Euskal Herriko Itzulia

Barrika onetik, ardo ona

Demi Volleringek (SD Worx) irabazi du emakumezkoen Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa, Bastidan, eta sailkapen nagusiko buruan da. Lasterketa irabazteko hautagaietako bat dela erakutsi du

Barrika onetik, ardo ona.
Aitor Manterola Garate.
Bastida
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Upategiz beteta dago Bastida eta ingurua. Horregatik ere bada ezagun Arabako herria. Hor bukatu zen atzo emakumezkoen Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa. 105 kilometro osatu eta gero, Gasteizen abiatutako lanei akabera alde zaharreko aldapan eman zioten txirrindulariek. Batek irabazi behar, eta Demi Vollering (SD Worx) izan zen azkarrena. Nagusian ere hura da aurrenekoa.

Lehen aldia du Itzuliak, eta ez da edozein estreinako irabazlea. 25 urte dauzka, gaztea da, baina munduko bigarrena da. Zortzigarren garaipena pilatu zuen atzo bere ibilbidean; horietako bat Emakumezkoen Tourra esaten zaio lasterketa du, Ingalaterran jokatzen dena. Sasoi honetako zenbakiak ere ikusgarriak dauzka: 11. lasterketa zuen atzo, eta bigarren garaipena lortu zuen (aurrenekoa Fleche-Brabançonnen). Hori gutxi ez, eta zortzi probatan podiumean izan da Herbehereetakoa; besteak beste, bigarren egin du Amstel Gold Race-n, eta hirugarren Fleche-Wallonen eta Lieja-Bastogne-Lieja klasikoetan. Ardo berria dator tropeleko upategitik.

Faboritoen artean zen, eta zerbaitegatik dela erakutsi zuen. Etaparen lehen zatia tropelean egin zuen. Tarte horretan, eguneko ihesaldia sortu zuten Zaldiaran (3. mailakoa) igo eta gero Mireia Benitok (MAT), Cristina Tonettik (TOP) eta Prisca Savik (BPK). 39. kilometroan osatu zen, eta horiekin bat egiten saiatu zen Anastasia Lebedeva (EIC). Hiru minuturen aldea ere izan zuten. Baina tropelak kontrolpean izan zituen une oro.

Faborito batzuk, ihesean

Eguneko bigarren gaina, Rivasko begiratokia (2. mailakoa), gorabeherarik gabe pasatu zuten ihesaldikoek eta tropelak. Ez, ordea, Herrerakoa (3. mailakoa). Volleringen taldekideak zalaparta sortzen saiatu ziren, eta, ekinean-ekinean, tropela tropeltxo bilakatu zuten. 30en bat ziklista geratu ziren. Ihesaldikoen artean, Benito harrapatu zuten azkena, eta gainetik behera, lau faboritok egin zuten aurrera: Vollering berak, Lucinda Brandek (TFS) eta Ashleigh Moolman-Pasiok (SDW). Minutu erdiren aldea ere izan zuten, baina harrapatu egin zituzten atzekoek, Ane Santesteban eta Amanda Spratten taldearen (BEX) eta DSMren lanari esker.

Ordekan zebiltzala, saialdi erabakigarria egin zuen berriz ere Volleringek. Hamar kilometro falta ziren, eta harekin joan ziren Kristen Faulkner (BEX) eta Pauliena Rooijakkers. Helmugan, Vollering izan zen azkarrena, Rooijakkers atzetik zuela denbora berean, eta bi segundora Faulkner. Tropeltxoa 41 segundora sartu zen, eta Santestebanek bosgarren egin zuen etapan. SD Worxen autoan, pozik ospatu zuen garaipena Anna van der Breggen txirrindulari ohiak, zuzendari denak. Barrika onekoa da Vollering.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.