gorka julio
IRLEN SAREA

'Enpresapp'

2018ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Enpresapp-ak negozio eredua aplikazio batean bakarrik oinarritzen duten enpresa teknologikoak dira. Horietako bat da Glovo garraio enpresa. Horren aurkako sententzia batek ondorioztatu du enpresak erabiltzen dituen garraiolariak haren langile direla, ez autonomoak. Valentzian (Herrialde Katalanak) izan da, baina sententzia kontraesankor ugarietako beste bat gehiago izan daiteke. Oraindik ere goiko instantzietan errekurritu litekeen arren, 200 langile ingururi eragingo lieke sententziak.

Beste enpresa batzuen aurkako ebazpenak ere izan dira, haien artean Deliverooren kontrakoak. Glovoren kasuan, Bartzelonan egoitza duen enpresaren buruak esan du epaia horrela geldituz gero kanpoan gehiago hazteko estrategiari ekingo diotela. Hau da, kanpora joango direla.

Praktika hori ez da berria, baina enpresapp horietan gero eta ohikoagoa da legearen aurretik joatea; ez berritzailea den zerbait egiten ari direlako bakarrik, baizik eta denbora tarte horretan ohikoak baino errenta handiagoak eskuratzeko aukera dutelako legeari izkin eginez.

Kalkulu batean oinarritutako praktikak dira. Denbora batean ahalik eta eskubide gehien alboratzen dituen estrategia martxan jarri, hasierako errentagarritasuna hortik lortu eta, gero legea egokitzen denean, ospa egitea.

Beharbada, enpresa sortu dutenek ez dute ospa egingo, baina bazkide kapitalistek ia ziur abandonatuko dute enpresa, erakargarri bihurtu ondoren, zailtasun gehiagorekin aurrera egingo duelako.

Bestetik, enpresa sortzaileek ere, arrakastaren ekintzailearen mantrari jarraitzen badiote, ez dute enpresa berean denbora asko emango. Benetako ekintzaile bat ezin da geldirik egon, ezin du atzera begiratu, ekimen eta enpresa berriak sortzen aritu behar du, atzean dauden hilotzei begiratu gabe. Hori horrela, ohiko enpresek dituzten lege eta betebeharretan sartzean, konpainia uztea edo beren parte hartzea murriztea erabakiko dute haiek askotan.

Enpresa haien proposamenek berrikuntza ekar dezakete, baina inoiz ez dira enpresa eredu bizigarriak izango. Bereziki, noski, horietan lan egiten duten langileentzat. Izan ere, XXI. mendean, lehen munduan egonik ere, irabazitako eskubideak aplikatzen ez zaizkien langile zapaldu berriak dira.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.