istorioa historikoa bada. Bernard Cornwell idazle britainiarraren The Saxon Stories eleberrian oinarritua dago telesail hau. 872. urtean kokatzen da, gaur ezagutzen dugun Erresuma Batua hainbat erresumatan banatuta zegoen garaian, hain zuzen ere. Lurralde horietako asko Danimarkatik, Norvegiatik eta Suediatik etorritako bikingoek okupatu zituzten. Telesail honek, hain justu, aro hori kontatzen du.

Alfredo Handiaren Wessexeko erresuma izan zen bakarra indar okupatzaileen eskuetan erori ez zena. Izatez, daniar komunitatean hazitako saxoi noble baten laguntzari esker lortu zuten. Uhtred Bebbanburgekoari (David Matthew Macfadyen) aita hil zioten bikingoek eta haiekin eraman zuten gazte zela. Daniar hezkuntza eta nortasuna eman zizkioten Bebbanburgekoari. Balioak, pentsatzeko modua, bizi eredua, hizkuntza, eta abar. Baina horri jaioterriaren eta bikingoen artean aukeratzea tokatu zitzaion une batez. Zertarako? Haren aitak utzitako erreinua berreskuratzeko.

Guztira, lau denboraldi ekoiztu dituzte. Zortzi eta hamar atalez osatutakoa bakoitza. Atalek ordu bat irauten dute, gutxi gorabehera. Ohiko luzera ez den arren, ez dira batere luzeegiak suertatzen. Gidoia akzioz betea dago, pertsonaien garapena txukuna da, efektu bereziak ugariak dira, eta errealizazioa zein argazkia zoragarriak dira. Ikusle askoren harridurarako, gainera, telesailaren grabaketak Hungarian egin dira; ez Ingalaterran. Azkenik, John Lunn konpositore eskoziarraren soinu bandak ere merezi du aipamen berezia.

The Last Kingdom telesailak ibilbide xelebrea egin du orain arte. BBC America eta BBC Two telebista kateetan estreinatu zen lehendabizi, 2015ean. Ondoren, 2017an, BBC Twok Netflixekin batera ekoiztu zuen bigarren denboraldia. Eta, 2018an, hirugarren denboraldiaren banatzaile esklusiboa bilakatu zen AEBetako plataforma; baita iragan apirilaren 26an estreinatutako laugarren denboraldiarena ere. Caravan Films ekoiztetxea arduratu da azken bi denboraldiak ekoizteaz, eta espero da telesailaren bosgarren denboraldia 2021ean irtetea. Halere, oraindik konfirmatzeke dagoen informazioa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.