Diego ere taldean behar zuten

Napoli futbol taldeak Italiako liga irabazi du, azken aldiz nagusitu eta 33 urtera. Maradonaren garaian lortu zituen klubak ligako beste bi tituluak, 80ko hamarkadan.

Napolik hirugarrenez irabazi du Italiako liga. Irudian, jokalariak, garaikurra lortu izana ospatzen. CARMELO IMBESI / EFE.
Iñaki Berastegi.
2023ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Vesuvio sumendiaren magalean dago Napoli hiria (Italia). Mehatxu horrekin bizi dira hangoak. Diego Armando Maradonari gurtza egiten dion hiria aste batzuk atzera lehertu zen, Napoli futbol taldeak liga irabazi baitzuen azken aldiz nagusitu eta 33 urtera. «Harrotasun handia izan da bertakoentzat. Errautsetatik berpiztu daitekeela frogatu dute, 33 urte hauetan klubak porrot egin eta Hirugarren Mailan birfundatu behar izan zuelako», esan du Toni Padilla idazle eta kazetariak (Sabadell, Herrialde Katalanak, 1977). Panenka argitaletxearen zigilupean Unico Grande Amore Italiari eta Italiako futbolari buruzko liburua argitaratu berri du.

Klubaren historiako hirugarren liga izan da. Maradona taldeko jokalari zenean lortu zituzten aurreko biak, 1986-1987ko eta 1989-1990eko denboraldietan. Sineskerian eta mistikan «fede handia» du Napoliko jendeak. «Maradona hil ostean ailegatu da liga, eta uste dute argentinarrak nolabait lagundu egin diela. Mitoa areagotuz doa hirian. Jada euren artean ez dauden senide eta lagunei eskaini diete askok ligako titulua». Padillarentzat, Napoli hiri «liluragarria» da: «Eszenatoki erraldoi baten gisakoa, non fikzioa eta errealitatea nahasten diren».

Oso erraz bereganatu du Napolik scudetto-a. Liga amaitzeko hiru jardunaldiren faltan, hamalau puntura dago Juventus —hamabost puntuko zigorra kendu diote—, hamazazpira Inter, eta hemezortzira Lazio. «Ezusteko handia izan da liga irabazi izana. Aldaketa ugari izan zituen taldeak udan, eta ez genekien nola erantzungo zuten jokalari berriek. Italia iparraldetik garrantzia kendu nahi diote liga honi, esanaz Juventusek bestelako arazoak izan dituela eta Milango bi taldeak Europako txapelketei begira egon direla. Hain justu, Juventus hain gaizki aritzea poz handia izan da Napoliko jendearentzat».

Joko zelaian,Victor Osimhen eta Khvitxa Kvaratskhelia izan dira bi jokalari garrantzitsuenak: aurrelari nigeriarrak 23 gol sartu ditu ligan, eta erdilari georgiarrak 12 gol egin eta 13 asistentzia banatu ditu. «Maradonaren garaian ez bezala, taldeko garaipena izan dela esango nuke. Oso jokalari onak daude taldean, baina denbora gutxi daramate bertan. Klubaren historian sartuko dira, baina ikusiko dugu nola. Napolik ez dauka gaitasunik beste klub erraldoi batzuekin ekonomikoki lehiatzeko, eta, beraz, ikusiko dugu jokalaririk garrantzitsuenak mantentzeko gai ote diren».

Urte luzez taldeko erreferente handienak izan ziren hainbat jokalarik utzi zuten aurreko sasoian Napoli: Kalidou Koulibalyk, Lorenzo Insignek, Dries Mertensek eta Fabian Ruizek, besteak beste. «Bitxia da, baina ez dago Napolin jaiotako jokalaririk; entrenatzailea, berriz, Toscanakoa da. Kirol zuzendaria Italia iparraldekoa da, eta, Aurelio De Laurentisen familia Napoli ingurukoa bada ere, Erroma eta Ameriketako Estatu Batuen artean hezitakoa da bera. Artearekin, literaturarekin eta fikzioarekin lotura handia duen hiri bat da Napoli, eta horra hor istorio polit bat; liga irabazi duten heroiak kanpotarrak dira, baina Napolirekin maiteminduta daude».

Luciano Spalletti entrenatzailea da garaipenaren beste eragile handietako bat, Padillaren ustez. «Denborarekin, nahiko nuke hari buruz gehiago hitz egingo balitz, taldea osatu duten jokalari batzuei buruz baino. Egon den toki guztietan oso lan ona egin du, baina ez du ia titulurik irabazi. Oso talde dinamikoa eta erasokorra osatu du. Johan Cruyffen Bartzelonaren eta Arrigo Sacchiren Milanen ideiez zipriztinduta dago haren joko estiloa. Ikusteko oso talde erakargarria da».

Europan ere, bikain

Jokatzeko modu horri esker, Txapeldunen Ligan inoiz baino aurrerago ailegatu da Napoli. «Arrakasta handia izan da lehenengo aldiz final-laurdenetarako sailkatzea. Dena den, finalerdietara ez sartzea kolpea izan zen jendearentzat, bai baitzirudien Milanen aurka faboritoak zirela [2- 1 gailendu zen Stefano Pioliren taldea]. Aurrera egin ez arren, ibilbide gogoangarria egin dute, eta ikustekoa izan zen Liverpoolen aurkako partida Italian: Jurgen Kloppen taldeak jostailu bat zirudien Napoliren eskuetan».

Eta Italiako liga irabazi ostean, orain, zer? «Hori da mundu guztiak duen zalantza. Badirudi kirol zuzendariak ez duela klubean jarraituko, baina De Laurentis presidenteak jarraipena eman nahi dio egitasmoari. Era berean, ikusi behar da zein den iparraldeko taldeen erantzuna. Bitartean, Napoliren jarraitzaileek liga ospatzen segitzen dute. Vesuvioren magalean bizi zarenean, momentua beti aprobetxatu behar da, ez baitakizu hurrengo eguneanzer gertatuko den».

Berriz liga bat irabazteko, funtsezkoa izan da Diego bat taldean izatea —Diego Demme, aita italiarra duen jokalari alemaniarra—, eta, dirudienez, jada jaio omen da Napolin Khvitxa izeneko lehen haurra. Ugarituko dira izen horiek, baita Diegorena ere, Diego bat ere behar dute-eta taldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.