Armentiako basoak badaki

Bisitari ugari izaten ditu egunero Armentiako basoak, Gasteizko hego-mendebaldean. Kirolariak, familiak... usu galtzen dira haren bazterretatik.

Beroari aurre egiteko, atseden hartzeko lekuak ditu basoak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2022ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Gasteizko Eraztun Berdean dago Armentiako basoa; eta, egun eguzkitsuetan paseatzeko leku aproposa bada ere, haren gainean bueltaka ari diren hamasei putre beltzek itxura iluna ematen diote lekuari. Putreak bertan egoteko bi arrazoi egon daitezke: animaliaren bat hil da, edo, bestela, hiltzear egongo da. Nola edo hala, marrazoek odolarena bezalaxe, heriotzaren usaina sumatu dute hegaztiek. Hala ere, 09:27an, basoa jendez betetzen hasi denean, hegaldia eten eta segundo bakarrean desagertu dira denak. Sarraskijaleak gosariaren bila doaz, antza.

Hain zuzen ere gosari guztia erretzear daudela heldu dira J. A. Lopez eta haren semea basoaren sei bide konektatzen dituen plazatxora. Elastiko berdearen atzealdean bere deitura guztiak daramatza idatzita gizonak; eta semeak, berriz, Alavesen kamiseta, 11 zenbakiarekin. Zuzen-zuzenean abiatu dira biak plazaren erdian dagoen iturrira. Ahoa busti, eta korrika jarraitu dute, hitz bat bera ere trukatu gabe. Iturritik aldentzean, aita semea animatzen saiatu da: «Hogei minutu eta amaituta!». Semeak, ordea, ez dio erantzun, eta korrika jarraitu du; hogei minutu horiek ahalik eta azkarren igarotzeko esperoan.

Korrikalariak baino lasaiago sartu dira plazara 79 urteko bi gizon. Biek egin dute dantza bera, erabat sinkronizatuta, etxean prestatu izan balute bezala: bisera kendu, iturria piztu, hura goitik behera busti eta buruan berriz jantzi. Harrigarriena, ordea, ez da biseren dantza izan; haien janzkera baizik. 30 gradurekin ibiltzeko, arropa txit berezia aukeratu dute gizonek: praka luze lodi eta beltz-beltzak.

Hala ere, iturriaren lagunik onenak ez dira ez gizakiak, ez biserak. Armentiako basoan korrika dabiltzan txakur guztiek agurtu dute freskatzen laguntzen dien burdinazko laguna. «Ene! Edan astiroago! Bestela itoko zara!», eta halakoak entzun daitezke jabeen ahoan txakur batek edaten duen bakoitzean. Baina beroagatik hitzez kexatu ezin diren horiek iturri azpian etzan edota esertzen dira; hitzekin esan ezin dutena ekintzekin esaten asmatu nahian.

11:13an, bi emakume eta bi gizon hurbildu dira iturrira. Guztiek ura edan dutenean, emakumeetako batek hartu du hitza, antza denez guztiek entzun nahi zutena esateko: «Ez dakit hemendik hurbil zerbait hartzeko lekuren bat egongo den». Emakumearen hitzek eragindako barrearen ostean heldu da gainerakoen aitortza: «Uste dut guztiok geundela norbaitek hori esateko irrikan». Helmuga berria ezarrita, plazara sartu aurretik baino erritmo askoz azkarragoan atera dira lau lagunak basotik.

Mertxe Okariz Kirarekin sartu da plazara. Iturria zabaldu, eta txakurra laztandu du, edaten laguntzen dion bitartean. Bat-batean aurrera begiratu, eta bakarrik hitz egiten hasi da. Edo bakarrizketan ari dela ematen du, belarriko aurikularra hobeto entzuteko mugitu duen arte. «Ea bizkarreko min hori kentzen zaizunean berriz etortzen zaren nirekin ibiltzera». Telefonoa eskegi du, eta txakurrari begira geratu da, triste. Armentiako basoa, bere ohiko bidelaguna gabe, «zuhaitzez beteriko leku aspergarria» bilakatzen baita 64 urteko emakumearentzat.

Andrea eta txakurra desagertzean sartu dira 18 eta 20 urte bitarteko hamar lagun plazara. Batzuek gaztelaniaz eta besteek ingelesez, iskanbila handia sortu dute iturriaren inguruan. Guztiek ura edaten amaitu dutenean, taldearen gidaria dirudienak mugitzeko eskatu die: «Come on, guys, bagoaz!». Talde elebiduna plazatik ateratzear zegoela, hiru txirrindulariren derrapatzeek izutu dituzte. Gazteek barre egin duten arren, barkamena eskatu diete laster 43 urteko Ander Ortiz de Zaratek eta haren bi semeek: 12 urteko Marcok eta 9ko Izanek. Hamar gazte ikaratzearekin konformatu ezinik, anaia txikienak erronka bota dio nagusienari: iturri alboko maldan behera bota, derrapatzerik handiena egiten saiatu, eta gero «aitak erabakiko du nork irabazi duen». Aitak lasai erreparatzen dio guraso askok erabateko beldurraz begiratuko lioketen ikuskizunari. Jolasarekin amaitzean, ur trago bana edan eta alde egin dute; plazatxoa, 09:30etik lehenengo aldiz, bakarrik utzita.

12:39an, gizakien arrastorik ez dagoela, isiltasuna nagusitu da basoan. Ordurako, basoko bidezidor eta bihurguneek badakite Lopezen semea ez dela aitarekin hitz egitera ausartzen. Txoriek badakite biseraren dantzak 35 urte baino gehiago dituela. Eguzkiak badaki udako bero jasangaitza isilpean sufritzen dutela txakur guztiek; eta hala egingo dutela beren lagun minarekin denbora igarotzearen truke baldin bada. Iturriak badaki ura bota ordez txakolina botako balu bisitari gehiago izango lituzkeela basoak. Zuhaitzek badakite laguna bezainbeste maite duela Okarizek bere txakurra; baina biak behar dituela benetan zoriontsu izateko. Armentiako loreek badakite ingelesa, euskara baino askoz gehiago, ia inork ez baitie euskaraz egiten. Baina, batez ere, Armentiako basoak badaki derrapatzeak amaitzean hamasei putre beltz haren gainean bueltaka hasiko direla; eta ez janari bila, gizakirik gabeko isiltasunaz gozatzera baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.