Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Bazterretako gidoigileak eta ETB

2019ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Juanmi Gutierrez zinemagilea hil zen herenegun. Pena handiz hartu nuen berria. Euskal zinemaren historian erreferentzia handiko pertsona zen. Euskarazko zinemaren gaineko tesia egiteko garaian, lagungarriak izan zitzaizkidan haren filmak zein testu paperak. Iritzi kritikoa zuen. Josu Martinez zinemagileak «teoriko larrukertiar» gisa deskribatu zuen atzo, sare sozialetan. Horren isla da, esate baterako, zinemaren euskal tenpoaz Gutierrezek idatzitako Sombras en la caverna artikulua (Ikusgaiak, 1997). Sortzaile nekaezina izan zen. 2004tik, ez zuen bi urte baino gehiago pasatu filmerik egin gabe. Gehienak, dokumentalak. «Fikzioa errentagarriagoa da dokumentala baino; horregatik du prestigioa eta hedapena. Mendebaldeko zibilizazio ultrakapitalista honen ondorioa da. Badu logika aferak, baina horrek ez du esan nahi moral bat duenik». esan zuen Gutierrezek 2012ko elkarrizketa batean, BERRIAn.

Bat nator Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak esandakoekin: «Haren ardatz nagusia ez zen zinema komertziala. Bera gustura zegoen bazterretan». Baliabide gutxirekin, hain agerian ez zeuden gaiei argia eman zien bere lanetan. Atzoko Ekografiak zutabean Lander Arretxeak nabarmendu zuen «negozio» gurpil zorotik kanpo aritu zen, alegia.

Zaila da egungo gazteentzat hortik kanpo aritzea. Besteak beste, haien lan aukerak eta baldintzak hobetzeko daude Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak. Gidoien idazketa laguntzeko deialdia, kasurako. Bi urtez jarraian, aurreratu egin dute deialdia. Eta horrek oztopatu egiten du gidoilarien prestakuntza lana. Bestalde, euskaraz eta gazteleraz idatzitako testuen desoreka bultzatzen du: lau proiektu lagunduko dira batean zein bestean. Hori nahiko kafkarra da. Egoera gutxituan dagoenari laguntza gehiago ematea baita logikoena. Bestela, desoreka da ondorio zuzena. Kultura departamentuaren logikan, beraz, euskararen premiak bigarren mailakoak dira.

Zer egin dezake ETBk gidoigintzaren garapenean? Bazterretakoak erdigunera ekarri. Asko dira merkatura sartu nahian dabiltzan gidoilariak, baina haientzako baliabideak urriak dira. Azken urteetan, agerian geratu da zinemagintzaren baldintzak hobetuta emaitzak berehalakoak izan direla. Egiaz, ETBren parte hartzea ezinbestekoa izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.