gorka julio
IRLEN SAREA

Esentzialistak

2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Esentzialistak gara, esentzian, baina zein da aulki baten esentzia? Oinarria? Zer da aulki bat bere espresio minimoan, behar ez den guztia kentzen diogunean? «Lau hanka dituen eta eseritzeko balio duen tresna», esango du batek; beste batek, hiru hankako aulkiak badirela erantzungo dio eta azken batek ea bi burni albotara duen horrek ere ez ote duen aulki izena merezi... Esentziaren bila joateak zentzurik al du, bada?

Mundu ulerkera berriak behar ditugu, urgentea da eta bide horretan naturala/artifiziala bezalako bereizketek ez digute askorako balio izango. Dikotomiak gustatzen zaizkigunez, baina bereizketak egiteko beharra badugu, kasu horretan, eta teknologia aitzakia moduan hartuta, «emana» eta «sortua» kategoriak erabiltzea aproposagoa izan daitekeela iruditzen zait. Natura emantzat jotzen dugu, adibidez, baina natura guk eraldatu dugu. Natura guztia, alegia, ez da naturala, baina emana da jaio berriarentzat horrela jaso baitu. Internet sortua da gutako askorentzat, jaiotzen ikusi genuelako, baina jaioberri batentzat emana da, artifiziala izanik ere. Naturak badu artifizialetik eta, nahi bada, Internetek badu naturaletik zerbait.

Artifizialaren eta naturalaren arteko kategoriak mantentzen baditugu, arazo larriak izan ditzakegu. Adibidez, neurona sintetikoak garatu eta buruan txertatzeko aukera dugunean, nanobot-organikoak gorputzean sartuta gure sistema immunitarioarekin elkarlanean aritzen direnean. Edo robot maitale, zaintzaile edo lagun bat izatera iritsiko bagina.

Polita da, baina esentzia antza duten gauzak topatu eta horien bila joatea kasu batzuetan. Gure buruei gauzak kontatzeko balio dutenean edota etorkizunera proiektatu daitezkeen kontakizunak harilkatzeko erabili ditzakegunean. Hori ere bagara, istorioak kontatzen ditugun eta historia egiten dugun gizakiak.

Hala ere, badirudi beste batzuekin partekatzen dugun mundu honetan, ez gara besteengandik bereziak. Hori ulertzen zaila zaigu oraindik. Esentzia bila gabiltzan bakoitzean, geure buruei bereziak garela kontatzen arituko bagina bezala aritzen gara. Esentziaren bila joateak ez du inoiz gehiago zentzurik, esentzia zerbait bada, izatekotan beste plano batean, errealitatetik haragoko batean legokeen zerbait delako; errealitate bezala izendatu daitekeen gauza bakarra etengabeko eraldaketa denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.