gorka julio
IRLEN SAREA

Artefaktuak eta jendartefaktuak

2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Paolo Bacigalupiren Windup girl zientzia fikziozko eleberri bat da, baina bere eszenatokiak ez hainbeste. «Berotze globalak munduko ozeanoen maila igo zuen, eta erregai fosilen iturriak ia agortuta daude. Bioteknologiak menderatzen du, eta mega korporazioek kontrolatzen dute elikagaien ekoizpena hazi transgenikoen bidez eta bioterrorismoa, armada pribatua eta sikario ekonomikoak erabiliz, beren produktuetarako merkatuak sortzeko. Maiz gertatzen diren hondamendiek, genetikoki eraldatutako laborantzak sortutako izurriteek, eta gaixotasunek eta izurri mutanteek kalteak eragiten dituzte populazioetan»

Orain dela hamar urte sari ugari irabazi zituen zientzia fikziozko nobela horrek. Jendearengan eragiten du, gainera; batzuetan onerako, beste batzuetan txarrerako, baina ez du inor iritzirik gabe uzten. Joseba Azkarragaren hitzaldi baten edo Anariren kontzertu baten moduan, begi aurrean argitutako eszenatoki, atmosfera eta sentimenduen aurrean zaila da ez posizionatzea. Era horretako lanek zirrikitu bat sortzen digute, baliatu daitekeen irekiera bat.

Distopiaz josi zaigu kultura, baina bakoitzaren atzean, zerbait ikasteko aukera egon daitekeela pentsatu nahi dut. Konturatu naiz cyberpunk garaiek batzuentzat txerto moduko bat eragin izan zutela. Han proposatzen ziren munduak, ez betetzeko eta horien kontra aritzeko gonbita ere baziren. Distopia mota berri askok, aldiz, gertuagoko etorkizunak proposatzen dizkigutenean, beldurra eta etsipena sortzeko makinak bihurtu dira.

«Errazagoa da munduaren amaiera irudikatzea kapitalismoaren amaiera baino». Esaldi hori egia bihurtzen ari gara. Distopietara bideratzen ari gaituztenean utopietan pentsatzea ezinbestekoa da, baina baita distopia horietatik ikasi dezakeguna filtratzea. Distopia bakoitzaren atzean, mundu horren kontra egiten duten pertsonak, taldeak, «artefaktuak» eta «jendartefaktuak» daude. Ohikoagoa da zientzia fikzio gogorrean «artefaktuei» edo asmakizun teknologikoei begiratzea, baina akaso interesgarriagoak da agertzen diren «jendartefaktuak» identifikatzea. Asko ikas daiteke mundu distopikoei aurre egiten dioten eta ertzeetan dauden jendarte egitura eraldatzaileez, harreman aniztasuneetaz edo egiteko modu iraultzaileetaz; fikzioan eta errealitatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.