Euskarabentura

Geoparkeko aztarna artean

Espedizioaren azkeneko txanpan sartuta, Euskarabenturako gazteak Gipuzkoako flyschera iritsi dira. Hango historia ezagutzeko aukera izan dute, Mutrikutik Zumaiara egindako bidean.

Euskarabenturako partaideak, Baratzarrak begiratokian, atzo, Zumaian. EUSKARABENTURA.
Zumaia
2022ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Gero eta gutxiago falta da Euskarabentura espedizioko lagunak helmugara iristeko. Mutriku eta Zumaia (Gipuzkoa) artean dagoen hamalau kilometroko geoparkean izan ziren atzo espedizioko kideak. Goizean goiz, Getariatik (Gipuzkoa) abiatu ziren, eta, Deba (Gipuzkoa) helmugatzat hartuta, euskal kostaldeko historiaz blaitzen aritu ziren goiz osoan, paisaiari buruzko adierazpenak entzunez eta belarriak erne izanik.

Elgorriagako behatokian lekua hartu, eta han aritu ziren flyschari buruz. Gaur egun ospetsuagoa da kanpotarrentzat, baina aitzinetik han egon den ingurua da geoparkea. Arrokak eta dinosauroak tarteko, espedizioko gazteek historiaurrea bisitatu zuten, paisaia aurrean zutela. Eremua «Euskal Herriko aspaldiko historiaren liburua» dela esaten dute zenbait adituk, eta, atzoko egunez, historia horren orrialdeak irakurri zituzten gazteek. Gustura entzun zituzten azalpenak, bideari ekin baino lehenago.

Kostaldea gustura hartu zuten laranjek, nahiz eta bide gogor eta luzea izan. Mendi artean, baina baita itsasertzean ere murgildurik ibili ziren, malda eta harkaitz ikusgarriak bidaide izanik, atzo goizean osatutako etapan. Paisaiaren parte bilakatu zen espedizioa.

Hilabete osoa daramate batetik bestera laranjaz Euskarabenturako gazteek, eta azkeneko etapak gelditzen zaizkie, asteburura arte.

Seigarren probintzia jada

Atzoko ibilbidea egin aurretik, bestelako kontuak ezagutu dituzte Euskarabenturako gazteek. Uztailaren 23an, Urruñan (Lapurdi) esnatu eta Hondarribira (Gipuzkoa) abiatu ziren gazteak, seigarren probintzia zapalduz dagoeneko. Hendaia (Lapurdi) zeharkatuz iritsi ziren Gipuzkoako lehenengo herrira. Bertan bazkaldu eta dinamika interesgarri bat izan ondoren, Urmuga jaialdira bisitaldia egin zuten: Xabi Solano eta Estitxu Pinatxo artisten zuzeneko musikarekin dantzatuz eta abestuz pasatu zuten eguna. Ez zen izan, ordea, Solanorekin topo egin zuten momentu bakarra.

Urmuga jaialdian ibili ostean, autobusa hartu zuten Lezora (Gipuzkoa), gaua han pasatzeko. Uztailaren 24ko goizean, Lezotik Donostiarako etapan, Pasaiako Albaola museoan (Gipuzkoa) geldialdia egin zuten. Museoaren proiektua azaldu zieten, eta San Juan baleontziari buruzko historia entzun zuten —baleontziaren erreplika ikusi ahal izan zuten—. Handik liluratuta atera ostean, Pasaiatik Donostiarako bideari ekin zioten. Etapa ikusgarri baina latza izan zen hura. Eguerdi alderako iritsi ziren hiriburura, eta, beroa aitzakiatzat hartuta, Zurriolako hondartzan sartu zen olatu laranja, hango uretan freskatzera.

Hiriburuan esnatzean, ezusteko bat izan zuten gosarirako. Donostiako alkate Eneko Goiaren harrera izan zuten hurrengo herrira abiatu baino lehen: udaletxean esku onez hartu zituzten, eta gosaria ean zieten gazteei eta antolakuntzakoei. Indarberrituta eta energia hartuta, Igeldotik igo ziren Zarautzera (Gipuzkoa), bidea lotuz. Paisaia zoragarri bat begi bistan, pauso eta martxa onean, Gipuzkoako kostaldeko herrira heldu, eta bertan bainua hartu zuten. Gero, autobusez Zestoara (Gipuzkoa) joan ziren gaua han igarotzeko.

Asteartean, Zestoan esnatu eta Ekainberri kobazulora heldu ziren. Han, historiaurreko lehen gizakien marrazkiak ikusi, eta hainbat dinamika eta tailer eginzituzten: adibidez, sua harri eta makilekin pizten ikasi zuten. Zestoa atzean utzita, Getariara abiatu ziren gaua igarotzera. Afaldu ostean, espero ez zuten gonbidatu bat azaldu zen gaua igaroko zuten kiroldegian: gaubeila berezi bat izateko azaldu zen Xabi Solano musikaria. Galdera-erantzunetan solasean eta abesti ospetsu artean pasatu zuten gaualdia gazteek, giro eder eta irribarre artean.

Gernikara iritsiko dira gaur

Getariatik Debako etapa osatu zuten atzo espedizioko kideek. Ibilaldia amaitzean, Debara iritsi ziren; handik, Kortezubira (Bizkaia) joan ziren, autobusez; eta handik gaur Sukarrietara abiatzeko goizean goiz.

Gernika (Bizkaia) eta Bilbo izango dira hurrengo helmugak, eta horiek izango dira azkenengo etapak. Ehunka kilometroko espedizioari amaiera emango diete modu horretan. Etengabe bidean aurrera eginez doaz urdin eta laranjak, oztopo guztien gainetik. Azkenengo txanpan sartu dira dagoeneko, eta nabaria da nekea, nahiz eta egindakoaz harro egon. Bide eta hilabete luzearen ortzi muga geroz eta gertuago dute, baina azken egunek milaka emozio emango dizkiete espedizioko kideei. Igandean amaituko da Euskarabentura, Getxon (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.