Multzotik at, bertsotan

Besteak beste, udako planez eta bizilagunen eta senideen gorabeherez aritu dira bertsotan Artetxe, Arzallus, Gaztelumendi eta Lujanbio Donostian, turistaz betetako hiritik urrun.

Lau bertsolariak Donostiako Zurriola terrazan jarritako eszenatokian, atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Garmendia Etxeberria.
Donostia
2021eko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Arrain txikiak uretan nola/ Aquariumetik kanpora»: Miren Artetxek amaierako agurrari jarri dion azken puntua da. Donostiako Kursaaleko Zurriola terrazan bildutako bertsolari eta bertsozaleak horrela sentitu dira: multzotik kanpo dabiltzan arrainen gisan. Artetxerekin batera, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi eta Maialen Lujanbio aritu ziren atzo kantuan, Donostiako Udalak antolatutako Abuztua Donostian egitarauaren barruan.

Turistaz lepo dago Donostia. Aste lainotsuaren amaieran eguzkia atera da, eta ostirala argitu du. Eta barraskiloak euriarekin nola, hala irten da jendea. Kursaalaren eta Zurriola hondartzaren inguruetan euskara ez diren hizkuntza ugari entzuten dira, baina nonbaitetik bertso hotsak heltzen dira. Turistak ez dira iritsi Zurriola terrazara, eta bertsozaleak dira bertan daudenak; gehienak, itzaleko eserlekuetan.

12:30ean hasi da jaialdia. Saroi Jauregi gai jartzaileak aurkezpenak egin ostean, bertsotan hasi dira laurak. Hurrena, Artetxe eta Lujanbio deitu ditu gai jartzaileak. Ama-alaba roletan, bata bestearen janzteko moduaz aritu dira. Bien ikuspuntu ezberdinek ikusleen lehen barreak eragin dituzte. Arzallus eta Gaztelumendik hartu diete erreleboa. Gaur egun «borroka da bide bakarra» esaldiak izan dezakeen esanahiaz jardun dute. Orain borroka hitzak adiera plurala duela azaldu dute, eta ez dituzte ahaztu Tubacexeko langileak eta Bidasoa igarotzen saiatzen diren migratzaileak. Honela eman dio gaiari amaiera Gaztelumendik: «Nire borrokak eta bideak/ bertsotan hartzen du hitza».

Hamar urtez ama zaindu duen emakume baten rolean sartu da Miren Artetxe ondoren. Zaintza lanak emakumeek egin izan dituztela salatuz ekin dio. Ama hil dela-eta, ikusleak hunkitu ditu «orain nire denbora/ hutsuneak betetzen du» puntuarekin.

Saroi Jauregik publikoaren barrea eragin du Arzallus eta Lujanbiori jarritako gaiarekin: Lujanbiok Arzallusen Interneteko erosketak jaso izan ditu, baina azkenekoa (robot xurgagailu bat) ez omen zaio iritsi. Lujanbiok bere etxeko atean belarria jarrita topatu du Arzallus, robotaren burrunba entzun nahian. Algarek ez dute etenik izan.

Ostean, Artetxeri eta Gaztelumendiri telebistan udako gauetako saio batean parte hartzea proposatu diete. Artetxe joatearen alde agertu da, eta «inbertsio» bat dela argudiatuz publikoa barrez leherrarazi du: «Pelukeria gratis/ zer gehiago nahi duzu?». Ez da saiora joatearen aldeko agertu Gaztelumendi, eta telebista eredua kritikatu du.

«Baita eskuadra ere»

Koplatan ere aritu dira, laurak batera, Donostiara egun-pasa joan den familia bat balira bezala. Bakoitzari bere pertsonaia aurkeztu dio Jauregik: Lujanbio, erakusleihoak ikusi nahi dituen amona; Artetxe, barraketara joan nahi duen haurra; Gaztelumendi, protesta ekitaldiren batean parte hartu nahi duen aita; eta Arzallus, poteoan ibiltzeko asmotan doan osaba mutilzaharra. Ikusleek barrez jarraitu dute hurrengo gaiarekin ere: Artetxek gaizki atera zaion zerbait kontatu ostean, Arzallusek bere kasua okerragoa dela azalduz kantatu dio. Esaterako, Artetxek hondartzara joan eta «regla jaitsi» zitzaiola abestu duenean, Arzallusek «niri jaitsi zitzaidan/ baita eskuadra ere» erantzun dio.

Gero, Lujanbio bakarlanetan aritu da. Koronabirusaren txertoaren albo ondorio posibleen inguruan kantatu du. Gizonei eragiten dietenak asko ikertu dira, baina emakumeei eragiten dietenak ez, eta gaitzetsi du zientzia «mundu erdiarekin ez dela gogoratu».

Umorea itzuli da berriro. Arzallus Aquariumeko arduradunari beste hirurek langile gisa kontratatzeko arrazoiak abestu dizkiote. Algarek ez dute etenik izan. Lujanbiok hondartza nudista batean Gaztelumendirekin topo egin du. Bizilagunaren, nagusiaren eta bikotekide ohiaren rolak hartu ditu Gaztelumendik.

Azken agurren aurretik, laurak puntuka aritu dira. Eguraldiarekin hasi, turistekin jarraitu eta hondartzan bainatzeko plana eginez amaitu dute. Lujanbiok jarri du azken puntua: «hau bukatu behar da/ beste dana hasteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.