Euskarabentura

500 urteren ostean, Amaiurren

Amaiurko gaztelua erori zeneko urteurrenean iritsi da Euskarabentura espedizioa herrira; Asisko Urmenetak hango historiaren berri eman die gazteei, hitzaldi baten bidez.

Euskarabentura espedizioa Amaiurrera iritsi zen atzo; Amaiurko batailaren historia ezagutu ahal izan zuten gazteek gazteluaren inguruan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Amaiur
2022ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Bost mende bete ziren atzo Amaiurko gaztelua (Nafarroa) erori zenetik. Goizean etapa eder bat osatu ondoren iritsi ziren Euskarabenturako gazteak Amaiurrera, urteurrenarekin bat eginez. Herrian zangoa jarri orduko, nabariak ziren gazteen ilusio aurpegiak, monolitoa begi bistan zutela.

Arratsalde hasieran, Asisko Urmenetaren bisita izan zuten, Gazteluko monolitopean. Memoria historikoaz aritu zen Urmeneta, gertaturikoak bere ilustrazioekin irudikatzen zituen bitartean. Iruindarrak adierazi zuen Amaiurko gaztelua «betidanik oso garrantzitsua» izan dela, eta gazteek adi-adi entzun zioten.

«Konkista izan zen, baina beti izan dira askatzeko saiakerak», azaldu zien Urmenetak. Kontatu zien Espainiako armadak 1516. urtean ia Nafarroako gaztelu denak birrindu zituela, baina Amaiurrek tinko eutsi ziola 1522. urtera arte. Atzo bostehun urte bete ziren dorre nagusia lehergailuekin suntsitu zutenetik eta han gotortutako gudariak preso hartu zituztenetik, amore eman zuten arte. Hala ere, ilustratzaileak argi utzi zuen ez zutela burua makurtu eta erresistentziari lotu zitzaizkiola.

Gaztelua hutsik geratu ondoren, berriz ere lehergailuak jarri zituzten zimenduetan, eta errauts bilakatu arte leherrarazi zuten egitura guztia; hala, betirako xehetuta gelditu zen noizbait erresuma baten giltza izan zen hura.

Orain dela ehun urte justu, herritarrek monolitoa eraikitzea adostu zuten, dorre nagusia zegoen lekuan. Hala eta guztiz ere, gaur egungoa ez da hasieran jarritako bera, mende hasieran jarritakoa suntsitu egin baitzuten 1931n. 1982an berriz ere altxatu zuten, memoriaren omenez, eta egun leku berean dirau, zutik eta irmo.

Urmenetak adierazi zuenez, Amaiur historiaren, kulturaren eta politikaren «sinbolo eta ikurra» da. «Eta euskaldunok ez dugu sekula geure errendizioa sinatu». Gazteek gogotsu entzun zuten Urmenetaren hitzaldia, eta gustura irten ziren; jarraian, argazkiak ateratzen aritu ziren monolitoaren inguruan, harrotasunez.

Beroak kolpatuta

Espedizioak aurrera jarraitzen du, nahiz eta beroak egoera zaildu dien azken egunetan, eta beraz, azken orduko erabakiak hartu behar izan dituzte. Egun gogorrak izan dira azkenengoak, etapak osatu ahal izateko. Hilaren hamazazpian, Tolosatik (Gipuzkoa) Lesakarako (Nafarroa) zatia egiteko, Oiartzundik (Gipuzkoa) hasi zen ateraldia; baina, goizean, beroak kolpatuta eta ezin jarraituz, bertan behera utzi behar izan zuten bidea, etaparen erdialdean. Ordurik beroenak latzak izan ziren gazteentzat, beroak nabarmen baldintzatu baitzuen biderik malkartsuenetan egin beharreko ibilbidea.

Erabakia hartuta, autobusean iritsi ziren Lesakara. Goizeko beroaldiaren ondoren indarberritzeko, igerilekuak bisitatu zituzten. Hurrengo goizean oraindik ere giro beroa zegoela ikusita, Lesakatik Zugarramurdirako (Nafarroa) etapa bertan behera utzi zuten, eta espedizioa ez zen mugitu arratsaldera arte. Goiza arintzeko, urarekin freskatu ziren beste behin.

Arratsaldean, Iñigo Martinez filosofoaren bisita izan zuten, burua pixka bat astintzeko. Hark idatzitako Mandamentu hipermodernoak liburuaz jardun zuten, dinamika interesgarri eta entretenigarri batean. Gaur egungo gizartearen inguruko gogoeta edota hausnarketa bat landu zuten, elkarrekin eztabaidatuz. Martinezek ez zuen espero gazteak «hain ondo sartzea pentsamenduaren abenturan». Hitzaldiaren ostean, espedizioa autobusez mugitu zen azkenean, eta Zugarramurdira heldu.

Gaua han pasatu zuten, eta gehiegizko beroak atseden pixka bat eman eta gero, Amaiurrerainoko etapa osatu zuten gazteek, izugarrizko ilusioarekin. Hurrengo egunetan, berriz, Ipar Euskal Herrira itzuliko da Euskarabentura espedizioa. Baiona eta Urruña izango dira hurrengo geltokiak, eta, lehenengo aldiz, gazteak itsasaldean barrena ibiliko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.