IRLEN SAREA
Miresmena betiko
Aaron Swartzen heriotzaren 10. urteurrena bete berri da. Jende askorentzat ezezaguna da, Alexandra Elbakyan den moduan. Bi garatzaile informatiko horiek ezagutza librearen aldeko borrokan pertsona eredugarriak izan dira; hilik da lehena, bizirik bestea.
Aaron Swartzek bizitza labur baina intentsoa izan zuen. Hari zor dizkiogu sarbide irekiaren aldeko manifestua, eskubide murrizketa bilatzen zuten legeen aurkako hainbat ekimen, lizentzia libreen sorreran lagundu izana, hainbat formatuen garapenean eginiko lanketak... Ezagutza librearen aldeko militantea, uste zuen ezagutza bat, jabetza fisikoa ez bezala, pertsona talde handiek egina izan dela eta inor pobretu gabe banatu daitekeela.
Pertsona konprometitua izan zen, bere ezagutzak guztion onerako ekarri zituen, baina ez zen teklatu baten atzean geratu. Argitalpen akademikoetara sarbide unibertsala izan behar zuela pentsatzen zuen. Horretarako, Openlibrary proiektua sortu zuen, era pribatiboan saltzen ziren eduki horiek edonoren esku doan egon zitezen. Bere buruaz beste egin zuen, bere kontra eginiko jazarpenen ondorioz.
Elbakyani zor diogu 2011. urtean Sci-Hub sortu izana. Argitaletxe eta banatzaile akademiko digital nagusiek argitaratzen dituzten artikulu zientifikoen datu base erraldoi batera berehala eta doan sartzeko aukera ematen du. Artikulu horietako gehienak enpresa editorial horien bidez baino ezin ziren eskuratu, bakoitzarengatik 20-30 euro inguru ordainduz, Sci-Hub iritsi arte.
Horrek ere argitaletxeen jazarpena jaso du, eta epaiketa bat galdu ostean, hamabost milioi dolarreko isuna ordaintzera behartua izan zen. Baina AEBetako jurisdikziotik kanpo dagoenez, Errusian ez du ordaindu beharrik izan. Jazarria izaten ari da eta herrialde askotan sarbidea ukatua dauka orain.
Bi hacker horiek informatikari edo teknologoen lerratze militantea gorpuzten dute. Teknologiaren garapenean eta ezagutzaren borrokan bidearen erdian eroso edo bazterrean gatazkan sartu gabe egon baino, lubakian egotea erabaki zuten.
Elbakyanek esango lukeen bezala, «zientzia eta komunismoa banaezinak direlako». Edo Swartzek: «Bada garaia argitara ateratzeko, eta desobedientzia zibilaren tradizioari jarraituz, kultura publikoaren lapurreta pribatu horren aurka egiteko».
Anonimoak izan zitezkeen, baina haien izenak ezagutzen ditugu; miresmena betiko.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.